«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
Liluratuta zeukan hiriari poeta handiak eskaini zion 'Ur-marka' saiakera euskaratu du Ricardo Arregi Diaz de Herediak, eta Katakrakek eman du argitara
N. AZURMENDI
Igandea, 20 martxoa 2022
Joseph Brodskyren (San Petersburgo, 1940-New York, 1996) 'Ur-marka. Veneziari buruzko saiakera' «ez da definitzen erraza, baina gozatzeko erraza da», Katakrak argitaletxeko editore Hedoi Etxarteren hitzetan.
Koldo Izagirrek 2004an itzuli zuen poema bat izan ezik, euskarara heldu gabe zegoen Brodsky, «XX. mendeko poeta handienetakoa», 1986an Nobel saria eman ziotena. Prosazko lan batekin iritsi da, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren eskutik. «Agian bidea ireki da Brodskyren poesia itzultzeko», iradoki zuen Arregik.
Brodsky zeharo liluratuta zeukan Veneziak. Liburua osatzen duten atal laburretako batean beraxek esaten duenez, «lanbidez poeta eta ofizioz unibertsitate-irakaslea» zen, eta irakaslearen neguko opor luzeak baliatzen zituen urtero Veneziarako «erromesaldirako». Hiria maite zuelako eta, agian, jaioterria (Leningrado, bere garaian) gogora ekartzen ziolako ere bai, hura ere kanalek zeharkatzen duten hiria baita.
Bere burua poeta errusiartzat, saiogile ingelestzat eta herritar estatubatuartzat zuen idazle judua, hain zuzen, gazterik urrundu zen jaioterritik, probetxuzko ezer egiteko gauza ez zen 'parasitoa' zelakoan bota egin baitzuten Sobietar Batasunetik 1972an, urte eta erdi Artikoan egon ondoren. Hala ere, «ez zuen inoiz biktimarena egin». AEBek hartu zuten.
Itzultzailearen eta Angel Erroren gibel-solasek zein argitaletxearen oharrak Brodskyren bizitzan eta obran ederki kokatzen duten liburuak bitxia du sorrera. Veneziako urmaela babesteko sortutako Consorzio Venezia Nuova kontsortzio publiko-pribatuak hiriari buruzko liburu bat enkargatu zion ordurako ospe handia zuen bisitari famatuari. Idatzi zuen, eta 1989an argitaratu zen, italierara itzulia, 'Fondamenta degli Incurabili' izenburuarekin. Ingelesez 1992an plazaratu zen, 'Watermark' bilakatuta. Horri eutsi zaio euskaraz; gaztelaniaz ere bai.
Bitxi samarra izan da halaber Brodskyren saiakerak euskarara iristeko egin duen bidea, 2020an, pandemiaren atari-atarian, Errok eta Arregik elkarrekin Veneziara egin zuten bidaia baten ondorioz sortu baitzen proiektua.
Liburua bera da berezia, sailkagaitza. Angel Errok adierazi zuenez, «ez da gida turistiko bat, baina balitz bezala irakur daiteke» nahiz eta, bere ustez 'Ur-markak' izan «metafora bat muturreraino eramana», non termino nagusiak diren ura eta denbora.
Arregiren hitzetan, gaien aldetik askotarikoak diren testuetan «Brodsky saiatzen da azaltzen nola doazen denbora eta ura». Izan ere, Venezian, «begiradaren paradisuan», ariketa zain hori egingarria da, «denbora ikusgai bilakatzen» delako. Eta Brodskyk jakin zuelako begiratzen –begirada da itzultzailaren ustez liburuko gai nagusia– Venezia presaka korritzen eta narrasten duten turista askok eta askok ez bezala.