Listado de artículos

«Gure historia da etorkizuna» DIARIO VASCOn

Urrutiko borrokak gertukoak direla esakusten du 'Gure historia da etorkizuna' lanak

'Katakrakek argitaratu du, eta Garbiñe Elizegi, Amaia Astobiza eta Danele Sarriugarteren oharrak ere jaso dituzte bertan
Liburuaren aurkezpeneko irudia / UNANUE
Nerea Azurmendi
Donostia
2020ko abenduak 15

Kul Wicasa Oyate- Lower Brule Sioux tribuko kide da Nick Estes, Oceti Sakowin siux nazio handikoa. 2014an The Red Nation erresistentzia-mugimendu indigenaren sortzaileetako bat izan zen, eta irakasle-laguntzaile dihardu Mexiko Berriko Unibertsitateko amerikar ikasketen departamentuan.

Estesen libururik ezagunena, iaz argitaratu zuen 'Our History Is the Future' euskarara ekarri du Katakrak argitaletxeak, 'Gure historia da etorkizuna. Standing Rock vs Dakota Access oliobidea, eta indigenen erresistentziaren tradizio luzea' bilakatuta, bi primizia batuz: Iruñeko argitaletxeak argitaratu duen lehen historia liburua da, eta Estesen euskaratutako aurrena.

Hedoi Etxarte editoreak aurkezpenean nabarmendu zuenez, bederatzi ataletan egituratzen den liburuan harilkatzen dira, bi ikuspegi konbinatuz, egilearen «bi arimak: azpiegitura handien aurkako mugimendu indigenetako militantea eta historia irakaslea». Begirada bikoitz horretatik egiten du «XXI. mendeko kolonizazio baten eta horrek eragin duen erresistentziaren kontaketa, laudorio handiak jaso dituena».

Estesen testu mardula (314 orri ditu liburuak, eta 25 euroko prezioa) ez da argitalpenaren osagai interesgarri bakarra, oso argiarria baita Dakota herrian hamabost hilabete lanean igaro zituen Garbiñe Elizegi Narbarteren hitzaurrea. Itzulpenaz arduratu diren Amaia Astobizak eta Danele Sarriugartek ere gehitu diote ohar bat.

«Han egotea oso aberasgarria izan zen, eta konturatu nintzen gure historiaren eta Dakota herriarenaren arteko antzekotasunaz ez garela hainbeste ohartzen. Herri kolonizatu bezala, beraiek gordetzen dute kolonizazioaren aurreko memoria, eta guk ez, agian oso aspaldikoa delako», ekarri zuen gogora hitzaurregileak, adieraziz kontakizun eta borrokek urrutikoak ematen dutela, baina ez daudela horren urrun.

Itzultzaileen ustez ere «Euskal Herrira oso ondo ekar daiteke» liburuaren funtsa, Estesen, haren herriaren eta jatorrizko herrietatik ez datozen beste militante askoren borroka oso lotuta baitago naturaren eta baliabide naturalen defentsarekin. Eta, alde horretatik, eremu oso gutxik esan dezakete arriskutik at daudela.



Libro recomendado:

Gure historia da etorkizuna

Gure historia da etorkizuna

25,00 €

Disponible


Más artículos sobre este tema