Listado de artículos

«Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti» DIARIO DE NAVARRAn

Rosa Luxemburg, iraultzale sentibera

Naturarenganako maitasun eta edertasun estetikoz beteta daude Luxemburgek Sophie Liebknech lagunari kartzeletik idatzi zizkion gutunak. Katakrak-ek argitaratu ditu euskaraz.

ION STEGMEIER Iruñea

ROSA Luxemburgek (1871-1919), munduko ezkerraren mito garrantzitsuenetako batek, kartzelan eman zituen hiru urte eta lau hilabetetan politikari buruz erruz idatzi zuen, baina bere lagun Sophie Liebknechti gutunak idazten zizkionean sentiberatasunari egiten zion tokia, musikaz, zuhaitzetaz, animalietaz, txorietaz, literaturaz edota oroitzapen ederretaz aritzen baitzen.

Liebknechti idatzitako gutun sorta hori izan zen Luxemburg hil ondoren argitaratu zen bere lehen korrespondentzia bilduma, baina Iruñeko Katakrak etxea animatu izan den arte euskaraz ez zegoen irakurtzeko aukerarik. Nikaragua Sandinistan zegoela egin zuen topo frantses edizioarekin Amaia Lasak, orain dela ia berrogei urte. “Irakurtzen niharduen heinean maitemintzen joan nintzen jakituriaz, samurtasunez, sentikortasunez eta lirikotasunez betetako eskutitz haietaz”, azaltzen du Lasak liburuaren hitzaurrean. Pixkanaka euskaratu ondoren hainbat argitaletxeei eskeini zien itzulpena, alferrik, 2016ko abendura arte. Iruñeko Katakrak-ek liburuak argitaratzen hasi behar zela entzun zuenean, harremanetan jarri zen Katakrak-eko kide den Hedoi Etxartekin. Honek segituan ikusi zuen argi, Rosa Luxemburgen hilketaren mendeurrena etortzear zegoen.

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti liburua pasa den urrian kaleratu zuten eta geroztik hamasei erreferentzia publikatu dira berari buruz hedabideetan, Katakrak-eko beste edozein libururi baino gehiago.

Gizakitik haraindi

Esan bezala, ideia gorenei buruz ziharduen iraultzaileak, gauza txikiei erreparatzen die hemen. “Gaur egun XX. mendeko herrialde sozialistei buruz jasotzen dugun irudi hortatik aldendu
daitekeen zerbait da zertarako egiten diren eraldaketa politikoak”, azaltzen du Hedoi Etxartek. Gutunetan, Luxemburg kartzelako leihotik kanpoan ikusten duen naturari buruz aritzen da, bere lagunekin egindako paseoei buruz, Korsika oroitzapenei edota kartzela ingurura hurbiltzen diren txoriak ditu hizpide. “Hor ikusten da mundu proiektu bat eta sentiberatasun bat gizakitik haraindi dihoana, naturakiko, animaliekiko, etabar”, dio Etxartek.

1915eko otsailean atxilotu zuten lehenengoz Rosa Luxemburg Frantziako eta Alemaniako proletarioei Lehen Mundu Gerran ez parte hartzeko eskatzeagatik. 1916an, Karl Liebknecht-ekin batera —Sophieren senarra— mugimendu espartakista sortu zuen (erromatar esklaboen matxinadaren omenez izendatua), gerora Alemaniako Alderki Komunista bihurtu zena. Ostera sartu zuten kartzelan —hemen idatzi zituen gutunok— eta 1918ko iraultzaren ondoren askatu zuten, baina 1919an sozialdemokraten aginduetara zeuden paramilitarrek hil egin zuten Berlinen beste espartakistekin batera.

Etxarteren ustez, Rosa Luxemburgen mitoa zerikusia dauka momentu baten hartzen duen erabakiarekin. “Jakinaren gainean bere bizitza arriskuan dagoela, erabakitzen du gelditzea Alemanian”, azaltzen du. “Beste iraultzaile klasiko askok egiten dutenaren kontra erabakitzen dute bertan gelditzea eta horrek geroko hamarkadetan oso toki zalantzazkoan utzi zuen beraien tradizio politikoa, ze aurrekariak ziren Marx eta Lenin beraien bizitza arriskuan egon zenean alde egin zuten”, azaltzen du Etxartek. Korronte berriak zabaldu zuen horrek, Che Guevarak, adibidez, Luxemburgen antzeko patroi bat segitu zuen.

Horrek bi gauza esplikatzen ditu Etxarteren aburuz. “Seguru aski, Rosa Luxemburg izan ez balute, Alemaniako iraultza ia ia ez genuke ezagutuko eta, beste alde batetik, bere mitoa zerikusia du bere amaierarekin, ze egon ziren iraultzaile asko gero naziek hil zituztela kontzentrazio esparruetan, baina ez zuten iraultzan bertan hil, baizik eta geroko persekuzio politiko batengatik”. Luxemburg filosofoa, ekonomilaria eta politikan aditua zen eta Sophie Liebknecht artearen historiari buruz asko zekien pertsona zen. “Beraien garaian politikan zegoen jendeak ulertzen zuen bere pasioen artean baita ere sartzen zirela naturari buruzko ezagutza eta arteari buruzko ezagutza, azken finean beraiek mundu berri bat nahi zuten eta mundu berri horretan kontua ez zen bakarrik afera soziala konpontzea, edertasunak ere toki bat izan behar zuen”, dio Etxartek.

Gaur, mende bat geroago, urtarrileko bigarren igandean 15.000 lagun Berlingo kaleetara irtetzen dira erahildako 33 espartakista haiek gogoratzera.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema