Listado de artículos

«Idazketa labana bat da» DIARIO DE NAVARRAn

«Liburu hau bikaina da Annie Ernaux sakonki ezagutzeko»

Itzultzaile iruindarrak Annie Ernauxen Idazketa labana bat da euskaratu du, Katakrak argitaletxearen eskutik. Heldu den ostegunean aurkeztuko dute
Leire Lakasta Itzultzailea

NEREA ALEJOS Iruñea

Urtebetez, 2001 eta 2002an, Frédéric-Yves Jeannet idazleak gogoetak eta galderak bidali zizkio Annie Ernauxi. Erantzunetan, Ernauxek literaturaz, gizarteaz eta idazketaz egin zuen gogoeta. Leire Lakastak (Iruñea, 2002) euskarara ekarri duen Idazketa labana bat da heldu den ostegunean aurkeztu da, 19:00etan Iruñeko Katakrak liburu-dendan.

Nor da Annie Ernaux zuretzat?

Aurretik miresten nuen Ernaux, eta ohartzen hasia nintzen Euskal Herrian geroz eta irakurle gehiagok ezagutzen zutela. Niretzat erronka itzela izan da. Hasieran beldurrez ekin nion, kostatu zait nire burua itzultzialetzat hartzea eta zilegitasuna sentitzea, baina ilusioz eta mimoz egin dut aurrera, eta pozik nago emaitzarekin. Gainera, itzuli dudan liburuan justuki bere gogoetak azaltzen ditu: nola ulertzen duen idazketa jarduna, zein funtzio esleitzen dion literaturari, non kokatzen duen bere bizitzarekiko... Hori oso lagungarria izan da Ernaux ulertzeko, eta itzulpenean bere asmoei fidelki jarraitzeko. Liburu bikaina da idazlea sakonki ezagutzeko.

Zein izan zen itzulpen prozesuaren erronka nagusia?

Esanen nuke aipatu dudan iruzurtiaren sindromea gainditzea izan dela. Gainera, ikasketekin eta lanarekin uztartu behar izan dudanez, zenbaitetan zaila egin zait itzulpen lanetan murgiltzea. Bestalde, testuari berari dagokionez, esanen nuke erronka handia izan dela Ernauxen bereizgarri den idazketa zorrotza euskaratzea, haren estiloa matentzea eta euskal irakurleak orriotan Ernauxen ahotsa entzutea.

Ernauxek edonorenak izan zitezkeen gaiak jorratzen ditu, baina inork ez bezala kontatuak. Zer azpimarratuko zenuke Ernauxen begiradaz edo poetikaz?

Ernauxek berak dio bere jatorriko langile giroko egia bat ekarri nahi duela liburuetara; liburuen bidez, hobeki esanda, beharbada. Hala ere, argi uzten du, ez duela modu populistan edo erromantikoan idatzi nahi. Hain justu, bere bizipenez mintzo da, baina indibiduoa alde batera utzi, eta isilduak eta zapalduak izan direnen esperientzia partekatua da bere liburuetako gaia. Ernauxentzat idazketa labana bat da, eta ez soilik lexiko zorrotza erabiltzen duelako. Ernauxentzat idazketa tresna da, mundua eraldatzeko balioa daitekeen lanabesa. Gainera, historikoki ez legitimotzat hartu den hizkera darabil, gurasoengandik etxean jasotakoa.

Zein izango litzateke liburu honen ekarpenik garrantzisuena?

Uste dut garrantzitsua del aliteratura neutraltzat ez jotzea. Liburu honetan, Ernauxek hori bera azpimarratzen du. Ordena sozial jakin bat dago, etahorrek gure bizitzetako alor guztiak determinatzen ditu. Ernauxek, langile jatorriko emakumea den heinean, azaltzen du horiek nola baldintzatu duten bere idazketa proiektua, eta bere bizitza, orokorrean, eta esaten du idazketaren bidez ere egin diezaiokegula aurre horri. Hari beretik, beste liburuetan lantzen dituen gaiak kontuan izanda, isilean mantendu nahi izan dituztenen ahotsa ekarri du literaturara. Euskal Herrian izan duen eragina ikusi besterik ez dugu egin beahr ohartzeko zein garrantzitsua den bera bezalako emakume batek halako gaiak lantzea eta erreferentzia sortzea.

Baduzu beste liburu baten itzulpena esku artean?

Tira, ez dut beste libururik argitaratuko gutxi barru, baina bai, badut itzulpenen bat edo beste esku artean. Euskarara oraindik ekarri ez diren idazle askoren lanak itzultzea gustatuko litzaidake; eta, orain arte azaldutakoaren haritik, idazketa tresnatzat duten idazleak itzultzea gustatuko litzaidake. Baina baita Ernauxekin lanean jarraitzea ere. Hala ere, orain itzulgaian baino, itzulpen prozesuaren gainean ari naiz hausnartzen, eta uste dut oraingo testuinguruan zerbait kolektiboki eta independentiki itzultzea interesgarria izan daitekeela.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema