Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
Katakrakek LP bikoitz bat eta liburuxka bat ondu ditu bere hamargarren urteurrenaren harira. Besteak beste, hainbat musikarik hamabi kantu egin dituzte etxe horrek kaleratutako hamabi liburutan oinarrituz
Katakrakeko hirugarren solairuko aretoa grabaketa estudio bihurturik, J Martina taldea kantua grabatzen ari zelarik. ADUR GALDOS
2023ko azaroak 8 - Iruñea
Efemeride batek sortzen dituen aukeretan sinetsirik, orain arte egin gabea zuen jauzi bat egin du Katakrakek bere hamargarren urteurrenean: musikara salto. Hamabost kantuz osatutako LP bikoitz bat ondu du, biniloan, dozenaka musikarirekin: Hau dena. Etxeak urteotan eginiko bideari aitortza egiteko balio du lanak; izan ere, hamabost kantuetatik hamabi Katakrakek plazaratutako liburuetan oinarriturikoak dira, batera edo bestera. Besteak beste, hauek izan dira partaide proiektuan: Ibil Bedi, Los Chikos del Maiz, Joseba Tapia, Chill Mafia, J Martina, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Bi kantu kaleratuak dira jadanik, aurrerapen gisa, eta hilabetearen hondarrean emanen dute lan osoa. Baita haren gaineko liburuxka bat ere.
«Abiapuntuan beti izaten da beste abiapuntu bat», esan du Katakrakeko Hedoi Etxartek, proiektuaren hasierari buruz galdetuta, eta atzera begirakoa egin du segidan. Oroitu duenez, Broken Brothers Brass Band taldeak orain dela bi urte kaleratutako kantu batek abiarazi zuen, oharkabean, Hau dena. Iruñeko talde horrek 1871 kantua eman zuen 2021ean, «Parisko Komunak 150 urte bete zituen urte hartan». Abesti horrek Katakrakek argitaraturiko liburu batean du jatorria: Louise Michelen Erbesteko gutunak Victor Hugori (2020). Louise Michelek Victor Hugori idatzitako gutunak dira lan horren muina, baina, besteak beste, autorearen zazpi olerki ere badira. Hain justu, Broken Brothers Brass Bandek poemetan oinarriturik sortu zuen abestia. Etxarteren iritziz, pieza horrek hainbat gauza utzi zituen agerian, eta bada bat Katakrakekoentzat bereziki inportantea izan zena: «Baieztatu zigun horrela sortutako abesti bat izan daitekeela abesti gisa irakurria, eta ez liburu batetik eratorritako produktu gisa». Eta orduan bai, bistaratu zen abiapuntua berriz. «Pentsatu genuen: zergatik ez diegu hainbat musikariri eskatzen egin dezatela abesti bana Katakraken liburuekin?».
87 musikarik parte hartu dute proiektuan: bakoitzak kanta batean, edo gehiagotan. Broken Brothers Brass Bandeko Ion Celestino da adibide nabarmenetako bat: 1871 kantuan aritzeaz gain, beste zenbait abestitan jo du, eta, gainera, beste batzuen moldaketak edo konposizioak ere harenak dira —Pirritx, Porrotx eta Marimotsena, adibidez—. Celestino: «Beti bezala, buruan ditudan eta egingo ez ditudan gauzak egingo dituen jendearen premian nago. Nire zaborrak botatzen dizkiet, eta, batzuetan, gauza interesgarriak ateratzen dira».
Etxartek ilusioz gogoratu du diskoko partaideak aukeratzeko eginiko prozesua. Musikariek bi baldintza bete beharko zituzten. Lehenbizikoa: «Benetako harremana» izatea Katakrakekin. «Berdin poteak hemen hartzen dituztelako, hemen erosten dituztelako liburuak, hemen egin dituztelako bilerak, hemen jo dutelako...». Bigarren baldintza, berriz, musikari loturikoa izan da: «Artistikoki nabarmenak izatea nahi genuen». Etxartek eta Celestinok oroitu dute musika taldeak zerrendatzen hasi zirela, eta ohartzerako lau dozenako zerrenda bat zutela idatzia. «Eta ezin denei deitu», esan du Etxartek. Hala, proiektuan nahi lituzketen hainbat musikari gelditu dira kanpoan. Halere, pozik dira. «Dena ez da kabituko, baina hau dena bai», bota du Celestinok.
Diskoa «plurala eta orekatua» dela uste dute Katakrakekoek. «Abesti gehienak euskarazkoak dira, baina gaztelaniazkorik ere badago; generoari dagokionez ere nahiko emaitza ona lortu dugu, eta musika estilo oso muturrekoak daude», azaldu du Etxartek. Gainera, Celestinok aitortu duenez, artista batek baino gehiagok ohiko mugetatik ateratzeko baliatu du ariketa. «Pirritx eta Porrotxena da muturreko adibideetako bat. Kantuak ez du bat egiten haien estetikarekin».
Baina nola egiten da kantu bat liburu batetik abiatuta? Nanni Balestriniren hitzatzetatik, Angela Davisenetatik, Manuel Tiagorenetatik abiatuta? Proposamenean, Katakrakek apenas eman zien argibiderik artistei, eta, salbuespenak salbuespen, taldeei ez zieten zuzenean esan zer liburu aukeratu. Askatasun horrek ekarri duenarekin pozik da Celestino. «Guapo dago ikustea zer diferente jokatu duten». Batzuek liburuan agertzen diren esaldiak ibili dituzte kantuan, beste zenbaitek kontzeptuei buruz hausnartuta idatzi dute abestia, eta besteren batek liburua irakurri gabe sortu du kanta. «Ez baitzen beste baldintzarik, ez genien eskatu irakurtzeko», argitu du Etxartek.
Chill Mafiaren kasua da horren erakusgarri, Celestinok oroitu duenez: «Goldak —Julen Goldarazena— ahots mezu bat bidali zidan. Hau zioen: 'Begira, Celestino: nik ez dut irakurriko liburua. Zuk irakurri, eta kontatuko didazu'. Hori egin genuen, eta audio hori ere sartu dugu kantan». Henrich von Kleisten Michael Kohlhaas lana du oinarri, berez.
Liburuetan oinarriturikoez gain, beste hiru pieza ere biltzen ditu diskoak: hiru ereserki. Euskarazko bat, gaztelaniazko bat, eta «dantzatzeko bat». Azken hori Reimy DJarena da. «George Moustakiren abesti baten apropiazio kultural lotsagabea egin, eta Katakrakeko ereserki bilakatu dugu», azaldu du Etxartek.
Bestalde, hamabost kantak interludioz loturik daude biniloan. Urteotan Katakraken izan diren askotariko jardueretan grabaturiko audioak erabili dituzte horretarako, «goren-gorenak», Etxarteren hitzetan. Gainera, modu aski berezian paratu dituzte audiook: interludioek eta kantuek aldiro zapaltzen dute elkar, tarte batez. Hau da: pisten artean ez dago inolako hutsunerik.
Grabaketa gehienak Katakraken eginak dira, iragan udaberrian eta udan. Bertan aritu izanak ekarritako onurak nabarmendu ditu Areta Senosiain musikariak. Diskoko lau kantatan parte hartu du. Orduak eman ditu «sasi-estudio» horretan. «Intimitatean grabatzera ohituta gaude, baina Katakraken grabatzeak aukera eman du askoz jende gehiago izateko partaide kantu bakoitzean, eta bestela ezagutuko ez genukeen jendea ezagutu dugu hala».
Azaroaren bukaeran emanen dute biniloa, liburuxka batekin eta poster batekin batera —Zoe Martikorena izan da diseinatzailea—. Liburuxkan, kantuen hitzak eta horien itzulpenak daude bilduta. Katakraken ibilbidea ere kontatu dute, artistek Katakrakekin duten harremana kontatuz.