«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
KATAKRAK ARGITALETXEAREN ESKUTIK
TESTUA MIREN MINDEGIA | ARGAZKIA IÑAKI PORTO
2019ko urriak 26
Pello Agirre, ostegunean, Karrikirin egindako aurkezpenean.
Susan Buck-Morssek ez zuen Izuaren osteko gogoeta. Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean liburua idazteko inolako asmorik, baina 2001ko irailaren 11ko atentatuek piztu zuten egoeraz jabetuta -AEB-k hasi zuen izuaren politika-, bere hausnarketak plazaratzeko beharra ikusi zuen. Orain, Katakrak argitaletxearen eskutik eta Pello Agirreren itzulpenari esker, AEBtako filosofo eta historialariaren lan interesgarrienetako bat euskaraz irakurtzeko parada badago. Argitaletxetik azaldu moduan, borondate argia daukan lana da: “Bestetzat duguna berdintasunean den solaskidea izan dadila. Guk, mendebaldeak, gure ardurei iskin egin gabe”.
Ortzegunean, Agirrek eta Garazi Arrula idazle eta itzultzaileak Buck-Morssen lanas mintzatzeko parada izan zuten Iruñeko Karrikiri dendan ospatutako aurkezpenean. Arrulak liburuaren hitzaurrean argi azaldu moduan, “gertakari historiko bati erantzun nahian ekin zion liburu honi autoreak (...) filosofoak iragana darabil ezkerrari buruz gaur pentsatzeko”. Izan ere, zerbait baldin badu liburuak, gertakari historioetatik ondorioztatzen diren teoriak alor praktiko eta globalera eramateko gaitasuna da. Agirrek azaldu moduan, liburua osatzen duten saikera desberdinetan “esfera publiko globala” sortzen ari dela dio egileak, “eta esfera publiko honetan konpromiso eta erantzukizun globalak hartu behar ditugula. Intelektualek, eztabaida publiko global horren berri eman beharra dute”.
Agirrek argitu moduan, “imanentzia kontzeptua” nagusitu behar da, egileak aditzera ematen duenez, mundua “gaizkia eta ongiaren artean” banatzen duen politika horren aurrean. Kontzeptu horrek “gaurko mundu globalizatuan ez dagoela kanpoko alderik”, erran nahi du, “denak elkarrekin gaudela”. “Gu-besteak dogmatismoa kritikatzen du. Denok elkarrekin gaudela dio, eta proiektu politiko berri bat birpentsatu behar dugula, ezker global bat eratu. Ezker global hori ezin da baztertzailea izan, eta hizkuntza berri bat sortu behar da horretarako”. Agirrek onartu moduan, erronka handia izan da filosofo estatubatuarraren lana euskarara ekartzea, “erronka polita” izan bada ere.
“Historikoki”, argitzen du Arrulak liburuaren hitzaurrean, “Mendebaldeak Bestea unitate bezala eraiki du, eraikitzen den gisan bestetasuna diferentzia bezala, batasuntzat, kasurik onenean komunitatera murrizten”. Buck-Morssek, hala, islamismoa modernitatearen diskurtso kritikotzat aurkezten du. “Kapitalismoa edo marxismoa bezala, islamismoa diskurtso politiko bihurtzen da, bere teorizazio guztia (antolaketa soziala, zientzia, jurisprudentzia, antropologia) horren zutarrien gainean eraiki delako.
Katakrakek argitaratu liburua sei atal desberdinetan banatzen da: bost saiakera eta egileari egindako elkarrizketa bat. Islamismoa eta teoria kritikoarekin batera, arte adierazpenen eta sistemaren inguruko hausnarketa da egileak proposatzen duen bigarren zutabe nagusia. Izan ere, Agirrek azaldu moduan, “gaur egungo artistek, artearen goi esferan daudenek, eragin politikorik ez dutela dio”. Buck-Morssek Arte Mundua edo Art World deitzen duen sistemak, “artista ospetsuenak barne hartu eta euren botere politikoa desaktibatzen du. “Museoetan, egun, turista kopuruak eta modak agintzen dutela dio, eta horren kritika egiten du. Sistema hori haustea proposatzen du berak, bazterretatik aritzea, arteak indar kritikoa izateko berriz ere”.