«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
Maider Ramirezen lehen itzulpen lana kalean da: Juana Doloresen ‘Bijuteria’ poema-liburua
Andoni Lopez
24-06 -17
Maider Ramirez Martin itzultzailea, bere lehen itzulpen lana eskuetan duela: ‘Girgileria’. Nahia Galvan
JUANA Dolores artista katalanak poesian debutatu zuen 2020an Bijuteria poema-bildumarekin. Izenburua liburuan aurkitzen dugunaren aurrerapen bat zen: oro har, ez da maitasunaz hitz egiten, klase-ikuspegitik hitz egiten da. Juana Doloresek 2020an esan zuen bijuteria lumpen-proletarioen klaseko bitxigintza zela. “Emakumea eta baita gizona ere, girgileria ideologiko, erotiko eta sentimentalarekin apainduta doaz. Poema-liburuan, horrelako zerbait aurki-tzen dugu: erotismoa, maitasuna, sentsualitatea… Betiere, emakume langilea izatearen ikuspegitik.
Juana Doloresek debuta egin zuenetik 4 urte igaro dira, eta, oraingoan, Maider Ramírez Martín izan da bijuteria terminoa euskarara ekartzearen arduraduna. Katakrak argitaletxearen eskutik, eta Ramírezek onartzen duen bezala, “Juana Doloresen laguntzarekin”, Girgileria poema-liburua aurkeztu du laudiotarrak. 21 urterekin eta itzulpengintza eta interpretazio gradua bukatzear, bere lehenengo lana izan da, “zorte handia” eta “oparitzat” definitzen duena.
Girgileriaren polisemia Amodioari buruzko poemak aurkituko ditugula esatea mugatua da Girgileria definitzeko. Maider Ramírez itzultzailearen ustez, amodioa eta politika “eskutik doazen bi gai dira liburu osoan zehar”. Ramírez eta Juana Doloresen arteko harremanetik eta egindako lanetik, itzultzaileak ondorioztatu du Juana Doloresek ez dituela bi gai horiek banatu nahi, “argia baita uneoro ideologia beti presente dagoena, poema guztiak zeharkatzen dituena”.
Amodioari askotariko aipamenak egitea ez ezik, sentsualitateari eta dotore joateari buruz ere aritzen da Juana Dolores. Maider Ramírezek dioen bezala, nahiz eta gaiak horiek izan, “ez du klase eta ideologia alde batera uzten”. Juana Doloresek askotan aipatu du ezin duela banatu bere produkzio artistikoa bere izate militante marxistatik.
“Ezin dut esan bi gai hauekin lan egitea erraza izan denik”, dio Ramírezek, “baina nik asko konektatu dut bere poesiarekin”. Lehenengo bistan, poemak inpaktu handikoak direla esan du, baina gaur egun oso gertukoak sentitzen dituela dio.
Poesia itzultzea Poesiari buruz ari garenean, kasu honetan poesia tradizionalaren ezaugarriak alde batera utzi behar ditugu: “Ez da poesia hain neurtua, errima neurtuekin… Baditu beste baliabide ba-tzuk”, dio Ramírezek. Adibidez, Juana Doloresen poesia ez da erriman oinarritzen, baizik eta hitz jolasetan. “Hori euskarara ekartzea ez da momentuko gauza bat. Itzulpenekin hasi eta horrelako baliabideak agertzen direnean, alde batera uzten dituzu”.
Ramírezek lortu du horrelakoak itzultzea egunerokotasunaren errutinan, norbaitekin hitz egiten, zerbait irakurtzen… Aurkitu du katalanez egindako hitz joko bati euskaraz konponbide bat emateko bidea. Berak dioen bezala, itzulpena “uneoro” egin izan duen zerbait izan da: izan ere, “eguneroko momentu guztietan aurkitzen dituzu egokiak izan ahal diren baliabideak itzulpenerako”.
Deklinabidearen zailtasuna Katalanez hiru hitzez osatutako esaldiak, euskaraz hitz bakar batekin osatu ahal dituzu. Kontrakoa ere gertatzen da, euskaraz esaldi bat luzatu behar izatea ulerkorra edo zentzuzkoa izateko.
Ramírezek “lirikotasuna galtzen zela” sentitu du batzuetan. Adibide bezala, Juana Doloresek liburuan txertatzen dituen poema laburrak aipatu ditu: “Ni estimo ni follo com una dona” esaldia, adibidez, ezin da literalki itzuli, “follo” hitza ezin da hitz bakarrarekin itzuli, eta kasu horietan Ramírezek bai dio sentitu duela Juana Doloresen “zuzentasun” hori galdu duela, edo artifizialagoa gelditu dela. Hala ere, uste du konpondu dutela, beste poemetan esamoldeen bidez lortu delako lan hori egitea.
Forma eta estetika Juana Doloresek aipatu zuen berak ez zuela idazten emakumea izateagatik, baizik eta idazlea izateagatik. Eta idazle bezala, edertasunera eskain-tzen zela. Estetika eta formaren garrantzi hori azpimarratu du Ramírezek. Prozesuan zehar, atal zailena Juana Doloresen estetika mantentzea izan da.
“Poemak irakurtzean, ikusten duzu karratu formakoak direla, lerrokatuta daudela”. Arazoak izan ditu forma horiek, edo Juana Doloresek egindako esaldi zatiketak manten-tzeko, azken finean, gure hitzak luzeagoak direlako, edo esaldiaren egitura aldatu behar izan duelako.
Juana Doloresek estetikarekin jolasten duela dio Ramírezek: “adibidez, marrak edo lerro etzanak agertzen dira”. Ramírezek komentatu zion Juana Doloresi zaila izango zela hori katalanezko bertsioan zegoen bezala mantentzea, baina poetak erantzun zion esanez bertso zatiketa bere erara egiteko. Hala ere, Ramírezek aipatzen du Juana Doloresen irizpideen barruan lan egin duela, noski, euskararen ezaugarriak errespetatuz”.
Katakrakek Girgileria liburua formatu elebidunean eskaini du, eta Ramírezen ustez, aukera ona izan da hori, batez ere, “aukera ematen duelako ikusteko zer den itzultzea, eta itzultzea ez dela jatorrizko testuko kopia bat egitea, baizik eta beste bertsio bat egitea, beste ukitu batzuekin, eta ezin dela guztiz berdina izan”.