«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
BURU OSASUNA
HUG ROGER FIGUERA ETA ELISENDA TUNEU I TARRÉS
Osasun sistema mentalari aurre egiteko autogestioan oinarritutako alternatibak proposatzen ditu Judi Chamberlin aktibistak Por nuestra cuenta: Alternativas autogestionadas frente al sistema de salud mental (“Geure kabuz: osasun mentalaren sistemari autogestioan oinarritutako alternatibak”) liburuak. Gaztelerara itzuli dute Elisenda Tuneu i Tarrések eta Hug Roger Figuera Bibrek, psikiatriatik bizirik atera diren bi aktibistek. Profesionalik gabeko zaintza sareak sortu behar direla aldarrikatzen dute. Iruñeko Katakraken izan dira liburua aurkezten.
Olaia L. Garaialde
2023ko ekainaren 25a
Josu Santesteban.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Osasun mentaleko pazientea, erabiltzailea, giltzapetu psikiatrikoa eta bizirik dirauena gisako hitzak aipatzen ditu Judi Chamberlin egileak. Eztabaida dago izendapenaren inguruan?
Hug Roger Figuera: Mugimenduko kideek paziente ohiak zirela esaten zuten, baina paziente hitza aipatzean diskurtso biomedikoa legitimatzen ari zirenez, giltzapetu psikiatrikoa erabiltzen hasi ziren, borrokalariagoak izateko. Azkenenik, bizirik dirautenak izatera pasa ziren. Hala ere, gaur egun dagoen errepresentaziorik handiena erabiltzaileena da, profesionalak erosoago daudelako hori erabiltzen.
Elisenda Tuneu: Gaur egun, harrotasun eroaren bueltan mugitzen den jendeak eroa-ren esanahia politizatu eta berenganatu du. Orduan, badago jendea ero gisa identifikatzen dena, eta beste batzuk oraindik sentitzen dutenak etiketa hori oso gogorra dela. Denetarik dago.
Zein hitzekin sentitzen zarete eroso?
E. Tuneu: Oraindik ez naiz eroa identifikatzen, nahiz eta prozesu oso gogorra bizi izan dudan; nahiago dut bizirik dirauena naizela esan. Eroa esatea oso gogorra da, konnotazio negatiboa duelako.
H. R. Figuera: Nire buruaz beste egiten saiatu nintzenetako batean, argi ikusi nuen ia hil egin ninduela psikiatrizazio prozesuak. Beraz, bizirik atera dena naiz.
Uste duzue profesionalen helburua sendatzea dela?
E. Tuneu: Bai, dudarik gabe. Baina eredu biomedikoak sufrimendu fisikoa eta psikikoa maila berean jartzen ditu. Hau da, uste da edozein arazo izanda ere aditu batekin konponduko dela. Guk aldarrikatzen dugu beti ez daudela adituak, eta eredu biomedikoak zaintza kolektiboa deslegitimatzen duela.
Hug Roger Figuera irudietan. Elisenda Tuneuk ez du argazkietan atera nahi izan. (Josu Santesteban)
Sendatu nahi izateak lotura dauka kapitalismoarekin?
H. R. Figuera: Sistemaren helburua da ahalik eta produktiboen diren subjektuak sortzea, kapitalarentzat funtzionalak izatea, eta ezin badugu, bilatzen dutena da produktu psikiatrikoak kontsumitzea. Nik hiru urte txar pasa nituen lanean, oso egoera txarrean nengoen, baina arazoa larriagotu zen lanera joateari utzi nionean. Produzitzeari uztean, zirkuitu psikiatrikoan sartu nintzen.
Zer nolako aurreiritziak daude psikiatrikoan egondako jendearen inguruan?
E. Tuneu: Chamberlinek oso lanketa teoriko ona egiten du horren bueltan. Bera izan zen lehena aipatu zuena sufrimendu psikikoa dugun pertsonoi leporatzen zaigula ez garela gai geure bizitza kudeatzeko, beste norbaiten menpe egon behar dugula, besteen oniritzia behar dugula eta erasokorrak garela. Komunikabideek asko zabaldu dituzte horrelako aurreiritziak.
Eromena politizatzeaz gain, duindu ere egin nahi duzue?
E. Tuneu: Liburuak sufrimendua politizatzen du eta antipsikiatriari erreferentzia egiten dio. Psikiatra talde batek erabaki zuen diskurtso hegemonikotik aldentzea; hala ere, hainbat pribilegio dituzten profesionalak direnez, bigarren planoan uzten gaituztela diogu. Eromenaren mugimendutik aldarrikatzen duguna da prozesu psikiatrikoetatik bizirik atera garenok ezagutza propioa sortu dugula. Chamberlinek horixe aldarrikatzen du: esperientziagatik garela profesionalak, eta ez ikasketez.
Liburuaren hitzaurrean aipatzen duzue, esaterako, Chamberlinek feminismoan garrantzia izan beharko lukeela.
E. Tuneu: Eromenaren inguruko ezagutza aldarrikatzeaz gain, bere irudia ezagutzera eman nahi genuen. Oraindik ere bazterkeria sentitzen dugu espazio feministetan, eta, horregatik, uste dugu autokritika egin eta lan egiteko modua mantsotu behar dela, gu ere mugimenduaren parte izateko. Gaurko egunean ez gaituzte entzuten.
Eredu biomedikoren aurrean autogestioa aldarrikatzen duzue. Nolako alternatiba irudikatzen duzue?
H. R. Figuera: Gauza txikiak sortu behar ditugu. Gure babes lekua etxea da, eta ez zentro handiak.
E. Tuneu: Profesionalik gabeko ereduak behar ditugu, haiek erraz hartzen dutelako boterea.
Zer gertatzen da profesionalek alternatibetan parte hartzen dutenean?
H. R. Figuera: Chamberlinek bi eredu azaltzen ditu: batean, taldean profesionalak eta ez profesionalak daude, baina denborarekin taldea sortu zutenek alde egiten dute profesionalek hartzen dutelako boterea; bigarrenean, profesionalak ez direnek aukeratzen dituzte nortzuk izanen diren profesionalak, eta urtean behin ebaluatzen dituzte boterea hartu ez dezaten.
Barne-ahotsa
Psikiatrikotik bizirik atera diren aktibistak dira Elisenda Tuneu i Tarrés eta Hug Roger Figuera Bibre. Judi Chamberlin aktibista psikiatrizatuaren On Our Own: Patient Controlled Alternatives to the Mental Health System liburua gaztelerara itzuli dute Katrakaken laguntzaz. Figuera: “Liburuaren pdf-a lortu, eta itzultzen hasi nintzen Elisendari oparia egiteko. Bi kapitulu itzuli baino lehen, idatzitakoa erakutsi nion bertan aipatzen dena oraindik gaur egun ere sentitzen dugulako”, azaldu du Figuerak. Azkenekoz psikiatrikoan sartu ostean Chamberlinen irudia ezagutu zuen Tuneuk: “Sufrimendu psikikoa politizatzearen beharra identifikatzen hasi nintzenean topatu nituen haren lehen aipamenak, baina testu oso gutxi”.