Listado de artículos

«Ur-marka» ARGIAn

Venezia baino zerbait gehiago, Joseph Brodskyren bitartez

Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm
2022ko martxoaren 17a

“Zalantza egiten dut Venezia bera den liburu honen gai nagusia”, dio Arregik Ur marka-ri idatzi dion hitzatzean. “Venezia aitzakiatzat harturik, Brodsky, denborari buruz eta urari buruz (sinonimoak berarentzat, azken buruan) hausnarketan aritzean, saiatzen da azaltzen nola denbora eta ura gauzatu diren Venezia deituriko leku batean, edo nola Venezian denbora bera ikusgai bilakatu den, begiratu ahal dugun fenomenoa”.

Brodskyren aurretik beste idazle asko ere liluratu zituen Venetoko hiriburuak. Besteak beste Johann Wolfgang von Goethe, Rainer Maria Rilke, George Sand edo Thomas Mann aipatu ditu Arregik, Italiako hirira 1990ean egin zuen lehen bisita gogora ekarri duen testuan. “Veneziar adjektiboak, poesiarekin lotzen zenean, bazuen, badu, gainera, imanak burdina bezala erakartzen ninduen esanahi zalantzazko eta anbiguoa, gutxiesgarria baina dotorea, gainbehera adierazten duena eta aldi berean duintasuna, sakontasuna azalkeriaren atzean ezkutatzen duena, etika estetikaren atzean: dekadentziaren ametsa, eta, Brodskyk idazten duen bezala, gaztetan apur bat dekadentea izan ez denak ez du bururik”.

Sobietar Batasunetik alde egin ostean ezagututako hiria

Jarrera “dekadente” hori, ordea, Brodskyri bizitzea egokitu zitzaion garaian eta herrialdean, arazo serioetan sartzeko bidea izan zitekeen. 1964an “parasitismo soziala” leporatu zioten Sobietar Batasunean, argudiatuz poeta gisa egiten zuen lana ez zela gizartearentzat ekarpen nahikoa. Eta arrazoi horregatik, bost urtez behartutako lanak egitera zigortu zuten, emaztearengandik eta lagunengandik urrun, Artikotik gertu. 18 hilabeteren buruan zigorra kommutatu zioten arren, ez zuen bakerik izan.

Bere ibilbideko momentu delikatu batean ezagutu zuen Venezia Brodskyk, 1972an: urtetako jazarpena jasan ondoren, Sobietar Batasuna utzi zuen eta 1977ra arte herritartasunik gabe geratu zen, AEBetako pasaportea lortu zuen arte. Lehen egonaldiaren ondoren ere Veneziara maiz itzuli zen, urtero-urtero, neguan, bi hamarkadaz. Bisita horien fruitua izan zen Ur marka, jatorriz ingelesez idatzia baina, Arregik gogora ekarri duen moduan, lehenbiziko aldiz italieraz argitaratua Fondamenta degli incurabili (Sendaezinen kaia) izenburupean, 1989an. Ordurako Brodskyk Nobel saria eskuratua zuen eta ospe handiko poeta bihurtua zen.

Venezia baino zerbait gehiago ezagutu

Angel Errok liburuaren hitzatzean azaldu duenez, “oker dabil Veneziaz gehiago jakiteko asmoz liburu honetara hurbildu dena”. Burlatako idazlearen esanetan, Ur marka-n ez zaio irakurleari eskaintzen giltzarik hiriaren muinera sartzeko eta hura ezagutzeko; eta ez da Brodskyren Veneziako toki kuttunak zein ziren ezagutzeko liburua ere. Ez dago “txoko sekretuen errebelaziorik”, ez dago oroigarri enblematikoen gaineko “interpretazio ikusgarririk”; ezta “bizipenen kronikarik ere”.

“Bidai gidatik zerbait badu, barnera begirako bat litzateke, zeinarekin, guk Venezia gabe, Veneziak gure buruaren txoko ez turistikoegiak ezagutzen lagunduko bailiguke. Baina nik uste dut gehiago asmatuko genukeela Brodskyren poesiaren irakur gidatzat hartuko bagenu”, Erroren arabera. Lurretik gogoeta metafisikoetara eramaten du irakurlea Brodskyk, “ez bakarrik Venezia, inguratzen gaituen guztia modu berri batean ulertzera, funtsezko zerbait ezagutarazi zaigula pentsatzera”.



Libro recomendado:

Ur-marka

Ur-marka

15,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema