Listado de artículos

«Etxebizitzaren auzia» BERRIAn

Engelsen 'Etxebizitzaren auzia' liburua kaleratu du Katakrakek

1872tik 1873ra Alemaniako 'Volksstaat' egunkarian argitaratu ziren Engelsen hainbat testu biltzen dira lanean. Etxebizitzaren auzia kapitalismoaren berezko ezaugarria dela uste du

Ane Garcia itzultzailea Etxebizitzaren auzia liburuaren aurkezpenean, Donostian.
Ane Garcia itzultzailea Etxebizitzaren auzia liburuaren aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
2023ko azaroak 11 - Donostia

Friedrich Engelsen Etxebizitzaren auzia liburua euskaratu du Ane Garciak, Katakrak argitaletxearen eskutik. Testuak 150 urte bete ditu aurten, eta hala azpimarratu du Hedoi Etxarte editoreak: «Orain ekartzen badugu, ez da arkeologia lan gisa egiten dugun ariketa bat, ezta literatura unibertsalean bai ala bai egon behar diren piezak ekartzeko borondatearekin egindako ekarpen bat ere; gure gaurko munduan oihartzunak dituen testu bat gurekin izan dezagun da».

1872ko maiatzetik 1873ko urtarrilera bitarte Alemaniako Volksstaat egunkarian argitaratu ziren Engelsen hainbat testu jasotzen dira liburuan, etxebizitzaren auzia lantzen dutenak. Liburuaren lehen edizioa 1873. urtean argitaratu zuten, eta, handik hamabost urtera, 1887an, eguneratu eta berriro atera zuten, hitzaurre berri batekin: «Engelsek 1887ko hitzaurre horretan adierazten du harritu egin zela etxebizitzari buruzko testu haietan esaten zirenekin, eta artikulu diferenteetan erantzuten joan zen». Hainbat gai lantzen ditu artikuluetan: landa exodoa, hirien bizigarritasuna, eraikuntza, gentrifikazioa, etxe eta auzo berriak egitearen kontua...

Garciaren arabera, teoria duen testu bat da, baina ez da testu teoriko bat. «Prentsarako idatzitako testua da, eta, gainera, erantzun gisa. Engelsek ironia handia darabil. Momentu batzuetan iraintzaile izatera ere iristen da, pixka bat gixon jartzen da batzuetan. Iruditzen zait gaurkotasuna duen gaia dela, eta niretzat dibertigarria izan da teoria modu horretan ematen duen testu bat itzultzea». Arkeologia lana ez den arren, balio hori ere baduela uste du.

Testuak abagune politiko jakin batean sortu zirela azaldu du, halaber, Etxartek; Parisko Komunak porrot egin berritan, hain zuzen: «1871n izan zen gertakizun historiko hori, erreferentziala izan zena jende xehearen askapenean sinisten zuten talde eta pertsona guztientzat. Porrot horren ostean, gai asko berriro aztertu behar izan ziren, eta horietako bat izan zen etxebizitzarena. Engelsek aurre egiten zien bai [Pierre-Joseph] Proudhonek haragitzen zuen korronte anarkistari, baina baita bera baino moderatuagoak izan zitezkeen beste tradizio politiko batzuei ere».

Liburua hiru ataletan banatuta dago; lehenengoan, Proudhonen pentsamenduari erantzuten dio Engelsek; bigarrengoan, etxebizitzaren auzia ebatzi nahi duten burgesen neurriei egiten die kontra; eta hirugarrengoan, berriz, bestelako «adibide eta frogak» gaineratzen ditu. Duela 150 urte idatzitako testuak diren arren, gaurkotasuna ere badutela uste du Etxartek: «Liburua irakurtzen denean, bi gauza gertatzen dira: egiaztapen nabarmen bat da mundu intelektuala aldatu egin dela, berak aurre egiten dien aktore horiek honezkero ez direlako izen horiekin existitzen. Baina, aldi berean, oihartzun handia dute gaur egungo auzi gehienetan, baita etxebizitzarenean ere. Ematen diren erantzunak garai hartakoen oso antzekoak dira».

Engelsen arabera, kapitalismoaren berezko ezaugarrietako bat da etxebizitza izateko langileen gabezia, eta egiturazkoa da etxebizitzaren auzia. Modu horretara, proposatutako bideekin arazoa ez zela konponduko iritzi zuen. «Unearen, tokiaren eta botere ezberdinetan zeuden aktoreen arabera, egon dira etxebizitzaren auzia konpontzeko saiakera batzuk. Baina Engelsek esaten du bakarrak ere ez duela funtzionatu». Hots, haren ustez, kapitalismoan ezin da etxebizitzaren auzia modu baikor batean ebatzi, eta ikuspegia zabaldu ezean ezinezkoa da auziari konponbidea ematea.

Amaia Prietok idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta, Etxartek azaldu duenez, gaur eguneraino ekarri du auzia: «Gauza batzuk gertatzen zaizkigunean, badugu joera pentsatzekoa gaur egungo arazo bat dela. Oso ohikoa da belaunaldi batetik beherako jendeak pentsatzea Euskal Herrian etxebizitzarekin arazo bat dagoela 2008an gertatu zen krisi bati lotuta. Liburu honek nahiko nabarmen uzten du etxebizitzaren auzia kapitalismoan dagoen auzi zentral bat dela, beti».

Testu materiala

Engelsek jartzen dituen adibide historikoak Euskal Herrira, eta, zehazki, Nafarroa Garaira ere ekar daitezke, Etxarteren ustez. «XIX. mendean Euskal Herrian ere hasten da exodo bat hirietara, besteak beste, landa eremuan bizitzea geroz eta zailagoa delako. Eta hirietan segituan hasten dira arazo eta dinamika antzekoak; kasu batzuetan, jendea inolako duintasunik ez duten etxeetan bizi da, etxeak izatea oso zaila da, higienearekin ere badira kontuak... Badago diziplinatze bat ere, burgesiaren diziplinatzearekin zerikusia duena eguneroko bizitzari lotuta».

Testu «materiala» da, eta liburu, hiri, eta erreferentzia asko daude lanean. «Zehazki gertatu diren eta gertatzen ari ziren gauzei erantzuten die».



Libro recomendado:

Etxebizitzaren auzia

Etxebizitzaren auzia

13,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema