Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
Bost egun, bost gau
Manuel Tiago (Iñigo Roque)
Katakrak, 2020
Javier Rojo
El Diario Vasco/ El Correo
2020-08-22
Seguruenik liburu honen egilearen izena, Manuel Tiago, irakurtzean ez da inolako oihartzunik sortuko irakurlearengan. Baina agian ezizen horren atzean gordetzen den benetako izena aditzean desberdin gerta daiteke, batez ere bizitzaren zati handi bat dagoeneko artxibatuta daukaten pertsonengan: Manuel Tiago Portugaleko alderdi komunistaren kidea izan zen Alvaro Cunhal-ek literatura idazteko erabiltzen zuen ezizena baita. Tiago ezizenez ezagututako idazleak zenbait narrazio idatzi zituen eta liburu honetan “Bost egun, bost gau” izenburuko nobela laburraz gain, beste bi kontakizun ere biltzen dira. Gaiaren aldetik orrialde hauetan jasotzen diren hiru kontakizunek harreman estuak dituzte: hiruretan agertzen zaizkigun protagonistek muga bat pasatu behar dute beste herrialde batera joateko. Gai nagusi honen inguruan mugitzen dira narrazioak eta Iñigo Roque itzultzaileak (eta hitzatzearen arduraduna) eta Amets Arzallus hitzaurregileak horretan jartzen dute arreta. Muga igaro beharraren arrazoiak desberdinak izan daitezkeelarik, idazlan hauetan agertzen diren pertsonaiek beste alde batera joateko dituztenak ez dira argi azaltzen. Aldez edo moldez, iheslariak dirudite eta zeharka behintzat Portugalen urteetan iraun zuen diktaduratik ihesi dabiltzala susmatu daiteke.
Pertsonaien zirkunstantziak eta iragana, ordea, lausoegiak dira, ezer zehatzik adierazteko. Eta nago zehaztugabetasun honek balio erantsia duela, narrazioen irakurketa historiko-sozialaz gain, irakurketa filosofiko-existentziala ere ahalbidetzen du-eta. Izan ere, pertsonaiek historiari lotutako egoera berezi batean daudelako ihes egin behar dute, baina giza izaeraren metaforatzat ere ulertu daiteke muga pasatu beharrarena: bizitzan ere harantzago joan beharra baitago, norberaren zirkunstantzien muga zehatzak nolabait transzenditu alegia.