Lagarder Danciu BERRIAn

«Nire izaera kritikoak ez du tokirik sistema honetan»

Errumanian jaio arren mundukoa dela dio Danciuk, eta «homosexual, ijito, ateo, anarkista eta okupa» gisa definitzen du bere burua. Aktibismoarengatik da ezaguna.
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA 2017-11-17 / Ane Eslava

Bazterketatik eta esplotaziotik ihesi joan zen Espainiara Lagarder Danciu (Satina, Errumania, 1981). Sistemarekin talka egin ostean, kalean bizitzea erabaki zuen, eta politikarien ekitaldiak izorratzen hasi zen. Kaleko bizipenak bildu ditu Sin Techo (Etxegabe) liburuan. Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu zuen, herenegun.

Nola izan zen homosexual eta ijito izatea Errumanian?

Haurtzaro gogorra izan nuen; umezurztegi batean hazi nintzen, gurasoek abandonatu nindutelako. Goi mailako klaseko eskola batean ikasteko aukera eman zidaten, eta zaborretan bilaka ibili ondoren joaten nintzen eskolara. Homosexualitatea oztopo handia izan zen; ez nintzen ni. Azkenean, itxurak egiteari utzi nion, eta askatasunaren bila ihes egin nuen. Portugalen lurreratu nintzen.

Handik ere egin zenuen ihes; zer gertatu zitzaizun?

Etorkinen esplotazio talde batean amaitu nuen, soroan. Ni 23 urteko gaztea nintzen, eta esplotatzen gintuzten burgesen aurkako iraultza txiki bat egin nahi nuen. Hala ere, gainontzeko etorkinak ez ziren nire borrokara batu; beldurrak geldiarazi zituen. Poliziaren aurrean protesta egin nuen, eta Poliziak banda aurkitu eta desegin zuen. Une hori oroitzen dut: askatasuna arnastu nuen. Gero Espainiara joan nintzen.

Zer aurkitu zenuen Espainian?

Hasieran, lan esplotazioko beste zirkulu batzuetan sartu nintzen. Baina Aracenan irakasle bat ezagutu nuen, eta hark lagundu zidan. Lan hobeak lortu nituen, eta nire gizarte langile titulua homologatu nuen. Gainera, nire nortasun kulturalari eta sexualari lotutako zama gainetik kentzea lortu nuen.

Zergatik amaitu zenuen kalean?

Hezkuntzan lan egiten hasi nintzen, baina ikastetxeetan zegoen bereizketa salatzeagatik kaleratu ninduten. Polizia etxeetan eta epaitegietan itzultzaile lanak egin nituen, baina handik ere kaleratu ninduten, bidegabekeriak salatzen nituelako. Ikusi nuen nire izaera kritikoak ez duela tokirik sistema honetan. Eta nik dakidana kaleko jendeari irakastea erabaki nuen.

Nola antolatu zineten Sevillako etxegabeak?

Dignidad izeneko kanpalekua egin genuen, bide publikoan, 127 egunez. Poliziaren kolpeak jaso genituen, eta gihar sozialik gabeko politikarien babes txikia. Esperientzia horrek erakutsi zidan etxegabeen arazoaren irtenbide bakarra autogestioa dela; kolektiboa bera dela konponbidea bilatu behar duena.

Zer ikasi duzu kalean?

Kalean jendea hiltzen ari da, kaleak pertsonak degradatzen dituelako. Baina etxerik gabeko lagunek adimen emozional handia daukate, eta elkartasun izugarria. Gizarte indibidualista eta materialista honek asko du ikasteko haiengandik.

Zergatik egiten duzu aktibismoa?

Kaleko egoera salatzen dugu, baina inork ez gaitu ikusten. Horri aurre egiteko, bi alderditan lan egiten dut: kalea eta eliteak. Funtzionatzen du.

Libro: