Listado de artículos

«Borrokalari transgeneroak» BERRIAn

Askatasunaren aldeko borroka eta idazketa

Leslie Feinberg idazlearen 'Borrokalari transgeneroak' saiakera argitaratu du Katakrak etxeak. Sexua eta generoa historian nola ikusiak izan diren aztertzen du. Duela 25 urte idatzitako liburu bat da
Fermintxo Zabaltza itzultzailea, atzo, Donostiako Konstituzio plazako arkupeetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko azaroak 5 - Donostia
Leslie Feinberg idazle iparramerikarraren Mari-mutil handi baten bluesa eleberria argitaratu zuen Katakrak etxeak 2018an. Orain, Borrokalari transgeneroak saiakera liburua aurkeztu dute, hura bezala hau ere Fermintxo Zabaltzak itzulia.

Idazlea, kazetaria eta industriako langilea izan zen Feinberg (Kansas City, AEB, 1949-Syracuse, AEB, 2014). Hil baino lehen Minie Bruce Pratt bikotekideari esan zion: «Gogora nazazue komunista iraultzaile gisa». Hilberri oharrean Prattek idatzi zuen zuri antirrazista bat izan zela Feinberg, langile klasekoa, judu sekularra, transgeneroa, lesbiana, komunista iraultzailea eta transgeneroen askapena kontzeptuaren teorizatzailea.

Bi nobela eta lau saiakera idatzi zituen, eta Borrokalari transgeneroak (Transgender Warriors) da saiakeren artean bigarrena, duela 25 urte Bostonen (AEB) argitaratua. «Ez da transen historia osoa eta zehatza, ezta trans mugimendu modernoaren jaiotzaren eta garapenaren historia ere», adierazi zuen Feinbergek, liburuarentzat hitzaurrea idatzi zuenean. «Begirada berri bat da sexuak eta generoak historian izan duten lekuaz, eta klasearekin, naziotasunarekin, arrazarekin eta sexualitatearekin dituzten erlazioez». Galdera hauek egin zizkion bere buruari: «Gizarte guztiek onartu al dituzte bi sexu bakarrik? Beti egon al dira hain gaitzetsiak sexuaren eta generoaren mugak gurutzatu dituztenak? Zergatik dira legeen gaia sexu berresleipena eta cross-dressing-a?». Gisa horretako galderei erantzuna aurkitze aldera idatzi zuen.

Hamabost kapituluz osatuta dago liburua, baina baditu, gainera, hitzaurre bat, epilogoa, Genero Eskubideen Nazioarteko Deklarazioa, bibliografia, Kattalin Minerrek idatzitako hitzatze bat eta 110 argazki, batzuk antzinakoak eta gehienak garaikideak, bakoitza oin ohar argigarri batekin. Esate baterako, Katalina Erauso soldaduari buruzkoa dakar: «Euskaldun cross-dreserra izan zen. Hark eta gainerako soldaduek natibo asko sarraskitu zituzten. Aita santuaren oniritzia jaso zuen 'gurutzatuki janzten' segitzeko».

Garai askotako eta kontinente guztietako trans espresioak ikertu zituen Feinbergek. «Nola topa ditzaket galdera horien erantzunak, baldin horrek eskatzen badu barneratzea askotariko gizarteetan non sexuaren eta generoaren kontzeptuak aldatzen diren, denboran, dunetako harea bezala?», zalantza egin zuen. «Eta ikertzaile transgenero zuria naizen aldetik, nola saihets dezaket neronen interpretazioak eranstea zapaldutako nazioen kulturei?».

Pirinioetako borrokak

Zabaltza itzultzaileak posta elektronikoz Feinbergi jakinarazi zion liburua euskarara ekartzeko asmoa zuela. Asko pozten zela erantzun zion, Zabaltzak kontatu duenez: «'Niretzat ohore bat izanen da euskaldunen hizkuntzan lan hauek izatea', idatzi zidan. 'Jakin ezazu euskaldunen autodeterminazio eskubidea babesten dudala. Euskaraz daukazunean hitzaurre bat espresuki eginen dut euskaldunendako'». Feinberg 2014an hil zen, artean itzulpena egin gabe zegoela.

Borrokalari transgeneroak bizi oso baten emaitza dela nabarmendu du Zabaltzak. «Mundu osoko eta historia zabaleko trans jendearen lekukotasunak jaso zituen. Nahiko ezaguna da Ameriketako natiboen artean bazela transgeneroa, onartuak zirela eta prestigiozko lekuak ere izan zituztela. Xamanak ziren. Baina irakurleari ezezagunak egingo zaizkion kontu asko daude».

Europan ere ez dira gutxi trans jendearen espresioak eta ekintzak. «Askotan, eta ez dakit zergatik, borroka sozialekin lotuta agertzen dira», esan du Zabaltzak. «Adibidez, herri lurren edo komunalen aldeko borroketan: Irlandan, Galesen, Pirinioetan». Liburuko hamargarren kapituluan Feinbergek idatzitako pasartea erakutsi du: «1829an Andereñoen Gerla piztu zen Pirinioetan. (...) Nekazariak, jantziak zituztela soineko zuri luzeak eta emakumeen kapelak, borrokatu ziren oihanetan egurra hartzeko eta abereak larratzeko eskubideen alde».

Ikuspuntu antikolonialista eta ezkerreko batetik idazten zuen Feinbergek. «Transen aldeko borroka beti lotu izan zuen langile klasekoen aldeko borrokarekin, arrazakeriaren kontra, kolonialismoaren kontra». Haren asmoa ez zen trans komunitatea definitzea, baizik eta defendatzea. «Trans askapenerako tresnak izan zitezen idatzi zituen liburuak. Gustatuko litzaidake euskarazko itzulpenak balio izatea bazterkeria murrizteko eta trans eskubideek aurrera egiteko».

Argitaletxeak Kattalin Minerren hitzatze labur bat erantsi du liburuari amaiera emateko. Minerrek han aitortu du, Zabaltzak euskaratu duen arte ez zuela Feinbeg ezagutzen. «Konturatu nintzen gure genealogiaren ahuldadeaz», deitore egin du. «Baina konturatu nintzen, baita ere, kasualitatetik gutxi zuela Feinberg lehenago ez ezagutu izanak. Hain zuzen, historiatik desagertzera kondenatuta egon gara hainbat gorputz, hainbat espresio, hainbat borroka. Existitu izan garen arren, kondenatuta egon gara ez existitzera, jazarriak izatera, ahotsa galtzera».



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema