«El algoritmo paternalista» en la SER
Miércoles 04 de Diciembre
2019-01-22 18:45
1919ko urtarrilean Rosa Luxemburg iraultzailea hil zuten, Berlinen. Hiltzaileek fusilarekin kolpeka burua hautsi eta kanal baten uretara bota zuten gorpua. Bidean zapata bat galdu zuen. Esku ezezagun batek zapata hori jaso zuen lokatzetik. Egunero-egunero, esku ezezagun batek bandera hori jasotzen du lokatzetik, zapata jaso zen gisa berean. Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak idatzia da, eta nik euskarara ekarri dut Euskalerria Irratiko entzuleek Rosa Luxenburg gogora dezaten haren hilketaren mendeurrenean.
Lorea Agirrek euskaraz idatzitako Rosa Luxenburgen biografia begien aurrean daukat, baita berriki argitaratua bertze liburu bat ere: Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti. Liburu hau etzi aurkeztuko da Karrikirin, 7,30etan, eta bertan egonen da Amaia Lasa, liburuaren itzultzailea. Rosa Luxenbungek berak espetxetik igorritako eskutitz bilduma euskaratu zuen Amaia Lasa getariarrak frantsesetik, non eta Nikaragua sandinistan, duela berrogei urte; orain, Katakrak-en ekimenari esker, liburu bihurturik.
Rosa Luxenburgentzako epitafioa idatzi zuen Bertold Brechtek, eta Joseba Sarrionandiak ekarri zuen euskarara, eta honekin nahi dut bukatu nire kolaborazioa:
Hemen datza ehortzirik
Rosa Luxenburg.
Poloniako judua, Alemaniako
langileen buruzagia.
Alemaniako zapaltzaileen
enkarguz, hila.
Enterra itzazue, zapalduok,
zeuen arteko liskarrak!
Ehun urte igarota ere, Rosa Luxenburgen mezua, argia bezain garbia.