Listado de artículos

«Idazketa labana bat da» BERRIAn

Annie Ernauxen bi labankada gehiago
Idazleak bere lehen sexu esperientzian ardaztutako ‘Neska baten memoria’ eleberria argitaratu du Igelak, Aiora Jakak euskaratuta. Eta Katakrakek Ernauxen «poetika» biltzen duen 'Idaztea labana bat da' liburua kaleratu du, Leire Lakastak itzulita.
Euskal letretan ezagun zaharra zen jada Annie Ernaux idazle normandiarra, 2022an Literaturako Nobel saria eman ziotenerako. Igela argitaletxeak 2002an argitaratu zuen haren euskarazko lehen itzulpena —Pasio hutsa, Joseba Urteagak itzulirik— eta, geroztik, etenik gabeko tantaz tantako jario batean iritsi da haren prosa lan pertsonal, biluzi, biografiko, sozial eta katartikoa. Haren sei lan irakur zitezkeen euskaraz orain arte, eta beste bi gehiago batu zaizkio orain zerrendari. Idazlearen helduarorako trantsizioa eta sexu iratzartze arazotsua kontatzen dituen Neska baten memoria nobela da zazpigarrena, Aiora Jaka itzultzaileak euskaratu eta Igela argitaletxeak kaleratutakoa. Eta Ernauxen mezu elektronikoen truke oparo bat biltzen duen Idaztea labana bat da liburua da zortzigarrena. Leire Lakastak itzuli du, eta Katakrak argitaletxeak eman argitara.

«Ernauxek autobiografia idatzi izan du beti, edo ia beti», hasi du azalpena Aiora Jaka itzultzaileak. «Baina inoiz nitasunera mugatzen ez den autobiografia bat da harena. Beti esan izan du bizipen intimo horiek bizipen sozialekin lotuta ulertzen dituela; ez dagoela ni huts bat, edo ni puru bat. Ni hori ezin da existitu, beti dagoelako besteekin, liburuko legeekin eta historiarekin lotuta. Eta hori guztia gabe nitasunik ezin dela egon. Beti idazten du subjektibotasun horretatik, baina askotan erabiltzen du bere esperientzia fenomeno kolektiboak deskribatzeko, jorratzeko eta ulertzeko». Eta ildo horretan kokatu du Neska baten memoria eleberria ere.
Annie Ernaux idazlearen Neska baten memoria liburuaren azala. IGELA
Annie Ernaux idazlearen Neska baten memoria liburuaren azala. IGELA

Idazleak 1958an udaleku batzuetan begirale laguntzaile zela bizi izandakoak kontatzen ditu liburuan, zehazki. Tartean, baita bere lehen sexu esperientzia ere. «Oso xehe deskribatzen da zer gertatu den, eta bortxaketaren mugan dagoela esan liteke», esan du lehenik Jakak, eta ñabardurak gehitu ditu gero. «Halere, Ernauxek. elkarrizketatu izan dutenean-eta, argi esan izan du ez zela bortxaketa bat izan, neskak, orduan, oraindik ez zuelako bere desira ezagutzen, baina badago gizon batekiko sumisioaren onarpena, eta berak hori, nolabait, onartu egin zuela esan izan du».

«Ernauxek autobiografia idatzi izan du beti, edo ia beti, baina inoiz nitasunera mugatzen ez den autobiografia bat da harena: bizipen intimo horiek bizipen sozialekin lotuta ulertzen ditu»
AIORA JAKA Itzultzailea

Bizipen horrek marka sakona utzi zion idazleari, edonola ere. Eta, hain justu, memoria ariketa bat da liburua, Jakak esan duenez. Ernauxek 56 urte dituenean hartzen baitu berriz 18 urte betetzear zela bizi izandakoa, eta, beraz, distantzia moduko bat hartzen baitu orduan zen neskarekiko. Tarteka, halaber, hari buruz hirugarren pertsonan hitz egiteraino. «Esperientzia hori eduki du gordea edo espezifikoki azaldu gabe, eta sentitzen du beharra jadanik guztiz arrotza egiten zaion neska horren bizipena azaltzeko».
Deserosoa eta iraultzailea

Lotsa da gako hitzetako bat, izan ere, baina Jakak dioenez, lotsa hori ezkutatu egin beharrean, «xehe-xehe» bilatu eta deskribatu du liburuan, hura ulertzeko. «Ez da irakurketa beti atsegina eta erosoa», azaldu du itzultzaileak, «deseroso sentiarazten gaituelako askotan, eta norbere kontraesanak erakusten dizkigulako». Gaineratu duenez, bere bizipen pertsonalak etengabe konektatzen ditu idazleak sasoi berean garatzen ari ziren bestelako gertakariekin.
Katakrak argitaletxeak kelaratutako Idazketa labana bat da liburua.
Katakrak argitaletxeak kaleratutako Idazketa labana bat da liburua.

Frederic-Yves Jeannet idazleak 2000. eta 2001. urteen bueltan, urtebetez, Ernauxi posta elektroniko bidez egindako elkarrizketa luze bat biltzen du Idaztea labana bat da lanak, eta, ondorioz, Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko editoreak esan duenez, solasaldiz solasaldi, autorearen «poetika» topatuko du irakurleak bertan. Eta, horrez gainera, Etxarteren hitzetan, idazten hasi zenetik Ernauxek literatura «iraultzeko» izan duen bokazioaren froga ere badira solasaldi horiek.

«Momentu honetan Euskal Herrian indarrean den eztabaida bati ekarpen itzela egin diezaioke Ernauxen liburuak: estetikaren eta politikaren arteko eztabaidari»
LEIRE LAKASTAItzultzailea

Leire Lakastak egin ditu itzulpen lanak, eta, dioenez, duela hogei urte baino gehiagoko solasaldi bat jasotzen duen arren, «gaurkotasun handikoa» da liburua. «Momentu honetan Euskal Herrian indarrean den eztabaida bati ekarpen itzela egin diezaioke: estetikaren eta politikaren arteko eztabaidari, eta artearen kontzientzia politikoaren inguruko horri, hain zuzen ere».
Literatura askatzailea

Liburuko solasaldietan ere aipatzen du gaia Ernauxek berak. «Ohartu naiz luze aritu naizela politikari buruz, beste edozeri buruz baino luzeago, eta are gehiago luza ninteke», onartzen du. «Izan ere, nire lana —nire idazketa, alegia— ezin da dimentsio politikotik banandu, afera dena delakoa izanik ere: fikzioa eta autofikzioa errefusatzea, idazketa erreala denaren bilaketa dela ulertzea, idazketa kokatzea —behin eta berriz errepikatzen ari naizen bezala— ´literaturaren, soziologiaren eta historiaren artean’; edo hierarkia literario eta sozialak iraultzea, berdin idatziz literaturan lotsagarritzat hartzen diren objektuei buruz —adibidez, supermerkatuak, RER, abortua— eta nobleagoak direnei buruz —adibidez, memoria mekanismoak, denboraren sentsazioa—, eta haien artean lotuz. Oroz gainetik, honako segurtamen hau dut: literatura, ezagutza denean, bilaketaren azken bururaino doanean, askatzailea da».

Eider Rodriguez idazlearen hitzaurrea ere badakar liburuak. Ernauxen literatura eta hautuak deskribatzen dituen alfabeto bat idatzi du Rodriguezek zehazki, eta Ernauxek berak 2011n liburuari idatzitako hitzoste batek ixten du lana, azkenik. Liburua «borobila» dela esan du, horregatik, Lakastak.



Más artículos sobre este tema