«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
Zurekin
Leslie Feinberg lesbiana, transgenero aktibista eta idazle estatubatuarra izan zen.
Katakrak argitaletxeak plazaratutako liburuan AEBetako Leslie Feinberg idazle estatubatuarraren bizitzaren nondik-norakoak biltzen dira
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 11 azaroa 2021, 00:25
Leslie Feinberg idazle estatubatuarraren 'Borrokalari transgeneroak' obra euskarara itzuli du Fermintxo Zabaltzak. Katakrak argitaletxeak plazaratutako liburuan AEBetako idazle honen bizitzaren nondik-norakoak biltzen dira. Izan ere, nafarrak Londreseko liburutegi batean Leslie Feinbergeren liburu batekin egin zuen topo.
Hala, berehala konturatu zen Feinberg pertsona ikaragarria zela, eta, honen bi liburu euskaratzea erabaki zuen. Duela hiru urte eskas 'Mari-mutil handi' euskaratu zuen. Oraingo honetan, aldiz, 'Borrokolari Transgeneroak' lanarekin ausartu da. Liburuaren hitzartzea Kattalin Minerrek gauzatu du. Lana gaztelaniaz nahiz frantsesez oraindik ezin daiteke irakurri. Hortaz, nobedade bat izango da hor nonbait euskal irakurleentzat.
Egile estatubatuarrak hainbat komeria bizi izan zituen bere bizitzan barrena trans gisa aitortzeagatik. Izan ere, Feinbergek bere burua transgenero eta lesbianatzat zuen. Honen inguruan aztertzen hasi zen, ea pertsona transak betidanik jazarriak izan direnaren inguruan, alegia. Hitz gutxitan lan eskerga guzti honen fruitu da 'Borrokalari transgeneroak'. Bertan historian barrena sexuak eta generoak izan duten garrantzia aztertzen da, klaseak, naziotasuna eta arraza bezalako gaiak bertan behera utzi gabe.
Esan bezala, Leslie Feinberg lesbiana, transgenero aktibista eta idazle estatubatuarra izan zen. Bere literatur ibilbide oparoan sei liburu kaleratu zituen. Ospetsuenen artean bi daude, 1993an plazaratutako 'Mari-mutil handi baten bluesa' eleberria eta aipatutako 'Borrokalari Transgeneroak' fikziozkoa ez den lana.
2019an New Yorkeko Stonewall Monumentu Nazionalaren barruan LGBTQ Ohorezko Harresi Nazionalean omendu zuten, 50 aitzindari eta heroi estatubatuarretako bat zelarik. Estatu Batuetako LGBTQ eskubide eta historiari eskainitako lehen monumentu nazionala da hauxe. Hormaren inaugurazioa Stonewall-eko istiluen 50. urteurrena ospatzeko gauzatu zen.