Ekitaldien zerrenda

Urriak

21

Ostirala

19:00etan

Joseba Irazoki + Jon Mantxi

Kontzertua


Joseba irazoki, jakin-mina bere baitan errotua duen joera askotariko gitarrista polifazetikoa, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Gure musikari beratarra jadanik nahitaezkoa bihurtu zaigu, eta orain bakarka dator, one man band formatuan. Kantatzeaz gainera, hainbat soinuren efektuak eta programazioak maneiatzen ditu, eta gitarrei, harmonikari eta bonboari hitz eginarazten die. Zein den azken helburua? Erritmo eta soinuen anabasa neurtu bat sortzea, hainbat kalibretako konposizio genuinoak disparatuz. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa: proposamen artistiko bikain bat, harrigarria eta sailkaezina aldi berean.

Jon Mantxik aurkezten duen proiektua gitarra akustikoan oinarrituriko inprobisazioan datza. Gitarra jotzearen alderdi fisikoak eta klitxeak haintzat harturik espazioarekin eta unean uneko egoerarekin jokatzen du. Bakarkako proiektua 2010 inguruan hasi zen, orduz geroztik formatu honetako kontzertuak eman ditu besteak beste Zarata Fest jaialdian (Bilbo) , Espacio Tangenten (Burgos), Huarte Zentroan (Huarte, Nafarroa), EHU-BBK Bizkaia Aretoan (Bilbo), Arto Artian Jaialdian (Azkoitia), Larraskitu Klubean (Bilbo), Azkuna Zentroan (Bilbo) eta abar.
Musikari gisa Karidadeko Benta, Gora Japon, Billy Bao, Po, eta inprobisazioan oinarrituriko talde ezberdinetan jo du (Mattin & Quartet, Konbo Secreo, Zetangauz, eta kontzertu bakarrerako sorturiko bikote, hirukote eta taldeekin). Horrez gain Arte Ederretan Doktore da 2013tik Inprobisazio Libreari buruzko tesi batekin.