«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
ALBISTEAK
Asteartea, 2021-04-20
Indarkeriaz, Hannah Arendten lan ezaguna, argitaratu du Katakrak argitaletxeak, Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenean.
«Indarkeriaz»: gogoeta kritikorako tresna
Aurreikusitakoa baino urtebete beranduago –pandemiaren eraginez–, baina iritsi da euskarara Hannah Arendten Indarkeriaz saiakera. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du, eta Katakrakek kaleratu. Argitaletxearen oharraz gainera, hitzaurre bat ere badakar liburuak, Mario Zubiagarena.
Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko kidearen esanetan, ez da erraza Arendt definitzea, uko egiten baitzion filosofo-izaerari, eta, oro har, «nonbait kokatu nahi zuten ahalegin guztiei». Hala, errazagoa da hura definitzea haren obratik abiatuta, eta ez beste kategoria batzuetatik. Zenbait zertzelada aipatu daitezke, halere: ibilbide brillantea izan zuen ikasketei dagokionez. Harreman intelektualak izan zituen Alemaniako filosofo handiekin. Judua baitzen, erbestean bizi izan zen: 1930eko hamarkadan egin zuen ospa Alemaniatik Frantziara, eta hurrengo hamarkadan, berriz, Europa utzi eta AEBra joan zen. Alemaniako ezkerreko pentsamendutik ez datorren norbait dela kontuan hartuta, ezkerrean mesfidantza handiz jokatu da bere obrarekiko.
Etxarteren arabera, harrigarria da Euskal Herrian Indarkeriaz lehenago argitaratu ez izana. Liburu honetan, Arendtek «etsaikortasunez baina kariño handiz» jorratzen ditu 60ko hamarkadaren bukaeran irakurtzen ziren autore asko, Arendten beraren proiektu politikoaren antipodetan zeudenak: Lenin, Fanon… Liburu honen argitalpena ildo editorial jakin batekin bat dator, Katakrakek ekarritako beste saiakera-lan batzuen bideari jarraitzen baitio, besteak beste: Izuaren osteko gogoeta (Susan Buck-Morss; itzultzailea: Pello Agirre), Kristo fusilarekin (Ryszard Kapuscinski; itzultzailea: Amaia Apalauza) eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria (Silvia Federici; itzultzailea: Amaia Astobiza).
Itzulpenari dagokionez, Diez de Ultzurrunek aipatu du oso testu erraza dela irakurtzeko, baina tolesez eta sakonunez betea dagoela halere; hori dela-eta, itzultzaileak orekari abila izan behar du, «ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun» ekartzeko testua.
Irakurlearen ikuspegitik, Diez de Ultzurrunek uste du liburua hau lagungarria dela gogoetari eragiteko, eta ekarpena egiten diola Arendten helburuetako bati: «Azalkeriatik alde egitea. Klitxeen bidez pentsatzen uzteari ere laguntzen dio». Gainera, argitaratu zenetik mende erdi igaro bada ere, gaur egunean kezkagai ditugun kontuak aipatzen dira: helburuen eta bitartekoen arteko gatazka, zientziaren helburuen inguruko kezka, eskuineko nazionalismoen gorakada…
Zubiagak, bestalde, Arendten ikuspegia nabarmendu du, esanez autorearen posizionamendua «kritikoa» dela beti: eztabaidarako tresnak eskaintzen ditu eta «egoneza» ere sortzen du irakurlean. Horrenbestez, Zubiagaren iritzian, pentsalari eta liburu egokia da kritikarako eta autokritikarako, eta oraingo zein lehengo «gazte eroei» –Joxe Azurmendiren liburuari keinu eginez– gomendatu die.