«El algoritmo paternalista» en la SER
Miércoles 04 de Diciembre
Gaztelaniaren inposizioa eta ingelesa ikasteko beharra «espainiar supremazismo etnozentriko eta kolonialistaren» ondorio zuzenak direla uste du Moreno Cabrera filologo, hizkuntzalari eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak.
IDOIA ZABALETA 2018ko apirilak 7
Filosofia eta Letretan doktore eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Linguistikako katedraduna da Juan Carlos Moreno Cabrera (Madril, 1956). Iruñeko Katakrak gunean izan da berriki, Alternatiben Herriak eta Txalaparta argitaletxeak gonbidatuta.
Hizkuntza inperialismoa aipatzen duzu zure lanetan. Zer da?
Hizkuntza inperialismoa —eta horren barruan, espainolismo linguistikoaren aldaera—, ideologia supremazista eta asimilatzaile bat da. Pentsamolde horrek zera aldarrikatzen du, hizkuntza zapaltzaile eta zapalduen arteko egoera batean, zapaltzailea beti hobea izanen dela: esparru komunikatiboan, kulturalean, sozialean, ekonomikoan... Eta balantzaren beste aldean jartzen ditu inguruko hizkuntzak, mendekoak. Espainolismoaren ikuspegitik, hizkuntza gutxituek gizartea banatzeko balio dute, hesiak altxatzeko eta elkar ez ulertzeko, beste ezertarako ez. Hizkuntza menderatzailea komunikaziorako tresna gisa aurkezten da, eta mendeko hizkuntzak, berriz, mintzaira identitario gisa. Hortaz, supremazismoaren arabera, elkarbizitza lortuko bada, ezinbestekoa da bigarren mailakotzat jotzen dituen hizkuntza horiek espainieraren mende segitzea.
Hizkuntza gutxituei bakarrik leporatzen zaie identitatea eraiki nahi izatea. Hizkuntza hegemonikoak ez al dira identitarioak?
Bai, jakina. Espainiera da, gaur egun, Espainiako hizkuntzarik politizatuena, baina hori ukatzea da hizkuntza inperialismoaren estrategia nagusietako bat: horren arabera, hizkuntza nagusia sortzez garbia da, eta haren nagusigoa eta neutraltasuna ezin dira zalantzan jarri. Statu quo-a ordezkatzen du. Hortaz, beste hizkuntzek espazio propio bat nahi badute, nabarmentzera eta borrokatzera kondenatuta egonen dira, espainiera baita normaltzat jotzen den bakarra.
Inperialismo linguistikoa ez da fenomeno berria, ezta?
Ezta pentsatu ere! Baina bere burua aurkezteko modua egokitu du mendez mende. 1978. urtean, autonomien sorreraren testuinguruan, gaztelania ez beste hizkuntza batzuk sustatzeko saio xumeak hasi ziren azaleratzen, eta mahai gainean jarri zen euskararen, galizieraren eta katalanaren ofizialtasuna. Garai hartan, gogortu egin zen espainolismo linguistikoa. Frankismoak iraun zuen bitartean, inork ez zuen zalantzan jartzen ahal esparru ofizialetan gaztelaniak zuen monopolioa. 1978tik aurrera, ordea, bai. Eta presentzia galtzeko arriskurik txikiena ikustean, oldarkor agertu da beti espainolismo linguistikoa.
Esan duzu hizkuntza inperialismoak garai berrietara egokitu duela diskurtsoa. Adibidez?
Azken urteetan, argudio ekonomikoa da supremazismo linguistikoak darabilen topiko nagusia: esaten da hizkuntza batzuek abantaila ekonomikoak dituztela, eta beste batzuek, berriz, desabantailak baino ez. Eta —hara non!— abantaila ekonomikoak dituzten bakarrak betiko hizkuntza menderatzaileak dira: gaztelania eta ingelesa. Hortaz, zenbaiten diskurtsoetan, gaztelania ez da inoiz gastu bat izanen, inondik inora. Ez zaigu zentimo bakar bat ere kostatzen, antza. Euskara, aldiz, karga bat da; diru publikoak alferrik xahutzeko bide bat.
Hego Euskal Herrian oso ohikoa da argudio hori...
Bai, eta Katalunian ere egunero entzuten dute, azkenaldian batez ere: «Generalitateak katalanean dirua gastatzen du, murrizketetan atzera egin eta politika sozialak lehenetsi beharrean». Zenbatetan ez ote dudan argudio antzu hori irakurri. Baina inori ez zaio bururatzen gauza bera esatea gaztelaniari buruz, ezta? Diru laguntza oparoak jasotzen dituzte urtero-urtero Espainiako Errege Akademiak, Cervantes institutuak eta beste hainbat erakundek, baina inork ez ditu ezbaian jartzen. Zergatik? Hizkuntza menderatzailea delako.
«Zertarako itzulpenetan gastatu, zuzenean erdaraz eginda denok elkar ulertzen badugu?».
Horixe bera. Gaztelania beste plano batean kokatzen dute, gorago, nazionalismo fase oro gainditu izan balu bezala. Elkar ulertzeko esparru komun gisa aurkezten digute, eta, premisa horretatik abiatuta, inguruko hizkuntza erregionalek edo autonomikoek enbarazu egiten dute, elkar ulertzeko esparru komun hori distortsionatzen dutelakoan. Tamalez, pertsona askoren pentsamoldea da hori, eta are okerragoa dena: ez dute uste espainolismoa denik ere.
Nola lortu du espainiar nazionalismoak barneratze maila hori?
Supremazistek hala uste duten arren, gaztelania ez zen modu naturalean hedatu: inposizioz zabaldu zen, botere posizio bat lortzeraino; eta, gaur egun, doktrinatzea erabiltzen dute, posizio hori betikotzeko. Gizartearen esparru guztietan txertatuta dago manipulazio ideologikoa, eta jendeak ez du sumatu ere egiten. Ideia jakin baten gainean eraikia dago doktrinatzea: espainola da nagusigoa edukitzeko berezko eskubidea duen hizkuntza, espazio propio ukaezina duena eta denon ondarea dena. Hezkuntza sistemaren bidez, gainera, espainiarrek txiki-txikitatik barneratzen dute ideologia supremazista eta inperialista hori, konturatu gabe. Horregatik pentsatzen dute gaztelaniaz ez dagoen mezu oro arazo edo oztopo bat dela.
Gaztelaniak botere posizio erabatekoa badu, zergatik esaten da Hego Euskal Herrian edo Katalunian «baztertua» dagoela?
Erreakzio bat da. Katalunian, adibidez, katalanezko murgiltze eredua martxan jarri zutenean, espainolismoa espantuka hasi zen. Hori da Ciudadanos: Kataluniako espainolismoak murgiltze linguistikoari emaniko erantzuna. Eta erreakzio horren barruan, askotan erabili duten mekanismoa da biktimizazioa: gaztelania zokoratua, gutxietsia eta erasoa izaten ari dela errepikatzen digute etengabe, faltsua izan arren. Urte askotan, gaztelaniak espazio ugari okupatu ditu, eta euskara, galiziera eta katalana saiatzen direnean espazio horietako bat partekatzen, gaztelaniak eraso baten biktimatzat jotzen du bere burua. Egiazki, ustezko eraso horiek ez dira gaztelaniaren aurkakoak, monopolioaren aurkakoak baizik. Botere absolutua galtzea da espainolismoaren beldur nagusia, eta nagusitasunaren zatirik txikiena partekatu behar izateari eraso, diskriminazio edo inposizio esaten diote.
Ciudadanosek proposatu du gaztelania ez beste hizkuntza guztiak kentzea lan deialdi publikoetako eskakizunetatik. Zer uste duzu?
Gisa horretako proposamenen asmo nagusia da beste hizkuntzei ofizialtasuna de facto kentzea. Arazo handia dute hizkuntza gutxituei ofizialtasuna aitortzearekin, betebehar juridikoa eta politikoa dakarrelako. Hitz egin dezagun argi: hizkuntza bat ofiziala bada, ezagutu beharrekoa da. Hortaz, lan deialdietatik kentzen badute hizkuntza hori ezagutzeko betekizuna, zer ari dira ukatzen? Ofizialtasuna.
Zer ondorio izan ditzakete planteamendu horiek?
Francoren garaietara garamatzate. Ciudadanosen programa España y sus regiones ideario frankistaren (Espainia eta bere eskualdeak) kopia bat da; apaindua, modernoagoa eta nahi duzun guztia... baina gauza bera da. Horren arabera, gaztelaniarena da ofizialtasun bakarra.
Azken urteetan, ingelesari ere pisu handia eman zaio hezkuntza ereduetan. Nafarroan, adibidez, PAI programa ezarria dago...
Are okerragoa da hori, gaztelaniaren inperialismoari beste bat gehitzen baitzaio: ingelesarena. Eta zein izanen da horren ondorio nagusia? Bada, bi inperialismo linguistiko horiek, elkar hartuta, are gehiago zokoratuko dituztela hizkuntza gutxituak. Kasu honetan, euskara. Ez dezagun geure burua engainatu: ingelesez ikasteko hezkuntza ereduak espainolismoaren Troiako zaldiak dira.
Zergatik?
Bada, menpeko hizkuntzei kalte egiten dietelako bakarrik. Lehenik eta behin, ingelesak inoiz ez dio nagusitasuna kenduko gaztelaniari: ez du baztertuko, ezta marjinaziora kondenatuko ere. Hori ezinezkoa da. Aldiz, zenbait eduki ingelesez eman beharrak eskola orduak kentzen ahal dizkie mendekotasun egoeran dauden hizkuntzei, eta horrek kalte handia egiten ahal die. Izugarria iruditzen zait euskararen edota katalanaren gainetik ingelesa ikasteko betebeharra ezartzea. Ez hankarik eta ez bururik ez duen aberrazio bat.
Erakundeek ezinbestekotzat jotzen dute ingelesa ikastea...
Bai, badirudi guztiak bat datozela horretan, inork ez baitu ingelesezko ereduen kontra txintik ere esaten. Baina absurdoa da. Nafarroan, esate baterako, logikoena litzateke euskara derrigorrezko hizkuntza izatea eredu guztietan. Gutxienez, oinarrizko ezagutza eta ulermena bermatu beharko litzateke, hizkuntza propioa den heinean. Baina ezin dugu ingelesa jarri euskararen eta gaztelaniaren pare.
Ingelesa ikastea ez al da onuragarria?
Ni beti izan naiz hizkuntzak ikastearen aldekoa, baina gauza bat da atzerriko hizkuntza bat ikastea, eta beste bat, oso bestelakoa, ikasgaien erdiak hizkuntza horretan jaso behar izatea. Hortaz: Ingelesa? Ados, baina frantsesaren, italieraren edo alemanaren pare; eta inoiz ez euskararen edota beste hizkuntza gutxituen kaltetan.
Administrazioek eta alderdi aurrerakoiek asmatu al dute planteamendu horri erantzun bat ematen?
Ez. Hori da, hain zuzen, hizkuntza inperialismoaren garaipenetako bat: ez dizu esanen hizkuntza bat erabili behar duzunik, hizkuntza hori erabiltzearen onura handiez konbentzituko zaitu. Mundu osoan, ehunka hizkuntza galdu dira. Zergatik, beste batzuk inposatu dituztelako? Bai, baina hiztunak konbentzitu dituztelako batez ere, eta, euren ama hizkuntza balio eskasekoa dela sinetsita, hizkuntza zapaltzailea besarkatu dutelako. Ingelesaren kasuan, gauza bera gertatzen da: jendeak uste du beharrezkoa ez, ezinbestekoa dela munduan ibiltzeko, eta ez dute konbentzimendu bera euskarari buruz, adibidez. Absurdoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, askoz handiagoak dira euskararen balioa eta erabilgarritasuna, ingelesak izan ditzakeena baino. Baina denok irentsi dugu inperialismoaren pilula. Ingeles inperialismoak ez du mugitzeko beharrik ere: guk geuk jarri ditugu kateak eta giltzarrapoak, gogotsu.
Ingelesa nazioarteko hizkuntza dela diote. Hala al da?
Gauza batzuetarako bai: aireportuetan, gune turistikoetan... Baina, horrez gain, orokorkeria asko botatzen ditugu: atzerrian lan egiteko ezinbestekoa da ingelesa menperatzea? Ez. Zoaz Frantziara, Italiara, Errusiara, Txinara edota Alemaniara, eskolan ikastera behartutako baina egunerokoan inoiz erabili gabeko ingeles mordoilo horrekin, ea zerbaitetarako balio dizun. Askok diotenaren kontrara, ingelesez ez jakiteak ez zaitu atzeratu edo analfabeto bihurtuko.