«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Lunes 16 de Diciembre
Mohammed el-Kurd idazle palestinarraren lanak Ekialde Hurbileko eta munduko literatur sari eta aipamenak jaso ditu
Itziar Altuna
Donostia
2024ko ekainaren 13an
Mohammed el-Kurd idazle palestinarraren 'Rifqa' poema bildumak israeldar kolonialismoaren basakeria agerian uzten du. Orain, Katakrak argitaletxearen eskutik, euskarara itzuli du liburua Eider Beobide Urkizarrek, «erronka handia» izan dena itzultzaile donostiarraren esanetan.
Palestina okupatuan jaiotako poeta, idazle, kazetari eta militantea da Mohammed el-Kurd (1998, Sheikh Jarrah), egun Estatu Batuetan bizi dena. Eta Rifqa bere amona zen, «pertsona oso berezia eta garrantzitsua beretzat, Israel bera baino zaharragoa» eta «palestinar erresilientziaren ikono bat», azaldu du Beobidek. El-Kurden poemek Rifqaren erbestealdiak azaltzen ditu, Haifatik berriki desjabetutako Sheikh Jarrahra, Jerusalemen, Nakbaren izu zikliko eta gupidagabea agerian utziz. Poemak «gogorrak» direla aitortu du itzultzaileak, baina «beharrezkoak» bertan gertatzen dena ezagutzeko, «hasieratik bukaerara hildakoak oso presente daude eta horrek esan nahi du genozidioa aspalditik gertatzen ari den zerbait dela, egungo egoera larria bada ere, suetenik ez dela egon urteetan».
Haymarket Books-ek argitaratu zuen 2021ean Rifqa poema bilduma eta Ekialde Hurbileko eta munduko literatur sari eta aipamenak jaso ditu. Ingelesez idatzia, Beobideren aburuz «prosa asko» dago liburuan, baina baita poesia, horregatik «prosaikoa» bezala definitu du. «Poesia izan arren, oso zuzenean kontatzen ditu gauzak, gauza asko azaleratzen ditu eta gordinkeriaz hitz egiten du, tamalez egoera hain bisuala eta gogorra denez, ez da beharrezkoa metaforak sortzea, hauek bakarrik sortzen dira».
Edizioari dagokionez, bi hizkuntzetan argitaratu da liburua. Jatorrizko poemak ingelesez, eta alboan euskarazko itzulpena. «Erraz» irakurtzen diren poemak direla uste du Beobidek, «ulerkorrak«, izan ere figurak erabiltzen baditu ere, «ez dira bereziki bere ezaugarri nagusia, estiloa ez da kargatua, baina bai aberatsa». Gauzak esan eta ez esatearekin jolasten duela uste du itzultzaile donostiarrak, «hutsuneak erabiltzen ditu palestinarrek jasaten duten sufrimentua azaltzeko», eta tarte hauek «hainbat buruahuste» sortu dizkiola itzulpenerako aitortu du.
Mohammed el-Kurd #SaveSheikhJarrah mugimenduko sortzaileetako bat da. The Nation AEBko ezkerreko astekariak Palestinan izan duen lehenengo tokiko kazetaria da. Bere lehenengo saiakera 2022an argitaratu zuen: 'A Night with Palestine's Defenders of the Mountain'. Hedoi Etxarte editoreak azpimarratu duenez, aurreko belaunaldietako idazleek bere garaian egin zuten bezala, 'Rifqa' liburua «egungo garaira oso sinkronizatuta dago», izan ere «el-Kurd egungo egoeran parte hartzen duen poeta da». Mundu arabiarrean pertsona «oso ezaguna» da, oso aktiboa sare sozialetan eta «erreferente bat» gazte askorentzat.