«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
Euskal Herrian indarkeriak gutxienez bi mendeko historia duen arren, apenas aztertu den gure mugetatik harago horri buruz egin den gogoetatik aparte. Hausnarketa horiek bultzatzera dator Katakrak, Susan Buck-Morssen «Izuaren osteko gogoeta» liburuarekin.
AMALUR ARTOLA | DONOSTIA
Ez zuen Susan Buck-Morss-ek fundamentalismo islamikoa abiapuntu izango zuen libururik idazteko asmorik, baina 2001eko irailaren 11n Osama Bin Ladenek zuzendutako Al-Qaeda erakundeak New Yorken bihotza nola zartarazten zuen ikusteak eta horren aurrean izan ziren erreakzioak aditzeak hausnarketa berriak ekarri zizkion. Haren emaitza izan zen “Thinking Past Terror. Islamism and Critical Theory on the Left” (2003) saiakera, non egileak biolentziaren eta izuaren gaineko gogoeta zabala egiten duen.
Urteak joan badira ere, liburuak gaurkotasuna duela iritzita Pello Agirre Sarasolak ekarri du euskarara lana, Katakrakek sustatuta eta “Izuaren osteko gogoeta. Islamismoa eta teoria kritikoa ezkerrean” izenpean. Liburuan, islam politikoaren eta teoria kritikoaren arteko harremana lantzen du autoreak, gure mugez haragoko hainbat pentsalarik biolentziaz egin dituzten gogoetak zerrendatuz.
Itzultzaileak gaineratu zuenez, arteaz ere hausnartzen du Buck-Morssek. Autorearen iritziz, artistek erabakitzeko ahalmena dutela dirudien arren finean arte komisarioak eta jaialdien kudeatzaileak dira boterea dutenak: «Espazio baimenduan lan egiten duten bitartean ez dago arazorik, baina hor ez dute garrantzia sozial edo politikorik».
Edizioa Buck-Morssi egindako elkarrizketa batek osatzen du.
Hedoi Etxarte Katakrakeko kidearentzat «harrigarria» da Euskal Herrian biolentzia mota eta une ezberdinak ia bi mendez presente egon badira ere (karlistadak, 36ko gerra, diktadura militarra, greba orokorretan eta manifestaldietan erailak, kartzelaldiak eta torturak...) apenas erakutsi izana interesik gure mugez harago biolentziaren inguruan egiten ziren hausnarketekiko. «Harrigarria da zuk edukitzea gai bat egun batean eta bestean ere bai, baina gai horri buruz beste leku batzuetan pentsatu den hori gurera ez ekartzea».
Salbuespen modura, Belen Gopegiren “Tiroa kontzertuaren erdian” (Txalaparta, 2011) eta Walter Benjaminen “Denbora, historia eta artearen inguruko testuak” (Sans soleil, 2015) aipatu zituen eta, horiei batuz, Buck-Morssen saiakerak gogoeta horiek sustatzeko balio dezala eskatu zuen.
Era berean, Katakraketik biolentziaren eta politikaren gaineko hausnarketa horiek beharrezkotzat ikusten dituztela esan zuen Etxartek, eta horretan bidea egingo duten lan gehiago kaleratzeko asmoa dutela iragarri zuen: «Ildo bat hasi nahiko genuke alde horretatik. Udazkenetik aurrera gehiago egongo dira, oraindik garaiz gabiltzalako eta biolentzia badelako gai bat ez dena sekula agortzen».