Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
KLASIKO GISAKOAK
Aritz Galarraga
2024KO APIRILAREN 7A
Epikuro da izen bat hala-hola agertuko zaiguna filosofia manualetan. Agertzen bazaigu, behintzat: maisu greziar handien parean, bazter antzean ibili da beti, filosofiaren historiaren mugetan —gauza itxuraz neutro hori, baina, azken buruan, pertsona konkretu batzuek sortu, errepikatu, finkatua dena; historiografia gerraren arteari dagokio, baiki—. Merituak pilatu zituen, noski: erregimen platoniko, kristau, idealistaren erresistentzia gisa aurkezten digu Michel Onfrayk, filosofiaren kontrahistoria paregabe haren lehen liburukian. Filosofia bat, beraz, ez korrektoa, filosofia ofizialaren ildo korrektoak ez osoki onartua, ez osoki bereganatua.
Auskalo ofizial ez izate horrek eraginda, gauza gutxi iritsi da guregana —eta asko idatzi omen zuen, 300 papiro inguru—: hiru eskutitz, eta aforismo sorta bat. Oraindik ez dugu, ordea, haren obra osoa biltzen duen ediziorik gurean. Esku artean daukagunak eskutitz bakarra aurkezten digu, Menekeo delako bati zuzendutakoa –nor ote?–, eta Iritzi nagusiak izenarekin ezagutzen den bilduma –XL sententzia–. Liburu labur-laburra, ondorioz, baina Epikuroren proposamenaren funtsa bikain jasotzen duena: testu filosofiko oinarrizkoa, dotrinaren bihotza ukitzen duena, sintetikoki, modu kondentsatuan, gutxirekin gauza ugari esanez.
Hasteko, adinik ez dagoela filosofiarako, edo, hobeki, adin guztiak direla egoki, zeinak hausten duen filosofo adintsu, bizardun, asperramorragarriaren irudiarekin: «Ez dadila inor filosofian jarduteko zalantzan egon gaztea izateagatik, ez eta zaharra izateagatik ere filosofian jarduteaz nekatu». Gerra moduko bat proposatzen du gero, beldurra, mina eragiten duen guztiaren kontra. Sufrimenduaren, adibidez: «Ez du haragian etengabe irauten»; edo beldurrik handienaren: «Izan ere, gu existitzen garen bitartean, heriotza ez dago presente eta heriotza presente dagoenean, aldiz, gu ez gara existitzen». Zoriontasuna, Epikurorentzat, ez da alaitasun txiki iragankor pertsonala, askoz ere gauza oinarrizkoagoa da, gure existentzia laguntzen duen zerbait, eduki edo ez daukaguna. Eta nola lortzen dugu zoriontasun hori? Bada, gelditu makinak, plazeraren bidez. Epikuro, txapeldun.
Baina, itxaron, irakurle maite, ez joan hozkailura, edozein zerrikeria harrapatzera: «Plazera helburua dela diogunean, ez gara libertinoen edota gozatze hutsean datzan plazeraz ari [...] aitzitik, gorputzaren sufrimendu ezaz eta arimaren aztoratze ezaz ari gara». A, kontxo, politegia zen: «Izan ere, mozkorraldi eta parranda etengabeek, mutil koskor eta emakumeez gozatzeak, edo arrainez eta bestelako jakiz hornitutako mahai oparoek ez dute bizitza atsegina sortzen». Laburbilduz: hedonista arriskutsu baino, aszeta dirudi ia, plazera zentroan jarri arren soiltasuna, doitasuna aldarrikatzen dituena. Plazeraren erabilera ona, alegia. Eta horrek esfortzu bat eskatzen du, lana, diziplina.
Hedonista arriskutsu baino, aszeta dirudi ia, plazera zentroan jarri arren soiltasuna, doitasuna aldarrikatzen dituena. Plazeraren erabilera ona, alegia. Eta horrek esfortzu bat eskatzen du, lana, diziplina.
«Zuhurtzia da kontu horien guztien printzipioa», argitzen digu Epikurok, «komeni da kontu horiek guztiak ebaluatzea euren onurak eta kalteak zeintzuk izango diren konparatiboki neurtuz». Gizabanakoaren autonomian sinisten du, «ez gauza gutxiz baliatzeko beti, baizik eta, gauza askorik ez dugunean, gutxirekin ere ase izateko». Ura eta ogia hartzera gonbidatzen gaitu, eta, tarteka, xanpain kopa bat —Epikurok berak gazta puska bat eskatu zion behin dizipulu bati, ze luxua—. Baztertze ororen kausak ikertzeko gai den eta arimengan nahasmen handiena sortu dezaketen usteak uxatzeko gai den arrazoimen neurridunak sortuko luke, hartara, bizitza atsegina. Baina beti ere oso argi izanik bata gabe ez dagokeela bestea: «Ez da posible atseginez bizitzea modu zuhur, eder eta justuan bizi gabe, ez eta modu zuhur, eder eta justuan ere atseginez bizi gabe». «Izan ere, jainkoen inguruko uste piatotsua duen, heriotzaren aurrean beti jarrera sosegatua duen, naturaren helburua konprenitu duen, ondasunen muga erraz asebete eta lortzen dela dakien, eta gaitzen muga denboraz laburra edo zama txikikoa dela dakien pertsona baino inor hoberik badela uste al duzu zuk?».
Esan eta egin, ez baitugu aipatu garrantzizkoena: pentsamendua eta akzioa batu zituela Epikurok, bizitzeko manera bat proposatu zuela, leku fisiko batean gauzatu zuena, Lorategia. Ez bakarrik adinaren, jatorriaren, klase sozialaren eta generoaren araberako inolako bazterkeriarik gabe. Norbera aldatzea helburu lehenik, munduko ordena aldatu aurretik. Norbere eraikuntzan aritzea, munduaren txakalaldiaren aurreko erantzun gisa. Markos Zapiainek dio: «Hilak hogei dituen oro ospatu Epikuroren jaiotza besta lasai batez. Maisua bizirik zela ospatzen zuten eta ez gara ba katea orain eteteko bezain odolbakoak izango». Eta, are: «Jokatu beti Epikuro begira bazenu bezala». Bizimodu ona zertan den jakin nahi badugu, behintzat.
'ZORIONTASUNAREN DEFENTSAN'
Idazlea: Epikuro.
Generoa: Saiakera.
Euskaratzailea: Jonathan Lavilla eta Javier Agirre.
Argitaldaria: Katakrak.
Urtea: 2023.