Listado de artículos

«Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria» DIARIO DE NOTICIASen

Sorgin-ehiza kapitalismoaren zerbitzura
SILVIA FEDERICIREN 'KAPITALISMOA ETA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA' LANA PLAZARATU BERRI DU KATAKRAK ARGITALETXEAK

MIREN MINDEGIA / JAVIER BERGASA 28.03.2020

IRUÑEA – Oker dago sorgin-ehiza iraganean hiltzatutako gertakaria dela pentsatzen duena; oker ere, Europa zein mundu mailan emakumeen garbiketa zitalena eragin duen jazarpenak kapitalismoarekin eta interes ekonomikoekin ikustekorik ez duela uste duena. Katakrakek euskaraz plazaratu duen Silvia Federiciren Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria saiakera-bildumak mahai-gaineratzen duen hipotesiak andana argudio eta errealitatek sostengatzen dutela erakutsi du pentsalari feministak, beste behin.

Caliban eta sorgina lan mardulean sustraituta, azken honek zazpi saiakera labur biltzen ditu, aurrekoa baino hizkera arin eta zuzenagoan, zehaztasunik galdu gabe publiko zabalagoarengana ailegatzeko helburuarekin. Amaia Astobiza lanaren itzultzaileak argitu bezala, lan honetan "testua ez da aurrekoetan bezain trinkoa, ez dago hainbeste informazio, ezta hainbeste erreferentzia ere; bestalde, ez dira agertzen horrenbeste kontzeptu, eta, beraz, soilagoa da lexikoaren eta terminologiaren ikuspegitik". "Alde horretatik", gehitu du, "nik ere termino arruntenak eta euskara estandarrean ohikoena den lexikoa erabiltzeko ahalegina egin dut". Argitaletxetik zehaztu bezala, honek ez dio egilearen ideiei konplexutasunik kentzen, izan ere, "Federicik are gehiago jantzi du bere ekarria, ohikoa duen aberastasunarekin jantzi ere".

DIRUA, JAZARPENAREN OINARRIAN

Europa odoleztatu zuen XVI. Eta XVII. mendeetako sorgin-ehizaren azterketa du abiapuntu Federiciren lan honen lehenengo zatiak. Egileak berak liburuaren sarreran argitzen duen bezala, "sorgin-ehizen eta garai hartan lurrak hesitzeko eta pribatizatzeko erabili ziren prozesuetan" jarri du arreta, baita jazarpen mota honen eta emakume-gorputzaren gero eta itxitura handiagoaren arteko harremanean ere, "zeina gertatu bai-tzen estatuak emakumeen sexualitatearen eta ugaltze-gaitasunaren gainean zuen kontrola areagotuz".

Sorgin-ehizaren inguruko ikerketa lanek aditzera eman duten bezala, emakumeak izan ziren jazarpen basati haren biktima nagusiak, "izan ere, haiek ziren bizitza ekonomikoaren kapitalizazioak gehien pobretu zituenak; bestalde, ezinbestekoa zen emakumeen sexualitatea eta ugaltze-gaitasuna arautzea". "Hala izan zen kapitalismoaren sorreran", gehitu du Astobizak, "eta hala izaten jarraitzen du gaur egun, koronabirusak eragindako osasun-larrialdi hau argi erakusten ari den gisan. Beraz, sistema iraunarazteko, kapitalak ezinbestekoa du erreprodukziorako gehien behar duena beheratzea –hau da, emakumeak– eta arrastoan sartu ezin dituen haiek suntsitzea, garai bateko sorgin-ehizek erakutsi zuten bezala, eta gaur egungoak ere agerian jartzen ari diren moduan".

Hain zuzen "azken urteetan munduko toki askotan piztu den emakumeen aurkako indarkeriaren arrazoiak ulertzeko beharrak bultzatuta", gaur egungo sorgin-ehizak aztertu ditu Federicik liburuaren bigarren atalean: "Indarkeria horren mapaketa bat egiten du, eta indarkeria horrek metatze kapitalistaren molde berriekin duen lotura aztertzen", aldi berean, oraindik existitzen diren sorgin-ehizak mahai gainean jartzen dituelarik. "Batez ere Afrikako herrialde batzuetako adibideak erakusten ditu", argitu du Astobizak, "nagusiki Ghanakoak, baina munduan zehar hedatuta dagoen praktika bat da".

Gaur egungo jazarpenari sorgin-ehiza deitzearena ez da Federiciren hautua izan. "Gaur egun ere, munduko toki askotan, emakumeak sorgintzat salatzen dituzte, eta halakotzat epaitzen eta exekutatzen". "Sorgin-ehizak erabiltzen dituzte ez emakume horiek paretik kentzeko bakarrik", zehatu du, "baita ere gainerako emakume guztiei erakusteko zer espero dezaketen baldin eta haiek ere bide beretik jotzen badute". Hau da, XVI. eta XVII. mendeetako sorgin-ehizen helburu berekin.

LIBURUA

Izenburua
Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria.

Egilea
Silvia Federeci

Itzultzailea
Amaia Astobiza

Argitaletxea
Katakrak Liburuak



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema