Ekitaldien zerrenda

Abenduak

20

Larunbata

19:00etan

Pascual García «Radio Paraíso»


LANAREN LABURPENA

Radio Paraiso nekez loak hartzen dutenen irratia da, kokoteraino daudenena, amore ematen ez dutenena, bazterrak nahasten dituztenena, sikarioena, burkadun emakumeena, porrot egin dutenena, alkoholikoena eta poeta aluena. Uhin horixketan betikoak batzen dira eta elkarri kontuak kontatzen dizkiote, bakoitzak bere gauzak; ororentzat eurenak dira beti garrantzitsuenak. Bizitzea tokatu zaigun garai zentzugabe eta irrigarriaren irudikapen lizuna da, humorezko angosturaz gozotuta badago ere. Garai une oro itolarria da, behinik behin, baina beti bezala, maitasunari esker berreskuratu, salbatu, gauzatu daitekeena. Edozer gauza egiteko –kontu korrontea husteko ere–, gertu dagoen maitasun erromantiko, itsu, ausart, basati, okupa, subertsibo, iraultzaileari esker. Maitasuna ala suizidioa, gainerako guztia ergelkeriak dira, huskeriak, aitzakiak, koldarren gauzak, alegia. Maitasunak baino ezin gaitu salbatu... Baina ez pentsa, hala ere, pare bat bultzada emanda dena konpontzen denik. “Zeren adiskideen maitasuna”, istorioetako bateko pertsonaia batek esaten duenez, “ zure bizitza zatarrean aldi baterako gurutzatzen den zerbait baita, titietatik kolpe egin beharrekoa. Tarte batean titietatik heltzen diozu eta gozatu egiten duzu. Titiak askatzen dizkiozunean, maitasunak ospa egiten du eta oroitzapenak baino ez dizkizu uzten...”. Halakoxea da mundua, horiexek dira arauak, hala dira, behintzat, joko-arauak hemen, gure lurraldean, era groteskoan garaikidea den hondamenezko lurralde honetan, Radio Paraiso lurraldean... Sartu musika...

EGILEARI BURUZ

Pascual García Arano (1963 / 05 / 15) estreinako aldiz aritzen da kontakizun laburraren generoan Radio Paraíso lanarekin. Egilearen hirugarren lana da, Carta de ajuste (Inéditor, 2006) eta Doble cero (Inéditor, 2009) lanen ostean. Pascual García kazetaria da ogibidez eta idazlea temaz. Kontakizun laburren bilduma honen bidez, hasiberria zeneko garaiak berreskuratu nahi ditu, 1982ko urte magikoan, Iruñeko Radio Paiso irrati piratan, emititzen ziren La Cha-cha atómica edo La gran resaca programetarako istorioak idazten zituenean. Isiltasuna onartzen ez duen irratiaren erritmo ikaragarriak, orrialde eta erdian gertatu behar den guztiaren jarraibidea markatzen du. Irratiari zor dion bokazioarekin idatzitako orrialde eta erdiko istorioak dira, irakurlearen eskuen artean jaio, garatu eta, batzuetan, hil ere egiten direnak...