Listado de artículos

«Kultura, aurkakotasuna eta boterea» BERRIAn

Literatura

Stuart Hallen «gudu zelaian» murgildu da Ibai Atutxa 'Kultura, aurkakotasuna eta boterea' liburuan

Lehen aldia da Stuart Hallen testuak euskaratzen direna. Katakrak argitaletxeak argitaratu du lana, eta, Hedoi Etxarte editorearen arabera, itzultzaileak testu «zehatzak eta kokatuak» hautatu ditu, «gai baten inguruan erantzunak bilatzeko».
Ibai Atutxa, 'Kultura, aurkakotasuna eta boterea' liburua eskuetan duela, aurkezpenaren egunean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Beñat Mujika Telleria

Donostia
2025eko martxoaren 27a

«Hallek ez dizkigu dauzkagun arazoak konponduko. Hori bai, lagunduko digu begiratzen, galderak egiten, kultura ulertzen eta gure borrokak artikulatzen. Gehiago atzeratu ezin dugun funtsezko irakurketa bat da». Hala laburbildu du Ibai Atutxa hizkuntzalari eta pentsalariak Stuart Hallen obra (Kingston, 1932-Londres, 2014). Orain, irakurketa hori euskaraz ere egin daiteke. Izan ere, lehen aldiz itzuli dituzte Hallen testuetako batzuk euskarara. Atutxak berak egin du lan hori. Hala, pentsalariaren sei testu aukeratu, itzuli, eta liburu bat osatu du Katakrak argitaletxearentzat: Stuart Hall. Kultura, aurkakotasuna eta boterea.

Kultur teorialari, soziologo eta militante marxista izan zen Hall, eta haren erradiografia bat egiteko baliatu du liburuaren aurkezpena Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreak. «1960ko hamarkadaren amaieran, XIX. mendeko pentsalari iraultzaileak irakurtzen eta azaltzen ahalegindu zen. Inolako bitartekaritzarik gabe eta testuinguru zeharo desberdinetan».

Hallek ez zuen liburu bat bera ere idatzi, baina hamaika testu ondu zituen bere ibilbidean. 1973 eta 1987 bitartean idatzitakoak dira Atutxak libururako hautatu dituen seiak, eta, azaldu duenez, egilearentzat «hautu politiko bat» izan zen testu solteak idaztea. «Eztabaidatzeko idazten zituen testuak. Lokatzetan sartzen zen testu laburren bidez, irakurriak izan zitezen».

«Testuak eztabaidatzeko idazten zituen Hallek. Lokatzetan sartzen zen testu laburren bidez, irakurriak izan zitezen»
IBAI ATUTXALiburuaren itzultzailea

Hainbeste testu idatzi zituen pentsalari baten sei idazlan hautatzea ez da lan erraza izan Atutxarentzat. Horregatik, bilduma egiteko orduan «Hallen pentsamenduaren oinarriak» azaltzen dituzten piezak aukeratu ditu: «Gaur egungo auziei eta arazoei buruzko galderak egiten lagundu diezaguketen testuak dira». Etxarteren arabera, testu «zehatzak eta kokatuak» dira Atutxak hautatutakoak, «gai edo gertakizun baten inguruan erantzunak bilatzekoak».
Hiru atal, bina testu

Testuen hautaketak eta ordenak «logika bati» erantzuten diotela nabarmendu du Atutxak; hain zuzen, hiru zatitan egituratu du liburua, eta zati bakoitzak, halaber, bi atal ditu.

Lehen zatian, Hasierak. Kultura eta neoliberalismoa izenburupean, bi gai horiei heltzen die Hallek. Batetik, azaltzen du «zer beharri erantzuteko» sortu ziren kultur ikasketak. Atutxa: «Hallen arabera, kultura ez zen modu eraginkor eta askatzaile batean pentsatzen, eta uste zuen bazegoela horretarako beharra». Eta bestetik, egileak azaltzen du nola sortu zen neoliberalismoaren «bertsio britainiarra».

«Hallen arabera, kultura ez zen modu eraginkor eta askatzaile batean pentsatzen, eta uste zuen bazegoela horretarako beharra»
IBAI ATUTXALiburuaren itzultzailea

Bigarren atalean, Kulturaz. Klasea, arraza eta indar indar popularrak izenburuaren pean, beste bi testu bildu ditu itzultzaileak. Eta biak «kultur ikasketen adibide» dira, adierazi duenez. Lehenengoan, «inperialismo britainiarraren erradiografia oso bat» egiten du Hallek: «Ulertarazten du kale lapur deritzen gazte beltzek zapalkuntza oso zehatzak bizi izan dituztela». Bigarrenean, aldiz, kultura popularra «politikoki pentsatzeko eremu bat» dela nabarmentzen du Hallek. Atutxak azaldu duenez, honakoa esaten zuen Hallek: «Kultura popularra gudu zelai bat da. Eta bertan, boterearen klasearen aurka borrokatu behar dugu».

Hirugarren atalak Zimenduak. Kultura eta materialismoa du izena, eta, hartan, Hallek bere pentsamendu kritikoa eraikitzeko idatzi zituen bi testu irakur daitezke. Lehenengoan, pentsalariak dio telebistako diskurtsoak «azpiegitura tekniko bat» daukala atzetik, eta diskurtso jakin bat eraikitzea duela helburu. «Hallek irizten dio telebistako diskurtsoaren aurkakotasun deskodetze bat egin behar dela, hortik artikulatu daitezkeelako klase popularrak», azaldu du itzultzaileak. Bigarrenean, berriz, Karl Marxen «metafora espazial bat» hartzen du —Oinarria eta superestruktura, hain zuzen ere—, eta horren «irakurketa mekanikoak» kritikatzen ditu.

Laugarren zati gisa, McKenzie Warkek idatzitako hitzaldi batek ixten du liburua. Etxartek bereziki nabarmendu du Hallek Warkengan izan duen «eragina», eta, horren harira, adierazi du liburuak «bi pentsalariak ulertzeko» balio dezakeela.
Hitzen garrantzia

Terminologia izan da Atutxaren buruhausteetako bat Hallen testuak itzultzeko orduan. Finean, Hallek Marxen testuak hartzen eta garatzen ditu bere lanetan. Hargatik, Marxek sortutako kontzeptu asko erabiltzen ditu, eta, hain zuzen, itzultzailea buruan zerabilen galdera bati erantzun nahian aritu zen: «Nola hitz egiten du Marxek euskaraz?».

Izan ere, Hallen lanak ez bezala, hainbatetan itzuli dira Marxenak euskarara, baina Atutxak ez zuen «jarraitutasunik» topatu terminologian. Orduan, Atutxak pentsatu zuen arazo hori beste norbaitek izango zuela lehenago ere, eta konponduko zuela, eta Amaia Astobizaren itzulpenetan oinarritu zen, azkenerako. Silvia Federiciren hiru liburu ekarri ditu euskarara Astobizak: Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak (Katakrak, 2017), Mundua berriz liluratuz. Feminismoa eta komunen politika (Katakrak, 2019) eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria. Iraganeko eta gaur egungo sorgin-ehizak (Katakrak, 2020). Atutxa: «Kontuan hartuta Silvia Federicik zer harreman duen Marxekin, Amaia Astobizak Federiciren itzulpenetan erabilitako terminologia erabili dut, badagoelako lexikoaren sistematizazio bat».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema