«Idazketa labana bat da» GARAn
Martes 19 de Noviembre
Eman dezagun irakurleak abstrakzio bat egiten duela eta Ryszard Kapuscinski-k “Kristo fusilarekin” izenburuko liburu honetan agertzen dena literaturatzat (fikziotzat alegia) hartzen duela. Munduko hainbat eskualdetan (Palestina, Hego- eta Ertamerika edota Mozambike) kokatutako istorioak topatuko lituzke. Eta guztietan antzeko egoerak agertzen dira: botere makinaria ikaragarria duten taldeen aurka borroka egiten duten pertsonak, gehienetan xumeak eta desesperazioa beste bulkadarik ez dutenak. Palestinan kokatutakoetan hor agertzen zaizkigu betiko etxetik egotzi dituztenak lurralderik gabeko herria bihurturik, Israelek errepresentatzen duen boterearen aurka altxatuta biziraute hutsez. Eskualdea gerra bikarioen errepresentaziorako xake taula izanik, gizaki xeheak ulertzerik ez duen eta elkarren lehian dauden botere hari desberdinen erdigunea ere bada. Hego eta Erdiko Amerikan kokatutakoek errealismo magikoaren adibideak dirudite, amesgaiztotik ateratako distopiak, non diktadoreak eta estatu kolpe militarrak pilatzen diren. Eta kasu guztietan ezkutuan botere ilun bat dago, dena kontrolatzen, bizitza eta heriotza apetak eman bezala banatzen. Horrela irakurriz gero, irakurlea narrazio interesgarriekin, biziekin, xehetasunak maisuki erabiltzen dituen kontakizunekin topatuko litzateke. Baina Kapuscinski-k ez du literatura egiteko asmorik. Ikasketaz historialari eta lanbidez kazetari, idazle poloniarrak egiazko gertakariak begietaratzen dizkigu, XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan “munduaren bazterretan” geratzen dena alegia. Idazlana jatorriz 1975ean argitaratu zen, baina nago oraingo mundua gauza askotan ez dela hain diferentea.