«El arte de no ser gobernados» en LE MONDE DIPLOMATIQUE
Viernes 20 de Diciembre
2022 OTS. 12
Maider Iantzi
Euskarara ekarritako iraultzaile italiarraren lehendabiziko liburua da ‘Antonio Gramsci: Kartzelako gutunak’ (Katakrak). Nabarmentzekoa da, obraren izenburua eta oinarria aintzat hartuta, itzultzailea bera ere, Ekaitz Sirvent Auzmendi, preso dagoela.
Antonio Gramsci (Ales, Sardinia, 1891 - Erroma, 1937) politikari, idazle eta pentsalari marxista izan zen. Turinen hazia, hizkuntzalaritza ikasketak egiten ari zela Lehen Mundu Gerra lehertu zen. Italiako Alderdi Komunistaren sortzaileetako bat izan zen, baita bertako idazkari eta diputatua ere. Parlamentuan faxismoaren gorakada eragozten saiatu zen. Mussoliniren poliziak 1926an atxilotu, eta hamar urte pasa eman zituen preso. Aske utzi eta hiru egunera hil zen.
Handik hamarkada batera plazaratu zituzten espetxealdian idatzi zituen gutunak, munduari lotuta eutsi zuten idatzi samur bezain gordinak. Baldintza penagarrietan sortuak, bizitzeko grina, mina eta ezina biltzen dituzte. 1947an Giulio Einaudik argitaratutako 218 eskutitzen antologia, ‘Quaderni del carcere’, XX. mendeko Italiako literaturako lan nabarmenen artean dago. Hain justu, idazki horiek euskaratu ditu Ekaitz Sirvent Auzmendi zarauztarrak, non eta preso daukaten Mont de Marsan espetxean.
Bi urte luzeko lanaren emaitza, ‘Antonio Gramsci: Kartzelako gutunak’ (Katakrak), euskarara ekarritako idazlearen aurreneko liburua, ez da soilik faxismoak preso hartutako iraultzaile komunista baten lehen mailako lekukotza. Itzultzaileak nabarmendu duenez, testigantza autobiografiko edo memoria-liburu gisa ez ezik, Gramsci kartzelako koadernoetan lantzen ari zen pentsamenduaren kontrargira irakur daitezke eskutitzok. Ezagutza osatzen dute, zer irakurtzen ari den, zer ikertzen eta zer idazten aipatzen baitu. Landuko dituen hainbat gai eta gogoeta ere aurreratzen ditu. Baina, batez ere, pertsonaia historiko baten alde humano eta hunkibera ezagutzeko aukera ematen dute pasarte hagitz ederren bidez.
«Ondo» aurkitzen dela erran digu Sirventek Landetako espetxetik, «edo ahal den ondoen, behintzat». Ez da erraza izaten ari, kartzela-urteen zamari azken bi urteetako neke pandemikoa erantsi baitzaio. «Nabarmen okertu» zaizkie bizi-baldintzak, eta aunitz baldintzatu dizkiete kanpo harremanak. «Baina eusten diogu. Eta hori da, funtsean, kartzelan egokitzen zaiguna: elkar zaintzea eta aldarte onari eustea».
Preso politikoek ohitura dute kartzelatutako militante iraultzaileei buruzko liburuak irakurtzeko. «Batez ere, kartzelari aurre egiteko estrategiak ikasi nahi izaten ditugulako, gure buruak hezi eta gure ideiei tinko eusteko. Tarasconeko kartzelan nindukatela irakurri nituen Gramsciren gutunak [Euskal Herritik 750 kilometrora dagoen espetxe horretatik Landetara hurbildu zuten Sirvent 2018an]. Euskal preso politikoen artean tradizio denez gatibu hartutako militante politikoen liburuak euskaratzea, horrelaxe hasi nintzen itzulpenarekin. Baina hasi eta gutxira zalantzak izan nituen. Izan ere, lan honetan izan dudan erronkarik zailena izan da Gramsciren barne mundua ahal bezain zehatzen ematea, bere pentsamenduak argi islatzea eta, oro har, bere idatzi pribatuak begirunerik handienaz hartzea. Hori baitu gutunen genero literarioak, pertsonaren intimitatean eta barrunbeetan sartzen dela. Eta errespetu handia ematen zidan itzal handiko iraultzaile baten idatzi pribatuetara besterik gabe sartzeak. Horregatik, hari buruzko beste liburu batzuk erabili ditut erreferentzia edo makulu gisa».
«Oso gustura» gelditu da emaitzarekin. Katakrak argitaletxeak eta, bereziki, Josu Zabaletak «edizio eta zuzenketa lan estimagaitza» egin dute. Irakurleen iritzi baikorrak ere jaso ditu. Horrez gain, itzulpen-lanak kartzelako denbora eramangarriago egiten lagundu dio, ikasketa bat izan da, eta erreferentzia literario, politiko eta historiko ugari ezagutzeko aukera eman dio.
Gramscik Giulia emazteari, semeei, amari, anai-arrebei eta bereziki Tania koinatari zuzendutako gutunok «faxistak prestatzen ari zitzaizkion heriotzatik libratzeko eta maite zituenen bizitzari lotzeko saiakera tematiak» dira, itzultzailearen erranean. «Senideen ardura eta kezka handia zuen. Asko idazten zien, baldintza oso txarretan. Seme nagusia apenas ezagutzen zuen eta txikiena, berriz, ez zuen ezagutu. Haiek hezi ezinak sufriarazten zuen. Baina ez zuen samurtasuna eta umorea galdu. Bizitzako alderdi guztietan eredugarri izaten saiatu zen Gramsci bat irudikatzen dut. Senideak zaintzeaz gain, bere kideen hezkuntzaz ere arduratzen zena, eta bere irakurketa, ikasketa eta ikerketekin tematua zegoena. Izan ere, kartzelatzeak militantzia aktibo eta praktikoa galarazi zionez, ekarpen iraultzailea teoriara lerratzea erabaki zuen. Eta horren beldur ere baziren faxistak. Bere aurkako epaiketan, fiskalak esan baitzuen eragotzi behar zela buru hark hogei urtez pentsa zezan».
Egia ezkutatzeko saiakeren susmoak ageri dira idazkietan, ezin ulertuak eta gaizki ulertuak, berririk gabe egotearen larritasuna… Zarauztarrak adierazi duenez, preso egon den edonori eginen zaizkio ezagunak kontu horiek, baina baita senide edo lagunen bat preso izan duen edonori ere. «Badakigu preso dagoena egoera zaurgarrian dagoela definizioz, eta, horrexegatik, hura babeste aldera-edo, batzuetan egiak ez dira gordin esaten, mozorrotu egiten dira, geroratu edo baita atzendu ere, batzuetan».
Baieztatu duenez, irakurketa eta idazketa «erresistentzia-ekintza» bihurtzen dira kartzelan. «Kartzelaldiaren hertsadurari eta esturari ihes egiteko modua dira. Burua zaintzeko eta pentsamendua aberasteko bitartekoak. Baina nekez egiten diren jarduerak dira oro har. Zarata eta oihuek kalitatezko orduak izatea eragotzi eta kontzentrazioa etengabe oztopatzen dutelako».
Jasandako guztien ondorioz gaixotu, eta aske utzi eta hiru egunera hil zen Gramsci. Justu Gernikako bonbardaketaren albistearekin batera atera zen haren heriotzarena ‘L'Humanité’ egunkari komunistako azalean. Hari aunitzek lotzen dute Euskal Herriarekin. «Italia eta Euskal Herria borroka tradizio handiko herriak dira. Eta Estatu aparatuen errepresioa pairatu behar izan dugu, zoritxarrez, baita oraindik gaur ere, gure herrien askatasunaren alde eta justizia sozialean oinarritutako mundu berri baten alde engaiatzeagatik», agertu du preso politikoak.
Aldarrikatu duenez, Gramsci «pizgarri da ekintzarako, irudimen politikorako, jarduera etiko-politiko konkreturako. Mendebaldeko gizarte kapitalistetan egin beharreko iraultzarako hiztegi teoriko berri bat berrinterpretatu, landu eta sortu zuen. Hori izan zen herri-borrokari egin zion ekarpenik handiena. Ondare intelektual horrek egiten du gaurkotasun handiko eta beharrezko, baita komunismoaren gainbeheraren ondoren ere. Izan ere, Gramscirekin lausotu egiten da ezker marxista-leninistan errotutako sekuentziaren ideia hori, X egunarena: itxaronaldia, indar-metaketa, behin betiko erasoaren prestaketa, botere-hartzearen ekintza erabakitzailea. Eta, aldiz, borroka hegemonikoa sakabanatzen da gizarte zibilaren eta hegemoniazko aparatuen baitan».
Gramscirentzat hegemonia ez da prozesu bakar eta betirakoa, herri-sektoreak boterera iritsi aurretik eta ondoren ere etengabe berritu behar dena baizik. «Euskal Herrira ekarriz, burujabetza-iraultzarako borondate kolektibo herritar-nazionala eraikitzea da gakoa. Ezkerreko subiranismoaren filosofia zentzu komun bihurtu behar dugu, herritarren filosofia. Horretarako, euskal iraultza demokratikoaren oinarri soziala zabaldu behar da, ezker independentistaren erreferentzialtasun politiko eta kulturalarekin fronte zabal bat eraikiz», defendatu du Sirventek.
«Milango kartzela, 1927ko abuztuak 8.
Tania maitea:
(...) Beti naiz beldur zure gutunetan esaten didazuna baino okerrago egon zaitezkeelako eta egoera deserosoren batean aurki zintezkeelako (...) Badakizu iraganean haitzuloetako hartzaren bizimodua egin dudala, nire aldarte honengatik, hain zuzen; ez nuen nahi inor nire zoritxarrei loturik egoterik. Saiatu naiz nire familia ere nitaz ahantz zedin, nire etxekoei albait gutxien idatziaz. Aski! Zerbait egin nahi nuke, gutxienez, zuri irribarre eginarazteko. Nire txolarretxoen istorioa kontatuko dizut.
(...) Jakin behar duzu txolarre bat dudala eta beste bat ere izan nuela, baina hil egin zen, intsekturen batek pozoiturik, uste dudanez –sits edo ehunzangoren batek–. Lehenengo txolarre hura egungoa baino askoz atseginagoa zen. Harroa eta bizia zen oso. Oraingoa apal-apala da, izaera otzanekoa eta inolako iniziatibarik gabea. Lehena, aldiz, laster egin zen ziegaren jaun eta jabe. Uste dut espiritu bereziki goethiarra zuela, gizon biografiaturari buruzko biografia batean irakurri ahal izan nuenaren arabera. ‘Über allen Gipfeltn!’ (‘Gailur guztien gaindi’, Goetheren abesti baten lehen estrofa) Ziegako gailur guztiak konkistatzen zituen, eta haietan pausatzen zen bake gorenaz zenbait minutuz gozatzeko. Tamarindo-ur botilatxo baten tapoira igotzea zuen bere erronka nagusia. Horregatik, behin kafeteraren hondakinez beteriko ontzi batera erori eta ia ito zen.
(...) Txolarre horrengan gehien maite nuena zen ez zuela inork ukitzerik uzten. Amorratu egiten zen, hegoak zabaltzen zituen eta basaki mokokatzen zuen eskua. Etxekotu egin zen, baina konfiantza handirik hartu gabe (...) Mugitzen zen ziegatik, baina beti ni nengoen kontrako muturrean».