«Idazketa labana bat da» EUSKALERRIA IRRATIAn
Abenduak 16 Astelehena
Kapuscinskik, bere hizkuntzan, poloniarrez, 1975. urtean argitaraturiko kontakizunak dira eta Katakrak argitaletxeak argitaratu berri ditu euskaraz, Amaia Apalauzaren itzulpenaz
Maialen Ferreira
19/11/2019
Palestina, Guatemala, El Salvador, Bolivia, Haiti eta Mozambikeko gatazkak eta gerrillari anonimoen istorioak batu zituen Ryszard Kapuscinski kazetariak, hainbat erreportajetan. Orain, kronika horiek liburu baten bildu eta euskaratu dituzte 'Kristo fusilarekin' (Katakrak) izenburua duen obran. Kapuscinskik, bere hizkuntzan, poloniarrez, 1975. urtean argitaraturiko kontakizunak dira eta Katakrak argitaletxeak argitaratu berri ditu euskaraz, Amaia Apalauzaren itzulpenaz.
Liburua hiru zatitan banatuta dago. Lehengo atala, itzultzaile iruindarraren hitzetan, "Palestinari buruzko ikuspegi arabiarra" biltzen du. "Lerro gutxitan oso ondo azaltzen du 1947ko gerra eta gakoak ematen ditu gaur egungo egoera ulertzeko. Libano, Siria, Jordania… hainbat ikuspegi ematen ditu", adierazi du.
Bigarren atalak Latinoamerikako gertakizunak jasotzen ditu eta Bolivia, Guatemala, El Salvador edota Haitiko kontakizunak dakartza. Bertan, Kapuscinskiren erreportajean botere militarrak Bolivian duen indarra islatzen de eta "kolpe militar bat zein erraz egin daitekeen" ikusarazten da. Apalauzek, bigarren atal horretatik Salvador Allende eta Ernesto Che Guevararen parekidetasuna egiten duen idatzi bat nabarmendu du.
Hirugarren atalak Mozambikeko independentzia gerra kontatzen du. Kapuscinskik Afrikan urte asko igaro zituen, bertako gertakari eta gerra ezberdinen berri ematen. Ildo horretan, liburuak biltzen dituen kontakizunen bidez, Kapuscinskik urrun dauden gerren arteko lotuneak azaleratzen dituela ere nabarmendu du Apalauzek: "Geografikoki urrun daude gerrok elkarren artean, baina Kapuscinskik gogoeta egitea nahi zuen, horiek injustiziaren aurrean duintasuna berreskuratzeko nahiak bateratzen dituela ohartarazteko".