Listado de artículos

Laura Benadiba BERRIAn

«Memoria lortzeko erarik garbiena da ahozko historia»

Hogei urte daramatza ahozko historiarekin lanean, baina metodologia horrek dituen abantailak baieztatzen ari da oraindik ere. Gaiari buruz ehun ikastarotik gora eman ditu.
Argazkia: IÑIGO URIZ 2017-02-03 Iñaki Berastegi

Lan egiten zuen eskolan entzun zuen lehendabiziko aldiz ahozko historiari buruz Laura Benadiba historialariak (Buenos Aires, Argentina, 1966). Orain, gizarte mugimenduen ahozko historiaren artxiboak sortzeko gidaliburu bat sortu du: Nuestras voces en movimiento (Gure ahotsak mugimenduan). Atzo aurkeztu zuen liburua Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Zer da ahozko historia, eta zertarako erabiltzen da?

Ikerketa historikorako baliagarriak diren iturriak sortzeko balio duen metodologia da. Ez da diziplina bat, historiak duen baliabide bat baizik. Metodologia hau ezin daiteke erabili beste iturri batzuk landu gabe, eta iragan laburra ikertzeko teknika baino gehiago da niretzat.

Metodologia hau elkarrizketetan oinarritzen da. Nola egituratzen dira elkarrizketak?

Mota askotako elkarrizketak dauden arren, niri amaiera irekia duen bi zutabeko elkarrizketak ematen dizkit emaitza onenak. Zutabe batean galdera orokorrak idazten ditut, eta, bestean, elkarrizketatuak aipatu beharko lituzkeen gaiekin zerikusia duten galdera zehatzak. Bestalde, euskarriari dagokionez, egokiena bideoak grabatzea da. Izan ere, elkarrizketatuak esaten duena ez ezik, egiten dituen keinuak, isiluneak eta abar ere biltzea ahalbidetzen du. Informazio osoagoa ematen du.

Hortaz, esan daiteke elkarrizketak informazioa osoena lortzeko baliabide onenak direla?

Bai. Elkarrizketa dokumentua da, eta gainontzeko guztia dokumentuaren erabilera da. Ahozko elkarrizketa bat grabatu eta paperera pasatuko bagenu, grabazioa dokumentua izango litzateke, eta paperean idatzi duguna, dokumentuaren erabilera. Horren harira, uste dut ahozko historia memoria berreskuratzeko erarik garbiena dela.

Elkarrizketatzailearen egitekoa ere erabakigarria da ahozko historiaren metodologia ongi erabiltzeko orduan?

Bai. Galderak kontu handiz egin behar dira, elkarrizketatuaren lekukotza alda dezaketelako. Batzuetan, jendeak galdetzen zaiena erantzuten du bakarrik. Era berean, elkarrizketatzaileak lekukotza bilatzea baino, are garrantzitsuagoa da elkarrizketatuak bilatzea bere historia kontatzeko bidea, informazio osoena hala lortuko dugu eta. Elkarrizketatuaren testuingurua ere ez da ahaztu behar, gai beraren inguruan erantzun ezberdinak emango dituztelako, lekuaren eta garaiaren arabera.

Gizarte mugimenduetan ahozko historiaren artxiboak sortzeko gida gisa planteatu duzu liburua. Nolakoak izan behar dute artxibo horiek?

Batik bat, irekiak. Edonork izan beharko luke mota honetako artxibo bat kontsultatzeko aukera. Hori ez ezik, informazio osoa ematen duten artxiboak ere sortu behar dira. Ezin daiteke gai bati buruz informazio grabaketa kopuru bat izan, eta bakarrik komeni zaizkigunak ezagutarazi.

Esan izan duzu ahozko historiaren artxiboak sortzeko komenigarria dela beti erakundeek ez parte hartzea. Zergatik?

Nire herrialdean memoria historikoaren alde erabaki onak hartu ziren arren, gobernuaren helburuekin bat zetozen ekintzak egin ziren soilik. Guk nahi duguna ikertu behar dugu, eta hori kanpotik egin behar da, erakundeen laguntzarik gabe. Zure lanak agintean daudenei mesede egiten ez badie, zaila izango da haien laguntza jasotzea.

Ahozko historia jende gaztearekin landu duzu bereziki.

Bigarren Hezkuntzan lan egin behar da metodologia honekin, eurengan eragiteko garaian gaudelako. Memoriaren alde lan egiteko konpromisoa sortzen zaie askori.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema