Listado de autores/as

Hannah Arendt

Linden-Limmer 1906 - New York 1975

Teorialari politikoa eta filosofoa izan zen, XX. mendeko pentsalari nabarmenetako bat. Hanoverren jaio zen judu sekularren familia aurrerazale batean. Bere ama, Martha Cohn, Rosa Luxemburgen laguna zen eta 1918-1919ko altxamendu espartakistarekin bat egin zuen. Marburg-eko unibertsitatean ikasi zuen Martin Heideggerrekin. 1929an egin zen doktore Heidelberg-en Karl Jaspers-en zuzendaritzapean. 1933an naziek atxilotu eta Gestaporen preso izan zen. Frantziara egin zuen eskapo, Gurs-eko kontzentrazio-esparruan preso izan zuten eta handik Portugalera egin zuen ihes, 1941ean AEBra iritsi zen arte. Politikaz eta historiaz idatzi zuen bereziki, eta bere liburu nagusiak Totalitarismoaren jatorriak (1951), Giza kondizioa (1958), Eichmann Jerusalemen (1963) eta Iraultzaz (1963) izan ziren; baina arteaz eta literaturaz ere idatzi zuen.

Iraultzaz liburuaz gain, Eichmann Jerusalemen (Katakrak 2023) eta Indarkeriaz (Katakrak 2021) irakur ditzakezu euskaraz (lehena Koro Navarroren itzulpen gaurkotu batekin, eta bigarrena Itziar Diez de Ultzurrunek ekarria). Liburu honi bezala, aurreko biei ere Mario Zubiagak egin die hitzaurrea.