Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
'Hacia la soberanía energética: Crisis y soluciones' liburua kaleratu du. Egungo gizartea energia aldetik sostengatzeko, jendarte ereduan errotiko aldaketak egin beharra dagoela uste du.
Argazkia: IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS 2017-02-17 / Julen Aperribai
Energia iturrien erabilerak baino gehiago, horien kudeaketa demokratizatzeak ekarriko du energia burujabetza, Xabier Zubialde (Toronto, Kanada, 1974) ingeniariaren ustez. Energia krisia ulertzeko gakoak nahiz hortik ateratzekoak jaso ditu Hacia la soberanía energética: Crisis y soluciones liburuan. Iruñeko Katakraken aurkeztu du liburua.
Energia krisiak eragin al zuen ekonomia krisia?
Halako ekonomia krisi bat sortzeko baldintza asko sartzen dira jokoan, eta orduan ere hala gertatu zen. Baldintza horien artean oso garrantzitsua izan zen energia krisia. Energia krisi horretatik ateratzea oso zaila da, ia ezinezkoa, baina etorkizunean hori nola egin dezakegun pentsatu beharra daukagu.
Berriz horrelako zerbait gertatzeko arriskua ikusten duzu?
Ekonomia krisia gertatu baino hiru urte lehenago, petrolioaren merkatuan krisialdi bat izan zen, eskaria igotzearen ondorioz. Bi urte eskasean, hirukoiztu egin zen petrolioaren prezioa. Urteak pasatu dira, baina petrolioaren egoera antzekoa da. Gertatutakoaren antzeko beste egoera bat gerta daiteke berriro. Prezioek gora egiten dutenean ekonomia krisiak hemen jotzen du, eta, aldiz, prezioek bera egiten dutenean, krisiak petrolioa saltzen duten lekura bidaiatzen du. Pilota elkarri pasatzen diogu.
Energia burujabetza eta energia autonomia kontzeptuak zertan bereizten dira?
Saudi Arabiak, esaterako, erabiltzen duen energiaren %100 han ekoitzitakoa da. Energia independentzia totala dute, ez dute menpekotasunik. Burujabetza gutxi dute, hala ere, energia eredua lau esku pribatuk kudeatzen baitute, eta ez dago demokratizatuta. Hor dago desberdintasuna. Euskal Herrian ez dugu ez burujabetzarik ez autonomiarik.
Hori aldatzeko baldintzak aldekoak al dira Euskal Herrian?
Energia ereduari buruz hitz egitea beharrezkoa da. Pribatizatuta dago, orain dela hogei urtetik, Jose Maria Aznar Espainiako presidente zen garaitik. Lauzpabost esku pribatuk kontrolatzen dute energia. Energia ereduari buruz hitz egin behar da, dudarik gabe, baina ezinezkoa da energia burujabetza egungo jendarte ereduan.
Kanpotik inportatutakoa da hemengo energiaren gehiengoa. Nola alda daiteke hori?
Kontsumoa ez da jaitsiko soilik argia gutxiago pizteagatik. Beste nekazaritza eredu bat planteatzen badugu, adibidez, energia kopuru handi bat aurreztu daiteke. Horrekin bezala, uraren kudeaketarekin, hondakinen kudeaketarekin, industria ereduarekin...
Energia berriztagarriak izan al daitezke alternatiba?
Egungo jendarte eredua mantentzeko, energia berriztagarriak ez dira nahikoa. Energia kontrola noren eskuetan dagoen, hori da eztabaida.