Listado de artículos

«Herriaren hezkuntza eta demokrazia»ri iruzkina ZAZPIKAn

2024 URR. 06
Jon Jimenez
LITERATURA

Herriaren eta langile klasearen hezkuntzaz

Bigarren Modernitatearen prozesu iraultzaile industrialean, bertzeak bertze, ezbaian jarri zen irakaskuntzaren rola, berau birpentsatzera behartuz Mendebaldeko estatu guziak. XVIII. mendean, Ilustrazioa eta Frantziako Iraultzarekin bat, hasi zen gogoeta, baina artisau eta nekazal gizarteetatik gizarte industrialerako zeharbideak eman zion momentu gorena eztabaidari. Eraldaketa fase luze horren lekuko eta partaide zuzena izan zen sarritan Leninen itzalpean geratu den Nadezdha Krupskaia (1869-1939), Leninen beraren emaztea eta Sobietar Iraultzaren hezkuntza sistemaren arduradun nagusia.

Krupskaiak 1915ean idatzi zuen liburuxka hau eta 1917an egin zen lehen argitalpena; ordudanik milaka alde saldu dira. Tsarraren zentsura saihesteko zenbait trikimailu erabili behar izan zituen ekintzaileak; erraterako, “Herriaren hezkuntza eta langile klasea” izenburua jarri ordez, “Herriaren hezkuntza eta demokrazia” (Katakrak, 2024) ipini behar izan zion. Estreinakoz euskarara ekarri du Leire Azkargortak «mundu osoko hezkuntza esperientziekin jantzitako liburua», «intelektualki zorrotza izan nahi duena, kultua, eta, aldi berean, errealitateari zeharo lotua», ideia iradokitzailez, irakurketa gomendioz eta esaldi guziz azpimarragarriz osaturik dena.

Irakaskuntza, lana eta gizarte harremanen arteko loturak aztertuz, hezkuntzaren inguruko galdera funtsezkoak egiten eta erantzuten saiatzen da Krupskaia

Irakaskuntza, lana eta gizarte harremanen arteko loturak aztertuz, hezkuntzaren inguruko galdera funtsezkoak egiten eta erantzuten saiatzen da Krupskaia, hamarkada batzuk atzerago hasia zen eredu berria eta hezkuntza sistema tradizionalaren arteko aldea marraztuz. Hezkuntzaren historia bat da, genealogia oso bat eskaintzen diguna. Aldi berean, oso erraza da egun indarrean diren kezken eta ordukoen arteko baliokidetasunak antzematea. Egun irakasle den edo izan nahi duen orok irakurri beharko lukeen liburua da hau. Irakaskuntza metodologia aktiboak puri-purian ditugun honetan, atzera begiratzeko aukera ematen baitigu, hauen jatorriaren inguruan hausnartzeko parada eta, bide batez, irakaskuntza, lana eta tokian tokiko eta unean uneko ordena sozialaren baitakoak diren gizarte harremanen arteko loturak ikusteaz batera, hezkuntzaren funtzio teknikoa eta soziala berraztertzeko eta ezbaian jartzeko. Aitor Garagarzak eta Leire Azkargortak sarreran aipatu moduan, «hezkuntza sistema oso bat nola egituratu sozialismoa eraikitzeko baliagarria izan zedin eta, gerora, jendarte komunista erdiets zezan» erakutsi nahi zuen Krupskaiak. Pertsonen autonomia eta formakuntza integrala edo, Rousseauren hitzetan, «pertsona aske eta independente bihurtzeko» helburua duen hezkuntza abian jartzeko ezinbertzeko mugarria dugu lan hau.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema