Un solete
Lunes 02 de Septiembre
Prozesu beraren eredu berriak
2020ko apirilak 14
Ane Eslava
Aurretik egin bezala, XVI. eta XVII. mendeetan Europan izandako bi fenomenoren arteko lotura aztertu du Silvia Federici pentsalari feministak (Parma, Italia, 1942) bere lan berrian: kapitalismoaren sorrera eta sorgin ehizak. Oraingoan, baina, gaur egunera ere egin du jauzi, eta mahai gainean jarri ditu mundu osoko hainbat herrialdetan hazten ari den emakumeen kontrako indarkeria eta garai hartan Europako milaka andrek pairatutako jazarpena lotzen dituzten faktoreak. Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria zazpi saiakerak osatutako liburua da; 2018an idatzi zuen, eta Katakrakek euskarara ekarri du, Amaia Astobizaren itzulpenarekin.
Federicik liburuan aurkeztu dituen teoriek berresten dituzte Caliban eta sorgina (2004) saiakeran proposatutakoak. Baina, oraingoan, hartzaile zabalago batengana iristeko helburua hartu du; horretarako, irakurketa errazteko ahalegina egin du, betiere hausnarketen sakontasuna mantenduz. «Testua ez da aurrekoetan bezain trinkoa; ez dago hainbeste informazio, ezta hainbeste erreferentzia ere», azaldu du itzultzaileak. Amaia Astobizak beste lan batzuk itzuli dizkio aurretik Federiciri —Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak (Katakrak, 2017) eta Mundua berriz liluratuz (Katakrak, 2019)—, eta oraingoa aurrekoak baino «irakurterrazagoa» iruditu zaio. Hori testuan islatzeko, terminorik arruntenak eta euskara estandarrean ohikoena den lexikoa erabiltzeko ahalegina egin duela aipatu du. «Hala ere, Federiciren diskurtsoa beti da oso jarraitua; abiadura handiko jarioa du, eta esaldi konplexu eta luzeetarako joera, ingelesez hain ohikoa den erlatiboa erabilita». Horregatik, zenbait esaldiren egitura aldatu behar izan du, baina saiatu da testua gehiegi ez sinplifikatzen eta «irakurgarritasunaren eta konplexutasunaren arteko oreka» bilatzen.
Liburua bi ataletan banatuta dago. Lehenengoan, Federicik kapitalismoaren sorreraren eta sorgin ehizen arteko lotura azaldu du. Duela hamasei urte idatziriko lanean bezala, proposatu du sorgin ehizen fenomenoa funtsezko elementua izan zela metatze primitiboaren prozesuan. Feudalismotik kapitalismora igarotzeko garaian, hainbat herrialdetan erregimen komunitarioak suntsitu zituzten, landa eremua berregituratuz. Lurrak hesitzeak eta pribatizatzeak andreen botere sozialaren oinarriak suntsitu zituen, eta andreak pobretu zituen.
Pribatizazio prozesuarekin batera, kode sozial eta etiko berri bat inposatu zuten. Izan ere, bere helburua erdiesteko, kapitalismoak oztopo zituen «subjektu eta praktika femeninoen unibertso oso bat» suntsitu behar zuen, Federicik azaldu duen moduan: «Kapitalismoak, errotu nahi bazuen, nahitaezkoa zuen gizabanako berri bat eta gizarte diziplina berri bat eraikitzea, lanaren gaitasun produktiboa sustatuko zuena». Kode berri horren arabera, Estatua eta Eliza ez zen botere iturri oro deabrukeriaren susmagarri zen. Hala, emakumeak sorgin izendatu zituzten, eta sorgintzat jazarri eta torturatu.
Aldi berean, kontrol soziala zorrozteko, andreen gorputzen «itxitura» bat ere inposatu zutela dio filosofoak: «Emakumeen aurkako erasoaren arrazoi nagusia da kapitalak ezinbestean suntsitu behar duela kontrolatu ezin duena, eta, era berean, beheratu egin behar duela erreprodukziorako gehien behar duena. Eta hori, hain justu, emakumeen gorputza da». Hala, zilegi egin zuten emakumeak gizonen mende jartzea.
Ideia horiek guztiek lotura zuzena dute Caliban eta sorgina-n proposatutakoekin, baina horiei teoria berri bat erantsi die Federicik. Zalantzan jarri du prozesu hartan emakumeek biktimaren rola bakarrik izan ote zuten, eta proposatu du gizartearen aldaketa gidatzen ari ziren gizonek beldurra ziotela emakumeak matxinatzeko aukerari eta haien seduzitzeko gaitasunari, eta beldur hori ere izan zela haien aurkako jazarpenerako arrazoi.
Baina emakumeen aurkako indarkeria ez zen desagertu sorgin ehizen amaierarekin. Aitzitik, Federiciren ustez, «normalizatu» egin zen: «Sorgin ehizek ordena patriarkal espezifikoki kapitalista bat eraiki zuten, eta ordena horrek gaur egun arte iraun du, nahiz eta etengabe egokitu behar izan duen». Horregatik, liburuaren bigarren atalean testuinguruan kokatu ditu egungo indarkeria moldeak, eta orduko sorgin ehizekin lotzen dituzten faktoreak identifikatu ditu. Mexikoko Ciudad Juarezen desagertutako emakumeak, Guatemalako andre haurdunen aurkako erasoak, Gambiako sorgin-garbiketa prozesuak, Ghanako sorgin esparruak... Liburuan Afrikako kasuetan jarri du fokua bereziki, ekonomiaren liberalizazio bidean dauden herrialdeetan izaten baitira eraso gehien.
Azkenik, Federicik egungo gizartearentzako gogoetarako gai bat ere ekarri du saiakeran: sorginaren irudiaren komertzializazioa. Kritikatu du historiaren kontakizun ofiziala betikotzen laguntzen dela sorginaren irudi estereotipatua —andre zaharra, itsusia, sudur luzekoa, erratz gainean...— bultzatzen duten oroigarriak salduta, baita emakume horien memoria berreskuratzeko helburua duten tokietan ere.
Preseski, Astobizak kontatu du Federici bera 2017ko irailean Zugarramurdin (Nafarroa) izan zela, eta hango dendetan saltzen zituzten oroigarriak ikusteak amorrarazi egin zuela. Horri buruz, Federicik egindako gogoeta bat ekarri du gogora itzultzaileak: «Inori ez litzaioke bururatuko Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hildako pertsonen irudiak saltzea hango interpretazio zentroan».
Sorgin ehizak amaituko badira, ezinbestekoa da horiek mahai gainean jartzea: historia berridaztea, baita gaur egungoa ere, eta emakume horien memoria bizirik mantentzea. Horretan dihardu Federicik, eta horretarako beste urrats bat da euskarara ekarri duten haren liburu berria. «Memoria horrek bizirik dirauen artean soilik lortuko dugu hura gure aurka ez erabiltzea».