«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
‘Indarkeriaz’ irakurri zuenean pentsatu zuen halako lan bat euskaraz izatea arras egokia izanen zela, aintzat hartuta gure herrian indarkeriak izan duen lekua. Euskal Herrian itzultzaileen lanak sekula baino ikusgarritasun gehiago duela uste du. “Edozein hizkuntzatako literaturak ez du irauterik izanen, hizkuntza horretan sortutako literaturari esker bakarrik
Indarkeriaren eta boterearen arteko harremana jorratu zuen Hannah Arendt filosofo eta pentsalariak, 1969. urtean ‘Indarkeriaz’ saiakera argitaratu zuenean. Lan hori euskarara ekarri du orain Itziar Diez de Ultzurrun Sagalàk (Iruñea, 1967), Katakrak argitaletxearen eskutik. Liburu “motza eta mamitsua” dela nabarmendu du itzultzaileak, “gogoeta egiteko egokia” eta, idatzi zenetik mende erdia igaro bada ere, gaurkotasunik galdu ez duena.
Aurretik ezagutzen zenuen ‘Indarkeriaz’ liburua?
Liburua ez nuen irakurria, baina Hannah Arendt bai, ezagutzen nuen. Irakurriak nituen haren beste lan batzuk, ‘Totalitarismoaren jatorria’, adibidez, eta baita ‘Eichmann Jerusalemen’ liburu ezaguneko hainbat pasarte ere. Antropologia ikasketetan, autore ezaguna da, baina, unibertsitate garaian, maizago ematen zizkiguten irakurtzeko beste autore batzuek Arendten lanen gainean idatzitako artikuluak, Arendten jatorrizkoak baino. Katakrak argitaletxeko Hedoi Etxarte izan zen liburuaren berri eman eta itzulpena egiteko eskatu zidana. Nik esan nion baiezkoa eman aurretik liburua irakurri nahi nuela.
Eta, behin irakurrita, zerk erakarri zintuen?
Oso gustagarria iruditu zitzaidan hasieratik. Oso liburu mamitsua da, baina, era berean, gai horretan interesa duen edonorrendako egokia: bidea ematen du indarkeriaz, botereaz eta beste auzi batzuez gogoeta egiteko, esparru akademikoan eta hortik kanpo ere bai. Gainera, pentsatu nuen gisa horretako lan bat euskaraz izatea arras egokia izanen zela, aintzat hartuta indarkeriak gure herrian izan duen lekua.
1969an idatzi zuen Arendtek liburua eta orain arte ez zegoen euskaraz irakurtzerik. Hutsune handia bete du zure itzulpenak? Tamalez, lan inportante asko ditugu euskarara ekarri gabe, hortaz, ez zait harrigarria iruditzen, 50 urte luzez, ‘Indarkeriaz’ ere zerrenda horretan egon izana. Harrigarriago egiten zait, adibidez, euskaratua ez egotea Arendtek liburu honetan behin eta berriz aipatzen duen beste lan bat: Frantz Fanonen ‘Les damnés de la terre’ (Lurreko kondenatuak). Uste dut saiakera horrek eragina izan zezakeela garai batean indarkeriara jotzea erabaki zuten zenbait gazterengan.
Testuinguru historikoak eragina du Arendten lanean ere… Bai, garai hartako zenbait gertakarik osatzen dute esparru bat, marko bat, indarkeriaz gogoeta egiteko: ikasleen matxinadak, Black Power mugimendua, Argeliako gerra, Vietnamgoa… Testuinguru historiko-politikoa azaltzen du Arendtek, munduan gertatzen ari dena ulertu nahian. Indarkeriaz baliatzea erabaki duten mugimendu ezkertiarrak aztertzen ditu, eta horretarako, jotzen du talde horiek zituzten erreferenteetara, irakurtzen zituzten liburuetara: Fanon, Georges Sorel edo Karl Marx bera. Arendtek jakin nahi du ea mugimendu horiek erabiltzen dituzten helduleku ideologiko-teorikoak egokiak diren, eta kontraesanak aztertzen ditu.
Zein da Arendten ikuspuntua indarkeriaz?
Gogoeta interesgarria egiten du, indarkeriazko jarrerei kritika egiten dienean ere, ez delako azalean gelditzen: ez du esaten, adibidez, “indarkeria oro arbuiagarria da, orain eta betiko”. Zergatik? Halako jarrera batek bidea ixten diolako hausnarketari. Liburu honek planteatzen dituen ideietako batzuk dira indarkeriak beti behar duela justifikazio bat, bitarteko bat dela eta, boterea ez bezala, ez dela helburu bat bere horretan… Noiz, nola, zer testuingurutan izan daiteke indarkeria bide bat, gu zapaltzen gaituen botereari aurre egiteko? Galdera hori egitera garamatza. Izan ere, indarkeria justifikaezina bada kasu guzti-guztietan, testuingurua edozein delarik ere, horrek esan nahi du behartuta gaudela gure aurkako edozein izugarrikeria onartzera?
Eztabaida hori plantea liteke gaur egun ere. Liburuak ez du, beraz, gaurkotasunik galdu, ezta?
Noski. Arendten helburua zen gauzak ulertzea, jakitea gertatzen zena zergatik gertatzen zen, eta ez soilik epai moral huts bat egitea. Indarkeriak pisu handia izan du historiaren joan-etorrietan, aurrera-atzeranzko bideetan, baina ezin da ukatu tresna oso erabilia izan dela; hortaz, nola ez dugu hausnartuko horren inguruan?
Zein den indarkeriaren tokia pentsamenduaren historian, politikan… Arendtek esparru hori eskaintzen digu gogoetarako, eta nik uste dut jarrera interesgarria dela. ‘Eichmann Jerusalemen’ lanean, adibidez, ausardia bera erakutsi zuen: naziak munstroen gisara aurkeztea erraza da, lasaiago sentiarazten gaituelako, baina etsaiari gizatasun oro kentzea arriskutsua da, batetik, harekin zernahi egiteko legitimatuta ikusten dugulako geure burua; eta bestetik, hura garaituta ere, bake ustel bat ezartzen duelako. Ez duzu inoiz ulertuko zerk eraman zuen horrela jokatzera. Deserosoagoa da esatea Eichmann, beste asko bezala, herritar arrunt bat izan zela, eta une batean, bere kabuz pentsatzeari utzi ziola. Legeak bete zituen, itsu-itsuan, ezer auzitan jarri gabe eta arrazoitzeko gaitasunari uko eginda. Auzi hori ere gaur egungoa da erabat. ‘Indarkeriaz’ liburuan ere hainbat gai jorratzen ditu Arendtek, gaurkotasun handikoak: indarkeriaren naturalizazioa, boterea, erantzukizuna, burokraziaren arriskuak… Oro har, gogoetaren bidean oztopoak jartzen dituzten klixeak deseraikitzera jotzen du.
Itzulpen lanari dagokionez, erronka handia izan al da? Itzulpen oro aukeraketa bat da, izenburutik beretik hasita. Zergatik ‘Indarkeriaz’, eta ez ‘Bortxakeriaz’ edo ‘Biolentziaz’, adibidez?
Horren atzean erabaki bat dago, edozein liburu beste hizkuntza batera eramatean, hamaika bertsio sor daitezkeelako. Kontzeptu batzuk finkatuta daude eskura ditugun banku terminologiko publikoetan, eta halakoetan ez dago zalantzarik, baina beste kasu batzuetan, luze pentsatu behar da. “Indarkeria” kontzeptuaren kasuan, hori da gaur egun darabilgun termino zabalduena, eta garrantzitsua iruditu zitzaidan izenburua ahalik eta gardenena izatea: irakurlearengan inolako kirrinkarik ez sortzea. Izenburuaz gain, erronka handiena izan zen aipu, oin-ohar, eranskin eta halakoei heltzea, horrek zailtzen dizulako etenik gabe itzultzea.
Zergatik?
Erreferentziak bilatu behar nituelako, zalantzak sortzen ziren… Adibidez, liburuan aipatzen denez Jean Paul Sartrek Fanonen ‘Les damnés de la terre’ liburuari eginiko hitzaurrea, frantsesezko jatorrizkora jo nuen, gero ingelesezko itzulpena begiratu, ea egokia den… Dudak ditudanean, ezagun ditudan beste hizkuntzetako bertsioak kontsultatzen ditut: frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz… eta orduantxe konturatzen naiz nire zalantza eta traba berak izan zituztela beste itzultzaile horiek ere, eta denek ez zutela formula bera erabili. Bakoitzak bere erara egokitu zuen testua. Gaur egun, interneti esker, testuinguru historikoari buruzko informazio ugari sarean dago eskuragai, eta erreferentziazko testu horietakoren bat euskarara ekarria baldin badago, Armiarma.eus-en kontsulta dezakegu.
2019an izendatu zintuzten EIZIEko lehendakari. Garai konplikatua egokitu zaizu, izurri baten erdian… Arendten liburuan hitz egiten da ustekabeei buruz, eta esaten da ezin dela etorkizuna iragarri, beti gertatuko direlako espero ez diren gertakariak. Bada, EIZIEko lehendakari izendatu eta biharamunean, orpoa hautsi nuen. Zortzi astez etxean ixita egon behar izan nuen, eta horrela egin nituen EIZIEko lehen bilerak ere: telematikoki. Hortaz, pandemiak jo zuenerako, banuen eskarmentu txiki hori, kar, kar, kar! Edonola ere, elkarteko zuzendaritzan ongi moldatu gara telebileretara eta horrek asko erraztu du funtzionamendua. Prestakuntzaren arloan ere eragin du pandemiak: aurrez aurrekoak bertan behera gelditu dira, eta beraz, ikastaro guztiak online egin ditugu. Horrek aukera eman digu saio laburrak egiten hasteko, eta arrakasta handia izan dute. Hala ere, gure esparru profesionalean, interpreteek izan dute arazo handia: hasieran, lan bolumena izugarri apaldu zen, batzarrak, kongresuak eta halakoak bertan behera gelditu zirelako; eta, horrez gain, gehienek egokitu behar izan dute urruneko interpretaziora, eta horrek ere badu bere koska. Bat-batean eta oso azkar heldu dira aldaketa horiek. Oro har, elkartean igartzen da nekea, bertatik bertarako harremanak oso garrantzitsuak direlako guretzat, egoera honek asko zailtzen dituelako aurrez aurreko harremanak, kontaktu informalak, sareak…
Itzultzaileen lana ikusezina dela esan ohi da. Pandemiak ikusezinago bihurtu zaituzte? Bada, esanen nuke inoiz baino ikusgarriago garela Euskal Herrian, eta elkarrizketa hau da horren froga. Urteekin, ikusgarritasuna irabazi dugu pixkanaka. Aitortza ere bai. Euskarazko literatur sisteman nabari da, oro har. Finean, edozein hizkuntzatako literaturak ez du irauterik izanen, hizkuntza horretan sortutako literaturari esker bakarrik. Are: euskararena bezalako egoera diglosiko batean, ezinbestekoa zaigu itzulpenen bidez sartzen zaigun ondarea, euskaraz sortzen denaren osagarri izateaz gain, elkar elikatzen dutelako: itzultzaileok jatorrizko testu onak behar ditugu, ongi prestatzeko eta ikasteko; halaber, euskal idazleentzat ere mesedegarria da William Faulknerren edo Marguerite Yourcenarren itzulpen on bat euskaraz izatea, horrela aberastuko dutelako euren prosa eta baliabide gehiago eskura izanen dituztelako. Lankideak gara. Osagarriak.desagertu. Are, bigarrenari ireki zion bidea. Iruditzen zait gaur egungo indarkeriek geruzak gehitu dizkiotela aurrekoei. Batzuk ulertu gabe ezin deszifratu besteak.