«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Azaroak 22 Ostirala
2022 URR. 11
Iraitz MATEO
DONOSTIA
Lidia Txukovskaia eta Lidai Zhukovaren liburu bat euskaratu du Josu Zabaletak Katakrak argitaletxearentzat. Haurren testigantzen bitartez gerraren gordina kontatzen da.
Josu Zabaleta, itzuli duen «Haurrek hitza» liburua eskuetan duela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
GORDINA
Zabaletaren ustez gordina da liburua, haurrek gerra «inolako dramatismorik gabe» kontatzen dutelako, eta testigantza horiek osatzen dutelako liburua.
«Gerraren aurkako eta bakearen aldeko manifestu gordina», halaxe definitu zuen Nerea Fillat Katakrakeko editoreak “Haurrek hitza” liburuaren itzulpena. Josu Zabaletak ekarri ditu euskarara Lidia Txukovskaiak eta Lidai Zhukovak bildutako hitzak. Liburua «gogorra bezain laburra» dela adierazi zuen Donostian egindako aurkezpenean, gertakari krudelez beteriko 80 orrialde aurkituko baititugu.
Bigarren Mundu Gerrako testuingurura eramango gaitu “Haurrek hitza” liburuak; ohikoa ez den ikuspegi batetik, haurren begi eta ahotsetik hain zuzen ere. Milioi bat lagun baino gehiago ebakuatu zituzten SESBen mendebaldetik Uzbekistanera. Tartean berrehun intelektual baino gehiagok jardun zuten haurrak zaintzen; horietako bi izan ziren Txukovskaia eta Zhukova.
Bi autoreek idazle lana baino “idazkari lana” bete zutela aitortu zuen Zabaleta itzultzaileak. Izan ere, haurrek kontatutakoa jaso zuten zuzenean: «Agian, beraien akatsekin, beraien erretorikarekin, momentu horretan mundua ikusten duten moduaren bidez kontatzen dute gerra». Adjektibo oso gutxi irakurriko ditugu liburuan, gerra bizitako haurrek «inolako dramatismorik gabe» kontatzen dutelako gerra, Zabaletaren arabera. Testigantzak biltzen hasi ondoren, bizipen horiek argia ikusi behar zutela iruditu zitzaien bi autoreei. Hasieran kapituluka argitaratu zuten hango aldizkari batean, baina izandako arrakastari esker, testigantza guztiak biltzen dituen liburua ondu zuten, eta 1942an argitaratu.
Lidia Txukovskaia
Ez dago ez gazteleraz, ez frantsesez, ez ingelesez, ez italieraz... Errusieraz argitaratutako jatorrizko edizioa eta, orain, euskaraz; ez dago bestelako hizkuntzatara itzulita. Zabaletak azaldu zuen, egileen eskubideak lortzeko familiarengana jo zutenean, harrituta bezain pozik galdetu zietela: «Nondik jakin duzue honen berri?»; galtzear dagoen liburu bat omen zen.
Itzultzaileak aitortu zuen, liburua aurkitu zuenean txundituta geratu zela, daukan gaurkotasunarengatik: «Oraintxe bertan Kieven antzeko gertakariak bizitzen ariko dira haur asko». Liburua itzultzeko idazlea ezagutzea oso garrantzitsua da Zabaletarentzat, horregatik ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan, testigantzak jasotzen ari ziren bitartean zein zen autoreen egoera. Lidia Txukovskaiak idatzi zuen liburuaren zatirik handiena; idazleen familiatik zetorren, aita haur literaturan izen handiko idazlea izan baitzen, eta alabak ere «dohain berezi» bat bazuen. Bi idazleak alargundu berriak ziren: 1937an preso eraman zituzten bien senarrak, eta 1938an fusilatu zituzten.
Ez da Zabaletak errusieratik itzuli duen lehen lana. Txukovskaiaren beste bi lan ere itzuli zituen Katakrak etxearentzat: “Sofia Petrivna” (2019) eta “Urpean murgildu” (2021). Horrelako lanak itzultzeko, Zabaletak adierazi zuen itzultzaileak bere buruari galdetu behar diola idazlea zein mundutan bizi den. «Haren bizitzan eta munduan sartu behar du». Eta hori da berak orain arte egindako lana: Txukovskaiaren pentsamendu-mundua eta bizi-mundua ezagutu eta ulertu; testuingurua, pentsaera (baita zein iturrietatik edaten duen ere), eta eguneroko bizitza. «Oinarri horietan arakatzea eta kokatzea garrantzitsua da».
Momentuari lotutako azken argitalpenak
Fillatek aitortu zuen Donostian aurkeztutako liburua ez zegoela argitalpenen plangintzan; baina ohartu ziren Zabaletak egin zien proposamenak argitaletxearen balioekin eta une aproposarekin bat egiten zuela: «Katakrakek momentuko gatazka politikoaren eztabaida sustatzeko asmoa izaten du, eta liburu hau aukera paregabea da bizitzen ari garenaren aurrean». Joan den otsailean hasi ziren liburua ontzen, «gerraz gero eta gehiago hitz egiten zen unean», editorearen ustez. Gaur egun Ukrainako haur askoren bizipenek eta 1942koenek zentzu askotan bat egingo dute, Fillaten iritziz.
Katakrakek bakearen alde egiten duen apustuaren adibide dira liburu hau bera eta bi aste barru argitaratuko den Raul Sanchezen “Esta guerra no termina en Ucrania” liburua, editorearen arabera. Durangoko Azokara eramango dituzten nobedadeen artean bi hauek egongo direla aurreratu zuen.