«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
2019ko urtarrilaren 19an, ehun urte beteko dira Rosa Luxemburg, 1871ean garai hartan Errusiaren menpe zegoen Polonian jatorri juduko familian jaioa, Berlinen erail zutela, kulata-kolpeka eta buruan tiro eginda. Egun berean akabatu zuten Karl Liebknecht adiskide eta alderdikidea. Pentsamendu marxistaren historian berariazko tokia duten biok izan ziren, hain zuzen, Liga Espartakistaren eta haren ondorengo Alemaniako Alderdi Komunistaren sustatzaile nagusiak. 1919ko 'iraultza espartakista' laburrak porrot egin zuenean ehunka hildako eragin zituen errepresioak, aurretik eraman zituen aurrenetakoak ere izan ziren. Garai batean alderdikide izandako sozialdemokratek babestu eta akuilatutako paramilitarrek hil zituzten bata zein bestea eta, orduz geroztik ia urtero, huts oso gutxirekin, urtarrilaren erdialdera martxa handi bat egiten da Berlinen. Mendeurrenarekin batera, berezia izango da zalantzarik gabe datorren urtekoa.
Hori da Rosa Luxemburg ezagunena: pentsalari kritikoa, iraultzailea, politikaria, sozialdemokraziatik komunismorako bidea egin zuena, gerraren kontrako jarrera irmoa erakutsu zuena... (Badago euskaraz haren biografia bikain bat, aspalditxokoa, Lorea Agirrek idatzia eta Elkarrek argitaratua).
Katakrak Liburuak etxeak argitaratu duen 'Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti' liburuan, ordea, beste Rosa Luxemburg bat azaltzen da: Liebknechtien bigarren emazte Sophiari kartzelatik idazten dizkion eskutitzetan «naturaz, literaturaz, musikaz, pinturaz eta eguneroko gauzez» mintzatzen zaion emakume jantzia, sentsibilitate handikoa, natur zientziez eta beste zenbait gaiez asko-asko dakiena.
Amaia Lasak euskaratutako liburuaren aurkezpenean Katakrakeko Hedoi Etxartek nabarmendu du liburuaren aurkezpenean bere garaiko emakume batentzat ezohiko formazioa zeukan Rosa Luxemburgek zientziekin zerikusia zuten gai asko menderatzen zituela. Gutunetan ere presentzia handia dute animaliek, hegazkiek, landareek, paseoek... Asko irakurritako emakumea dela ere igartzen da, baita musika- eta artezale fina ere. 1916ko abuztutik 1918ko urrira arte kartzela desberdinetatik bere 'Sonia txiki maiteari' idazten dizkion eskutitzetan azaltzen direnak «ez dira espero ditugun gaiak, ezta sentsibilitatea ere».
Pertsona askorekin izan zuen korrespondentzia Rosa Luxemburgek, ezagunak eta oso estimatuak dira haren eskutitzak baina, Etxartek gogoratu bezala, Luxemburg hil ostean argitaratu ziren aurrenekoak orain euskarara iritsi diren hauexek izan ziren.
Amaia Lasa poeta getariarrak Parisen ezagutu zituen, 1969ko frantsesezko edizioan, eta beraxek aitortu bezala, «maitemindu egin nintzen eskutitz hauekin». Handik urte batzuetara, «iraultza sandinista bizitzeko Nikaraguara joana» zela, berriro egin zien tokia bere bizitzan, eta horren gogoko zituen gutunak euskaratzeari ekin zion.
1983an Euskal Herrira itzuli eta argitaletxeen erronda egin zuen, liburu bihurtzeko modukoak zirelakoan. Ezezkoak baino ez zituenez jaso, ametsen karpetan sartu zuen proiektua, harik eta orain dela pare bat urte, Durangoko Azokan, Katakrakekoak ezagutu eta amets partekatua gauzatu ahal izan duen arte.
Testuen euskara eguneratzeaz gain, hitzaurre eder bat idatzi du. Ohar oso argigarri bat erantsi dio liburuari argitaletxeak; 1920ko jatorrizko argitalpenaren sarrera ere euskaratu dute eta, azkenik, 'Zenbait tesi Rosa Luxemburg espartakistari buruz' hitzostea idatzi du Ignazio Aiestaranek, ikuspegia erabat osatuz. Ezin zaio askoz gehiago eskatu 140 orrialdeko liburu bati.