Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
ATZEKOZ AURRERA. ANGELIKI KURUNIS. KAZETARIA
Faxismoa obsesio duen kazetaria da Kurunis, eta horrek bultzatu du Egunsenti Urrekara alderdi neonaziari buruzko dokumentala zuzentzera. Euskal Herrian bira egin du asteon.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / 2017-04-21 / Iker Tubia
Bikotekidea judua, seme bat homosexuala eta bestea anarkista, eta bera feminista. Angeliki Kurunis (Paris, 1973) kezkaturik dago Egunsenti Urrekarak Grezian duen indarrarekin. Bere lantaldea bost urtez ibili da haiekin, eta horren emaitza da Golden Dawn: a personal affair dokumentala.
Sare sozialen bidez, buruan bala bat agindu zidaten, eta semea itota hiltzeko aholkatu, gay zelako. Aurretik, trailerra atera genuenean, Jristos Papas alderdiko bigarrenak Twitterren erantzun zuen: «Arrazoia duzu, boterera iristen bagara zure arazo bakarra izanen da zein bagoi hartu beharko duzun jakitea».
Dokumentalaren aurretik beldur nintzen, eta horren erantzuna da film hau. Niretzat, Egunsenti Urrekara obsesio bat izan zen, mugimendu faxista guziak bezala. Buruan zer zuten jakin nahi nuen, botoa zergatik ematen dieten jakiteko. Krisi ekonomikoa ez baita kausa bakarra.
Arrazoi anitz daude. Lehenbizikoa, ez dutela esaten neonaziak direnik; haiek diote patriotak direla. Bigarrenik, Greziako hezkuntza sisteman ez dute argi ikasten zer izan zen nazismoa. Hirugarrenik, boto emaile gehienek beste alderdi bati bezala eman diote botoa, eta ez dute jakin nahi zer den. Hedabide gehienen isiltasun luzeak ere erantzukizun handia du, ez dutelako laugarren boterearen lana egiten.
Antonis Samarasen bigarrena Egunsenti Urrekaratik oso gertu zegoen, eta Grezian ez da izaten gehiengo absoluturik. Egunsenti Urrekarak ez du inoiz ere aldatu diskurtsoa, baina eskuinak jarrera aldatzen du, Egunsenti Urrekararen hautesleak nahi dituelako.
Hilketaren aurretik, beldur handia nuen, ikusten nuelako inork ezinen zituela inoiz gelditu. «Zer eginen dugu, hemendik alde egin edo eutsi?», pentsatzen genuen. Fixax hil zutenean, beldurra ikusi nuen haien begietan, ordura arte zuten boterea galtzeko beldurra. Momentu horren aurretik ez zuten kazetariekin hitz egin nahi. Orduan lortu nuen dokumentalerako materiala.
Eskuin muturreko dinamika dugu Europan. Egoera onartu behar dugu, eta erabaki nola erantzun. Filmarekin hasi nintzenean, Egunsenti Urrekara lore bitxia zen; orain, arrunta da: parlamentu guzietan daude. Frantziako hauteskundeak erabakigarriak izanen dira.
Ezkerrak batu egin behar du lehenbizi. Izan ere, aurrean duguna bakarra da. Uste dut Espainiako plazetako mugimenduek bidea argitzen dutela Europan.