«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
Danele Sarriugarte: "Itzulpenaren arloan lan handia egin da eta orain horren fruituak biltzen ari gara"
MIREN MINDEGIA / JAVIER COLMENERO 26.03.2022 | 00:51
Nafarroako Liburuzainen Elkarteak Katakrak argitaletxeak plazaratu eta Danele Sarriugartek euskaratu duen 'Walden' liburua nabarmendu du.
IRUÑEA – Katakrak argitaletxeak eskatu zionean erronka moduan hartu zuen Danele Sarriugartek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989) Henry David Thoreauren Walden klasikoa itzultzeko lana, Nafarroako liburuzainen elkartearen aburuz aisa gainditutako erronka.
Nafarroako liburuzainen elkarteko saria eman dizute "Walden" lanaren itzulpenagatik. Lehenik eta behin, zorionak beraz. Onarpen polita, ezta?
–Oso sari polita da, bai. Gainera, Katakrak argitaletxea Iruñean dago eta, alde horretatik, Nafarroan horrelako onarpen bat jasotzea oso polita da. Liburuarekin oso pozik gelditu ginen. Eta horrelako aitor-tzek liburua gehiago zabaltzen laguntzen dute, beraz, sariarekin ere oso pozik gaude.
Erronka handia izan da klasiko bat itzultzea?
–Eskaini zidatenean oso azkar esan nuen baietz eta gero, lanean hasi nintzenean, sustoa ere hartu nuen... Baina horrelako lanak itzultzea, aldi berean, plazer bat da. Niretzako erronka bat ere izan da: hizkun-tza aldetik, ni itzultzera ohituta nagoen ingelesa baino ingeles zaharragoa delako Thoreauk erabiltzen duena. Eduki aldetik ere, oso poetikoa da, oso ederra, baina aldi berean presioa sentitzen duzu halako zerbait itzultzerakoan. Hala ere, ez naiz bakarrik egon. Alboan eduki dut Antonio Casado de Rocha, hitzaurrearen egilea eta Thoreaun aditua dena. Koro Navarrori ere eskatu nion testua zuzen-tzeko eta horrek lasaitu handia eman zidan, banekielako liburua ongi zaindua egongo zela. Katakrakekoek, bestalde, asko lagundu didate. Itzulpen lan kolektibo hori oso lagungarria izan da.
Nola egiten zaio aurre XIX. mendeko lan bat itzultzeari?
–Garaia ezagutzea ondo dago, dokumentazio lan bat egitea. Baina, aldi berean, testuaren aurrean jarri eta esaldiz esaldi joan behar duzu. Garaia eta doinua kontutan izan ditugu klasikoari fidelak izate aldera, hizkuntza aldetik dotorezia mantentzen eta erreferentziak ahalik eta zehatzen ematen. Aldi berean, testuaren irisgarritasunaren eta jatorrizko testuarekiko fideltasunaren artean oreka bilatzen saiatu naiz, euskaraz ongi irakurtzen den liburu bat izan dadin. Hartu nuen beste erabakietako bat oin-oharrak sar-tzearena izan zen, azalpen eta erreferentzia zehatz batzuk emateko.
Itzulpen lan bat egiteak, dudarik gabe, irakurketa sakon bat eskatzen du, egilea bera sakonki ezagutzea eskatzen du. Alde horretatik, zer deskubritu duzu lan honetan?
–Bai, nahitaez asko sakontzera eramaten zaitu itzulpen lanak. Lan honen inguruan, ez nuen uste bizi-tzarako filosofia baten kontakizuna izango zenik, beste oroitzapen bat nuen burutan. Esperientzia baten kontakizuna zela nuen burutan, naturaren inguruko hausnarketa bat. Hori badago, baina badaude hausnarketa filosofiko asko eta badago ere proposamen moduko bat: norberak bere bizitza eraiki dezakeela, ez dagoela zertan eredu zaharrei jarraitu. Aldi berean, industria-iraultzaren garaian kokatzen dela kontutan izanda, badago kapitalismoaren hastapenen kontrako irakurketa kritiko bat, materialismoaren kontrako irakurketa bat. Hori azpimarratuko nuke.
Antonio Casado de Rochak lan poetikoa eta politikoa bezala definitu du lan hau. Aipatu duzun kapitalismoarekiko irakurketa kritiko horretatik harago, badago bestelako hausnarketa politikorik?
–Momentu batzuetan, zeharka bada ere, aipatzen ditu Ameriketako Estatu Batuetako politikak, esklabismoa, Mexikoren kontra zeukaten gerra inperialista... Horrelako aipamen batzuk badaude. Bere bizitzagatik, desobedientzia zibila praktikatu zuela badakigu, kartzela zigorra ere jaso zuen zergak ordaintzen ez zizkiolako gobernuari esklabismoaren kontra jotzeko. Elementu horiek hor daude, baina ez dira hain zehazki agertzen. Proposamen politikoa gehiago da jendarteko bizitzarako proposamen bat egiten duelako, aldi berean proposamen filosofiko bat dena, oso modu poetikoan emanda. Bakoi-tzak bere bihotz barruko egiari jarraitu behar diola dio, azken batean.
Alderdi poetiko horretatik, nola definituko zenuke bere estiloa?
–Esango nuke oso jostaria dela: asko jokatzen du hitzen esanahiarekin eta hitzen polisemiarekin. Aldi berean, oso esaldi luzeak sortu ditzake, oso deskribapen zehatzak eman, ondoren guzti hori hausten duen elementu bat sartuz. Kontrasteak sartzen ditu. Antzinako filosofiei erreferentziak egiten dizkie eta natura zein espiritualtasuna oso inportanteak dira bere literaturan. Esan bezala, garai bateko hizkuntza erabiltzen du, akaso gurea baino dotoreagoa, baina ez nuke esango bere garaian idazle pedantetzat hartuko zenik. Hala definituko nuke.
Euskal itzulpengintza aro bereziki loriatsu batean dagoela erranen zenuke?
–Uste dut hainbat urtez lan handia egin dela itzulpenaren arloan eta gaur egun lan horren garrantzia zabaldu dela, kontzientzia handiagoa dagoela. Alde horretatik, pozgarria da. Oso lan handia egin da eta horren fruituak jasotzen ari gara. Duela urte batzutatik hona liburu oso potenteak ekartzen ari dira euskarara eta aberasgarria da hori. Eskuz-esku egindako lana izan da.
Itzultzailearen lana balioan jarri da?
–Aitortza eta errekonozimendua handitu dela esango nuke. Itzultzailea egilea delaren kontzientzia handitu da.
Itzulpengintzak zer ekarpen egiten dio literaturari eta, zehazki, euskal literaturari?
–Uste dut literatura guztientzako lagungarria dela itzulpengintza. Azken batean, liburuak sortzen dira beste lan batzuk irakurtzen direlako, beste ideiak jaso ditugulako beste lanetatik. Hizkuntzarentzat ere, langai den aldetik, uste dut aberasgarria dela, askotan testu bat itzultzen duzunean hitz eta esaldi mota desberdinak eta berriak sortzen direlako. Euskararen kasuan, dauzkagun baldintzengatik, eragin zehatz bat dauka horrek. Pozgarria litzateke gero eta hizkuntza gehiagotatik ekartzea lanak euskarara, aniztasuna zabaltzen duelako horrek. Dauzkagun tresnekin lan handia egiten dugula uste dut, oso gauza ederra da.