Listado de artículos

«Rifqa»ri iruzkina BERRIAn

Kritika. LIteratura

Behin-behinean bizitza

Mohammed el-Kurden 'Rifqa'.
Irati Majuelo
2024ko irailaren 29a

Poesiak ez du etxegabetzerik gerarazten, ez du bonbarik deuseztatzen, ez du hildakorik itzultzen. Zalantzarik ez dauka horretan Mohammed el-Kurd poeta, kazetari eta militante palestinarrak. Poesiaren ahala izan daiteke, baina, komunikatzea, errepikapenaren errepikapenaz bada ere errealitate bati argi egitea, «lorategian bonba bat landatzea», haren hitzetan. Asmo horrek gidatzen du Rifqa, argitaratu duen lehen poesia liburua, helarazi beharrak palestinarrengan kolonizazioak, genozidioak eta gerrak uzten duten arrastoa, bere herriaren min atergabea. Finean, liburuak erakusten du zer den bizitzarekin ezin jarraitu eta hala ere jarraitzea: «Hirurogeita hamapiko urte beranduago / ez gara egun bat ere bizi izan».

Hizkera xehe eta egunerokoa darabil el-Kurdek, metafora eta irudi ugarikoa. Oinaze zaharregi batek, ordea, higatutako hizkuntza zamatzen du bizkarrean. Hala, idaztean karga horren pisuak lotzen duela adierazten du: «Aspertuta nago metaforez / Umeek harriak botatzen zituzten / sirenak sehaska-kantak ziren / su artifizialak; bonbak». Alabaina, metafora errepikakorrak gaitzestean, el-Kurd neke kolektibo batez ari da, iragana behin eta berriz bizi beharraz, kolonizazioa zera abstraktua ez dela erakutsi beharraz. Hots, esan nahi du idazten dituenak ez direla lirika hutsa, gorpuzten diren tragediak baizik. Horregatik, akaso, bihurritzen du sintaxia, apurtzen kadentzia, eteten diskurtsoa. Deserosotasuna bilatzen du, oinaze zaharregia hitz berriez idatzi nahian.

Hori dela eta, elipsietan bilatu behar da maiz. Behin-behinean geratu diren bizitzak azaleratzen ditu poetak, jazarpenak zeharkatuak, eta beraz, errepikapenek zein isildutakoek indar berezia hartzen dute. Hainbat poematan baliatzen du isla-efektua zein aldiberekotasuna, iragana orainean nola berpizten den salatzeko. Baliabide horien bidez azaltzen du, esaterako, Nakbaren jarraikortasun mingarria, Rifqa poeman era adierazgarrian ikus daitekeenez.

Minaren gainetik, hala ere, idazlearen helduleku direnek hartzen dute leku: erresistentziak, herriak, familiak, etxeak, barreak. Batez ere, barrearen eta zorionaren premiak. Horietan sustraituta egiten dio galdera irakurleari: kolonizazioak badakartza hautsitako bizitzak, zatikatutako gorputzak, lausotutako adimenak, lurrik gabeko herriak, ezabatutako hizkuntzak... nork defenda dezake halakorik?

'RIFQA'
Idazlea: Mohammed el-Kurd.
Itzultzailea: Eider Beobide.
Argitaletxea: Katakrak.



Libro recomendado:

Rifqa

Rifqa

19,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema