07/10/2014
Cuerpo:

Katakrakeko Txirrindulari Kaskarinek euren lehenengo itzulia egingo dute larunbata honetan. Gero eta txirrindu gehiago erabiltzen dira geure inguruan. Aukera hori profitatuz plan erraz bat proposatu digute: txirrindua eta ogitartekoak hartu eta istorioak partekatzea. Eman izena lehenengo txangoan info@katakrak.net helbidean. Ibilbidea hauxe izanen da: Zizur Txikia, Gendulain, Astrain, Ibero (38 km denera).

Asteazkenean 19etan El Irati S.A. liburua aurkeztuko dute.

Ostegunean 19etan Nafarroa 2015: aldaketa sakon baten aldeko elkargunea mahai-ingurua egonen da Patxi Leuza (Geroa Bai), José R. Loayssa (Podemos), José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra), Rebeca Remiro (Equo) eta Victor Rubiorekin (EHBildu). Egun berean 19:30ean bilera gelan De leyenda rosa e historia científica: el último revisionismo de la Segunda República hitzaldia emango du Ricardo Robledok.

Ostiralean 19etan ATTAC-Nafarroak antolatuta Europako Batasunak eta AEBek hitzartu duten TTIPari buruzko eztabaida egongo da Marina Albiol (Ezker Batasunaren taldeko eurodiputatua), Josu Juaristi (EHBildu-ko eurodiputatua) eta José Miguel Nuin (Izquierda Ezkerrakoa) eta Joan Josep Bosch (Podemos – Ahal dugukoa).

Azkenik, larunbatean 19etan Arturo Barcenillak Truffaut/ París liburua aurkeztuko du François Truffaut-en filmetan azaltzen zen Parisi buruz.

Imagen:
01/10/2014
Cuerpo:

Urrian gaude eta kantinako ordutegi arruntekin itzuli gara: eguerdiko menua 13:30etatik 16:00etara eta ostegun, ostiral eta larunbatetan entsalada eta bokata goxoak afaltzeko (gogoan izan gainontzeko egunetan txigorkiak dauzkagula).

Gaur Cementos Portland Nafarroako errauskailua hitzaldia izango dugu, Sakanako biztanleen osasuna hipotekatzen duen proiektuaren inguruan Hiru mugak-en eskutik. Bihar Ezkerraberri fundazioaren jardunaldien amaiera izanen da Nola gauzatu erabakitzeko eskubidea Nafarroan? mahai inguruarekin (Xabi Lasa, Fatima Frutos, Alvaro Baraibar, Miren Aranoa, Bixente Goikoetxea eta Txema Mauleonekin; Javier Pagolak moderatuta). Ostiral goizean Julio Basulto egonen da Elikadura tailerra haurdunaldian saioarekin.

Imagen:
23/09/2014
Cuerpo:

Aste honetan alde egin digu Juanjo Marco Txalaparta argitaletxeko kideak. Besarkada eman nahi diegu bere gertukoei eta bere lankideei. Garratz hasi da astea eta ez soilik Tafalla aldean. Iruñerriko hiritarrak ere ari dira aste honetan epaitzen Entzutegi nazionalean, politikan aritze hutsagatik.

Beste era batera buka daitezke egunok, larunbatean Sanfermin Txikiren jaien baitan TXOKOLATADA eta TXISTORRADA izango dugu 17:30ean eta 23:30ean DJ TXINO TXIKITA BLACK MUSICekoa izango dugu.

Ohi bezala ekitaldiak izango ditugu. Asteazkenean 18:30ean Goiener-en bilera informatiboa. Ostegunean Ezkerraberri Fundazioak antolatutako zikloaren baitan Eskozia eta Kataluniari buruz hitz egingo du Ester Capella ERCekoak. Astelehenean dantza komunitarioari buruzko dokumental bat egongo da ikusgai María Marcos zuzendariarekin.

Imagen:
15/09/2014
Cuerpo:

Hilabete barru hasiko gara Katakrakeko irakurle taldeekin. Iazko ikasturtean egin genituen biekin jarraituko dugu eta berri bat izango dugu aurten. Oraintxe azalduko dizkizugu bakoitzaren nondik norakoak eta lehenengo irakurketak.

Irakurle taldeon aurretik asteroko ekitaldiak izanen ditugu. Asteazkenean 28 gazteren kontrako makroepaiketaren inguruko asanblada irekia egonen da. Ostegunean Iñaki Lasagabaster izanen da 19etan hitzaldia eskaintzen "Zuzenbidea eta Politika Erabakitzeko Eskubidean" izenburuarekin, Ezkerraberri Fundazioak antolatuta. Ostiralean "Energia politika eraginkor baten alde" izanen da hizpide.

Hirugarren ikasturtea izanen duen IRAKURLE TALDEAn fikzioa irakurriko dugu nagusiki (poesiari eta saiakerari saio bana eskainiko badiogu ere). Hilean behin, aurten ere erdaretatik euskaratutako lanak izanen dira guztiak, XX. eta XXI. mendeetan idatzitakoak gehienak eta XIX.ekoren bat. Urriak 24an arratseko 20etan hasiko gara betiko pedagogiarekin: ordurako liburua irakurri eta hitz egin eta entzuteko gogoz etorri. Lehenengo liburua Andrei Kurkov Ukrainarraren "Piknika izotzetan" (Alberdania 2009) izango da. Azaroan bost idazle katalanekin ostatutako "Hobe kontatzen ez badidazu" (Pasazaite 2014) irakurriko dugu eta abenduan Annie Ernauxen "Gertakizuna" (Igela 2003). Urtarriletik aurrera Harry Crews, Maria-Mercé Marçal, Emily Dickinson, Bill Bryson, Andrea Camilleri, Ivo Andritx eta Andrei Platonof.

EKONOMIA KRITIKOA taldean ekonomia zentzu zabalean jorratzen duten testu ertainak irakurriko ditugu. Hautatutako liburu pasarteen gainean jardungo dugu, idazkiaren testuinguruaren azalpen txiki batekin. Lehenengo hitzordua urriak 25ean izango da larunbatarekin 12etan, Amaia Pérez Orozcoren "Ekonomiaren subertsio feminista" liburuko bi pasarterekin (108-137 eta 230-261 orrialdeen artean). Azaroak 29ean E. P. Thompson-en "Ingalaterrako langile klasearen sorkuntza" liburuko "Bizi baldintzak eta esperientziak pasartea" irakurriko dugu eta abenduak 20an Karl Polanyiren "Merkatuaren mugak" liburuko pasarte bat. Urtarriletik ekainerakoak aurrerago zehaztuko ditugu.

Aurtengo nobedadea LA CAS ROJA poesia irakurle taldea izango da. Hilean behin, hirugarren ostiraletan 19:30ean erabilera anitzeko aretoaren goiko aldean dauden bulegoetan elkartuko gara ere. García Lorcak zioen bezala poesiarik gabe bizitzea zuhurtziagabea izatea litzatekeelako. Horregatik bizirik dauden poetak irakurriko ditugu Szymborskaren salbuespenarekin: 5 gizon eta 4 emakume. Poloniako eta Argentinako poeta bana, Ameriketako bi, Arabiar bat eta lau poeta Espainiar egungo poesiaren mapamundian. Solasaldia gaztelaniaz izango da.

Anima zaitez liburuok irakurri eta hitzorduetara etortzen. Ideia Zabaldu!

Imagen:
10/09/2014
Cuerpo:

Eskola egutegia hastearekin goizago hasi gara aste honetan. 8etatik zabalik daukagu kantina egunero, beraz. Liburu denda 10etan.Ekitaldiekin ere hasi gara. Aste honetan bi izanen ditugu, ostegun goizean eta arratsean. Goizean euskara heldu aroan ikasi dutenen testigantzen inguruko mahai-ingurua 11etan. Arratsean energia berriztagarrien eta energia ereduen inguruan hitz egingo du Xabier Zubialdek Som Energia – Energia Gara Nafarroa-k gonbidatua.Aurten hiru irakurle talde izanen ditugu, baina argibide guztiak datorren astean emanen dizkizuegu.

Hasi gara!

PS: Nicanor Parraren jaiotzaren mendeurrenarekin Josu Landak 10 olerki itzuli ditu Armiarma webgunean:http://ekarriak.armiarma.com/zizkak/?NicanorParra

Imagen:
28/08/2014
Cuerpo:

Aurki hasiko da ikasturtea. Iraila erdi aldera abiatuko ditugu ohiko ekintzak erabilera anitzeko aretoan eta irekiko dugun bilera gelan: irakurle taldeak, zinema zikloak, mintegiak, hitzaldiak. Ordura arte segi udako liburuez eta Potemkin Filmotekako filmeez gozatzen.

Jakizu, erabilera anitzeko aretoa goizez alokatzeko aukera egongo da. Akaso interesatuko zaizu, hala bada jarri geurekin harremanetaninfo@katakrak.net helbidean.

Ez ahaztu geure katua pitxitxi daukaten elastiko eleganteak dauzkagula liburu dendan salgai: berdean, larroxan eta beltzean. Eta ez ahaztu irailak 8an ohiko ordutegiarekin hasiko garela, goizean goizetik!

Laster arte!

PS: Cortazarren “Kronopioen eta famen istorioak” itzuli ditu Ibon Sarasolak Armiarma webgunean:http://ekarriak.armiarma.com/gordailua/CortazarKronopioak.htmCortazarren euskarazko gainontzeko lanak webgune berean:http://ekarriak.armiarma.com/?i=87

Imagen: