«El algoritmo paternalista» en la SER
Abenduak 04 Asteazkena
ANE ESLAVA
2020ko maiatzak 27
«Andrek artean hemeretzi urte ez zituela emigratu behar izan zuen. Dirua eskuratu zioten, Portoko helbide bat eman, eta esan zioten hantxe jakingo zuela nola igaro Espainiako muga. Kontua, ordea, ez zen hain erraza izan». Pasarte horrekin hasten da Manuel Tiago portugaldarraren Bost egun, bost gau liburua. Muga-pasa klandestinoak, horiek dakartzaten arriskuak eta migratzailearen eta pasatzailearen arteko harremana hizpide dituen eleberri labur bat da. Asmatutako istorio bat kontatzen du, baina baita benetako esperientzia asko ere; fikziozko bi pertsonaiaren pasadizoak, baina baita pertsona askoren bizipenak ere. Tiagok 1975ean publikatu zuen; 1996an, Jose Fonseca e Costak zinemara eraman zuen, eta, orain, Katakrak argitaletxeak euskarara ekarri du, Iñigo Roqueren itzulpenarekin. Tiagori euskaratu dioten estreinako lana da. Bi narrazio laburrekin, Amets Arzallusen hitzaurrearekin eta itzultzailearen hitzostearekin osatu dute.
Alvaro Cunhal zen Manuel Tiagoren benetako izena. Coimbran jaio zen, 1913an, eta 17 urterekin Portugalgo Alderdi Komunistako kide egin zen. Alderdiko idazkari nagusia izan zen 31 urtez, baina beti egin zion uko aurpegia hauteskundeetarako afixetan azaltzeari. 1930eko hamarkadan aldizkarietan idazten hasi zen, eta 1974an argitaratu zuen lehen liburua, Ate amanhã, camaradas (Bihar arte, burkideok) eleberria. Bederatzi liburu argitaratu zituen, narrazio laburrak eta eleberriak, ezizena erabilita guztiak, eta mugek eta migrazioek toki nabarmena dute lan horietan. Hamabost urte igaro zituen espetxean, baina 1960an ihes egin zuen, operazio ospetsu batean, haren alderdiko hamar kiderekin batera, eta 1974ra arte Paris eta Mosku artean bizi izan zen, erbesteratuta. 2005ean zendu zen, 91 urterekin, Lisboan. Haren hiletara 500.000 lagun joan ziren.
Bost egun, bost gau eleberria muga-pasa klandestino baten kontakizuna da. Portugalen kokatuta dago, 1940ko hamarkadaren amaieran, Antonio de Oliveira Salazarren diktaduraren garaian. Protagonistak, Andre izeneko hemeretzi urteko militante komunistak, herrialdetik ihes egiten du, Lambaça izeneko kontrabandistarekin. Elkarrekin ateratzen dira Portotik, Espainiako muga bost egun eta bost gautan zeharkatzeko. Eleberriak iheslariaren eta pasatzailearen arteko erlazioa erakusten du, baina baita emigratzeak dakarren ziurgabetasuna eta ezezagunarenganako konfiantzaren mugak ere.
Iñigo Roque itzultzailearen arabera, egileak liburuan darabilen idazkera «asmo nagusi baterako» eginikoa da: «Ideal bat erakusten du, eta horren alde egin behar duen jendea». Hala ere, idealismo ukitu hori errealismoarekin nahasten dela zehaztu du, eta pertsonaietan gorpuzten direla bi alde horiek: «Pertsonaia nagusia oso idealista da, eta Alvaro Cunhal bera izan daiteke, kartzelatik ihes egin zuenean: idealista, ameslaria. Pasatzailea, berriz, zailduagoa da, eta ameskeriarik gabekoa».
Alde horretatik, apaingarririk gabeko idazkera darabil Tiagok: biluzia, zuzena, deskribapen handirik gabea, erraz barneratzen dena. «Dena dira ekintzak, eta erakusten dute jendearen sakrifizioa ideia baten alde», azaldu du Roquek, eta errealismo sobietarrarekin alderatu du.
Tiagok berak zioen liburuan idatzitako guztia erreala zela; ez pertsona bakarrari gertatutakoa, baizik eta hainbati entzundakoekin osatutakoa; eta, Roqueren ustetan, horrek «unibertsaltasuna» ematen dio liburuari. Andre eta Lambaça dira pertsonaiak, militante komunista bat eta kontrabandista bat, portugaldarrak biak; baina beste edozein migratzaile eta pasatzaile izan zitezkeen, edozein tokitakoak. Hain zuzen ere, horrekin lotuta dago, itzultzailearen ustez, xehetasun zenbait ezkutuan utzi izana. «Lekukotasuna uzteko literatura da: errealitate bat jendearen eskura jartzen duena».
Lekukotasuna uzteko xede horrek, preseski, iaz argitaratutako liburu batekin lotzen du Tiagoren lana, Roqueren arabera: Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan-ekin (Susa). Lan horrek Gineatik Euskal Herrira ihes egindako pertsona baten historia erreala kontatzen du; bidaia ezberdina da, baita protagonista ere, baina ardatza, berriz, berbera: migrazioak eta mugak. Horregatik, lanen arteko loturarengatik, hain zuzen ere, liburuak Arzallusen hitzaurrea izatea «pribilegioa» da Roquerentzat: «Hitzaurrearekin liburuari kontrapuntua jarri dio: Tiagoren eleberrian pasatzailearen irudia negatiboa da guztiz, ia giza trafikoan baitabil; hitzaurrea, aldiz, mugalariaren irudian oinarritzen da, baina Irungo harrera sarean egiten duten lanetik abiatuta».
Bestalde, hitzatzearekin, itzultzaileak «amaieraraino» eraman nahi izan du liburua. «Protagonisten bidaiaren kontakizuna Espainiako aldera iristen direnean bukatzen da, baina bidaiak aurrera segituko du, eta protagonista Euskal Herrira ere iritsiko da, migrazio horien helburua Frantzia zelako, eta horretarako Pirinioetako muga igaro beharra zegoelako». Horren testigantza uzteko, Roquek Euskal Herriko mugaren portugesen zeharkaldien inguruko literatur erreferentzietan arakatu du, eta pasarte zenbait bildu ditu: besteak beste, Pablo Antoñanaren La cuerda rota (Soka apurtua, Pamiela, 1995) liburutik, Piarres Larzabalen Piarres Larzabalen idazlanak (VII) lanetik (Elkarlanean, 1998) eta Rosa Arburuak 2014an Bidasoako ikaskuntzen aldizkaria-n argitaratu zuen Euskal Herriko mugaz gaineko portuges pasan ikerlanetik. Euskal Herriko mugan gertatzen zenaren lekukotasuna bildu nahi izan du horiekin. «Hori ere beharrezkoa baita».
Liburua borobiltzeko, Tiagoren Fronteiras (Mugak, 1998) liburutik ateratako Pirinioetako muga-pasa eta Salbamendu-txalupa eta armairua narrazio laburrak sartu dituzte. Lehena kokapenarengatik hautatu dute; hain zuzen, Pirinioetan gertatzen delako; bigarrena, berriz, haren gogortasunarengatik, protagonistek muga itsasoz zeharkatzen dutelako, armairu batean sartuta. «Halako kontakizunak jasotzea ere garrantzitsua iruditu zait», adierazi du Roquek. Liburuaren emaitzarekin pozik azaldu da: «Liburu argia eta erraza da, eta gaiari buruz gogoeta egiteko aukera ematen du». Hori, beraz, haren desira eta proposamena.