«El algoritmo paternalista» en la SER
Abenduak 04 Asteazkena
Idazleak bere lehen sexu esperientzian ardaztutako ‘Neska baten memoria’ eleberria argitaratu du Igelak, Aiora Jakak euskaratuta. Eta Katakrakek Ernauxen «poetika» biltzen duen 'Idaztea labana bat da' liburua kaleratu du, Leire Lakastak itzulita.
Euskal letretan ezagun zaharra zen jada Annie Ernaux idazle normandiarra, 2022an Literaturako Nobel saria eman ziotenerako. Igela argitaletxeak 2002an argitaratu zuen haren euskarazko lehen itzulpena —Pasio hutsa, Joseba Urteagak itzulirik— eta, geroztik, etenik gabeko tantaz tantako jario batean iritsi da haren prosa lan pertsonal, biluzi, biografiko, sozial eta katartikoa. Haren sei lan irakur zitezkeen euskaraz orain arte, eta beste bi gehiago batu zaizkio orain zerrendari. Idazlearen helduarorako trantsizioa eta sexu iratzartze arazotsua kontatzen dituen Neska baten memoria nobela da zazpigarrena, Aiora Jaka itzultzaileak euskaratu eta Igela argitaletxeak kaleratutakoa. Eta Ernauxen mezu elektronikoen truke oparo bat biltzen duen Idaztea labana bat da liburua da zortzigarrena. Leire Lakastak itzuli du, eta Katakrak argitaletxeak eman argitara.
[...]
Frederic-Yves Jeannet idazleak 2000. eta 2001. urteen bueltan, urtebetez, Ernauxi posta elektroniko bidez egindako elkarrizketa luze bat biltzen du Idaztea labana bat da lanak, eta, ondorioz, Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko editoreak esan duenez, solasaldiz solasaldi, autorearen «poetika» topatuko du irakurleak bertan. Eta, horrez gainera, Etxarteren hitzetan, idazten hasi zenetik Ernauxek literatura «iraultzeko» izan duen bokazioaren froga ere badira solasaldi horiek.
«Momentu honetan Euskal Herrian indarrean den eztabaida bati ekarpen itzela egin diezaioke Ernauxen liburuak: estetikaren eta politikaren arteko eztabaidari»
LEIRE LAKASTAItzultzailea
Leire Lakastak egin ditu itzulpen lanak, eta, dioenez, duela hogei urte baino gehiagoko solasaldi bat jasotzen duen arren, «gaurkotasun handikoa» da liburua. «Momentu honetan Euskal Herrian indarrean den eztabaida bati ekarpen itzela egin diezaioke: estetikaren eta politikaren arteko eztabaidari, eta artearen kontzientzia politikoaren inguruko horri, hain zuzen ere».
Literatura askatzailea
Liburuko solasaldietan ere aipatzen du gaia Ernauxek berak. «Ohartu naiz luze aritu naizela politikari buruz, beste edozeri buruz baino luzeago, eta are gehiago luza ninteke», onartzen du. «Izan ere, nire lana —nire idazketa, alegia— ezin da dimentsio politikotik banandu, afera dena delakoa izanik ere: fikzioa eta autofikzioa errefusatzea, idazketa erreala denaren bilaketa dela ulertzea, idazketa kokatzea —behin eta berriz errepikatzen ari naizen bezala— ´literaturaren, soziologiaren eta historiaren artean’; edo hierarkia literario eta sozialak iraultzea, berdin idatziz literaturan lotsagarritzat hartzen diren objektuei buruz —adibidez, supermerkatuak, RER, abortua— eta nobleagoak direnei buruz —adibidez, memoria mekanismoak, denboraren sentsazioa—, eta haien artean lotuz. Oroz gainetik, honako segurtamen hau dut: literatura, ezagutza denean, bilaketaren azken bururaino doanean, askatzailea da».
Eider Rodriguez idazlearen hitzaurrea ere badakar liburuak. Ernauxen literatura eta hautuak deskribatzen dituen alfabeto bat idatzi du Rodriguezek zehazki, eta Ernauxek berak 2011n liburuari idatzitako hitzoste batek ixten du lana, azkenik. Liburua «borobila» dela esan du, horregatik, Lakastak.