«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
Katakrakek Nanni Balestriniren 'Den-dena nahi dugu' eleberri ikonikoa argitaratu du. Italiako hegoaldetik iparraldera joan ziren proletarioek piztu zuten altxamenduaren kontakizuna da.
Aurtengo maiatzean hil zen Balestrini, eta aste batzuk lehenago adostu zuen Katakrakekin eleberria euskaratzea.
2019ko abenduak 1 | Ane Eslava
Pertsonaia baten bitartez, 1960ko hamarkadako Italiako langile masaren historia erretratatu zuen Nanni Balestrinik (Milan, Italia, 1935 - Roma, 2019) 1971n, bere lanik sonatuenean: Den-dena nahi dugu eleberrian —Vogliamo tutto jatorrizkoan—. Haren obraren ardatz diren konpromiso politikoa eta esperimentazioa uztartzen ditu lanak, eta Katakrakek euskarara ekarri du: Fernando Reyk itzuli du, eta Iñigo Aranbarrik eta Franco Berardi Bifo-k hitzaurre bana idatzi diote. Euskaraz irakur daitekeen Balestriniren lehen liburua da.
1960ko hamarkadan Europa osoan izan ziren migrazioak, eta fenomenoak ezaugarri batzuk izan zituen toki bakoitzean. Italian, hegoaldetik iparraldera abiatu ziren langile ugari, hango lilurak erakarrita. Lantegietara heldu berri ziren trebakuntzarik gabeko proletarioek ez zuten, iparraldekoek bezala, erresistentzia partisanoaren kontakizuna jaso, eta, beraz, ez zuten ez diskurtsorik, ez ideologiarik. Baina logikari jarraitu gabe, krisi bat sortu zuten; arrakala bat sisteman. Haiek den-dena nahi zuten, baina espektatibak apurtu zitzaizkien, eta den-dena suntsitzea erabaki zuten. «Hegoaldeko langileak, kaikua eta ezjakina, 50 urteko estrategia kapitalista krisian jarri zuen: muntaketa katean oinarritutako fabriketako ekoizpena eta masa langilea», Balestriniren esanetan.
Ikasleen borroka piztu zen jarraian, eta Poliziak eta epaileek errepresio garai bat abiatu zuten. Horrekin batera, produkzio sistema aldatu egin zen: teknologiaren iraultzaren ondorioz, katearen bidezko eredu industriala krisian sartu zen, eta eskulanaren balioaren galerak, energia krisi gogor batekin batera, kaleratze masiboak eragin zituen.
Pertsonaia batean gorpuztu zuen Balestrinik gizarte maila bereko milaka kideren esperientzia, hegoaldetik Turingo Fiat lantegira joandako behargin batean. Lantegiaren borroka ezagutu ondoren, kapitalismo basatiaren bortizkeria jasango du protagonistak, eta beste langileekin batuko da errebolta pizteko.
Edukian ez ezik, forman ere lan iraultzailea da. Balestrini Italiako Abangoardia berria literatur mugimenduko kide izan zen, eta lengoaiaren esperimentazio formala bilatzen zuen. Abiadurak bereizten du haren idazkera, eta liburu honek ere erritmo bizia du: hitz jarioa etengabea da, eta apenas duen puntuazio markarik. Hitz bakarrean laburbildu du Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak testua: «Frenetikoa». Hala ere, kaotikoa irudi dezakeen idazkera horren atzean muntatze lan neurtua dago: «Jende askoren hitzak eta ikuspuntuak jaso zituen, eta pertsonaia bakarrean eman».
Itzultzaileak ere lan eskerga egin behar izan du testuaren ahozkotasun kutsua eta abiadura modu fidel eta aldi berean ulergarrian ekartzeko euskarara, italierak eta euskarak sintaxi ezberdina dutelako. «Erronka» gisa hartu du lana Reyk: «Desafioa izan da zailtasun horiekin testu naturala sortzea». Horretarako, testutik «pixka bat urrundu» da, ondoren berriz eraikitzeko. Bestalde, liburuan italieraren dialekto batzuen ukitu txikiak daude, eta horiek nafarrerarekin bete ditu Reyk; betiere euskara batutik aldendu gabe. Zailtasunak zailtasun, euskarak «baliabide asko» dituela nabarmendu du, eta emaitzarekin «pozik» dagoela.
Iragan maiatzean zendu zen Balestrini, eta aste batzuk lehenago adostu zuen Katakrakekin lana euskarara ekartzea. Zalantzarik gabe, liburu ikoniko bat da itzuli diotena; Europako mugimendu iraultzaileentzako erreferentziazkoa. «Badu bere mito partea», Etxarteren hitzetan.
Eleberriaren 2003ko gaztelaniazko edizioaren hitzaurrean, idazleak esan zuen leku eta garai jakin baten kontakizuna zela obra, ordurako «zaharkitua» zegoena. Kanpotik irakurrita, bestelakoak dira interpretazioak: Etxarteren arabera, egun munduko zenbait tokitan —«Europatik kanpo, hegoalde eta ekialderantz»— existitzen den langile masaren argazkia izan daiteke, edota Euskal Herrian bertan «ezabatua» izan den historiaren zati batena. «Nork daki [Iruñeko] Yamagutxi parkean fabrika erraldoi bat egon zela?», galdetu du. Reyk, berriz, egun Afrikatik Europara doazen migratzaileen bizipenekin alderatu du: «Paradisua izanen dela pentsatuz etortzen dira, eta iruzur bat aurkitzen dute». Toki eta une ezberdinetan ezaugarri ezberdinekin jazo diren gertaera ugari biltzen dituen nobela bat da.