Listado de artículos

«Langile mugimenduaren eskakizunak ez dira Bismarcken estatuarekin betetzen»

CÉSAR DE VICENTE. SAIOGILE ETA ANTZERKIGILEA

«Langile mugimenduaren eskakizunak ez dira Bismarcken estatuarekin betetzen»

Herbert Marcuse, Günther Anders edota Erwin Piscatorren lanen edizioak landu ditu César de Vicentek (Madril, 1964). Partaide da Centro de Documentación Crítica taldean, eta iaz argitaratu zuen La revolución de 1918-1919. Alemania y el socialismo radical (1918-1919ko iraultza. Alemania eta sozialismo erradikala) Catarata argitaletxearekin. Alemaniako iraultzaren mendeurrena den honetan, liburua aurkeztera gonbidatu du Gerónimo de Ustariz Institutuak Iruñeko Katakrak liburu dendara.
HEDOI ETXARTE 2019ko otsailaren 10a

Zergatik eduki du hain presentzia txikia Alemaniako Iraultzak bere mendeurrenean?

Egia da Alemaniatik kanpo oso presentzia txikia izan duela. Alemanian ez da hala izan. Berlinen, esaterako, azarotik martxorako programa egin dute, ia egunero solasaldi ala hitzaldiren batekin. Hirian zehar tren bagoiak jarri dituzte mendeurrenaren kronologia azaltzen. Hango prentsan oso sarritan ari dira iraultzaren inguruko artikuluak argitaratzen.

Zein da iraultza honen arazoa? Arrazoi nabarmenena da iraultzak ez zuela irabazi. Gainera, iraultza zapaldu ostean hasi zen nazismoa izango zenaren goraldia. Eta horrek iraultzak esan zezakeena eklipsatu zuen. Gainera, 1917ko iraultzaren artean zegoen. Eta sozialdemokraziaren kontakizunean sistematikoki isildu izan da. Liskar bat bezala interpretatzeko deia egin izan da. Gainera, iraultzak ezin izan zituen erakundeak ia ukitu, ez zuelako astirik izan.

Beste arrazoia da sozialdemokraziak iraultza zapaltzen duela: bortizkeriarekin, modu nardagarri batean, espartakisten kontrako gezurrak asmatzen eta modu sistematiko batean. Iraultzaileak non, manu militari erasotu izan ditu. Eta Lehen Mundu Gerratik iritsitako soldatuekin ezin zuenez (lur jota iritsi zirelako, zatituta, nekatuta), Freikorps-ak eratu zituen: boluntarioen erasotzeko unitateak.

Sarraskia hain nabarmena izan zenez, ezin da historiara pasa. Eta Alemaniako historiografia menderatu dutenak sozialdemokratak izan direnez ezin zuten kontatu, landu, ikertu 1918-1919an zer gertatu zen. Horregatik ukatzen da gertatu zela ere.

Horregatik izan da mendeurrenak iraultza berpiztea ere. Are gehiago, Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht hil izan ez balituzte, ziurrenik ez genuke ezta iraultzaren berririk izango.

Liburuan XIX. mendean Bismarck-ek pentsatzen duen estatuari buruz hitz egiten hasten zara. Nola Alderdi Sozialdemokratak (SPD) joko politikoan sartzeko onartzen dituen Bismarcken arauak. Eta nola estatu hori kudeatzera iritsiz SPD inoiz ez den iraultza baten alde jarriko.

Bai. Nahiz eta urte luzez Bismarcken boterearen eta SPDren artean borroka gogorrak egon (legez kanporatzeak, adibidez), de facto itun bat zegoen. Bismarckek zera planteatu zuen: “boterean” segi zezakeela baldin eta bere arazo nagusiaren aurrean, SPDren aurrean, amore ematen bazuen zenbait kontutan. Aldi berean, SPDk egin zuen irakurketa zen: “Bismarckek amore eman du konfrontazio bortitzik gabe, grebak salbu. Beraz ez da iraultzarik behar gauzak aldatzeko”.

Noski, zuk boterearengandik eskakizunak eskura ditzakezu, eskakizun erreformistak badira. Baina hemen Luxemburgek argitu zuen nahaste bat dago: zer da erreforma eta zer da iraultza. Zeren iraultza ez da gizartearen eraldaketa bortitz bat, eta erreforma ez da, apurka, modu baketsuan egindako eraldaketa bat. Afera da erreformaren bidez ez dela gizartea eraldatzen. Ituna da dagoena. Erreformak zera dio: guztiok eman dezagun amore eta guztiok pozik geratuko gara. Afera da guztion eskakizunak ez direla betetzen erreformarekin. Zeren langile mugimenduaren, mugimendu komunistaren ala anarkistaren jatorrian dauden eskakizunak ez dira betetzen Bismarcken estatuarekin.

Eta ordea, irudi luke, aldaketa erreformisten bidez lortzen ari zarela eskakizunak betetzea. Pasa zaitezke monarkiatik errepublikara, adibidez. Eta hala ikusten baduzu ez duzu iraultza ezertarako nahi. Are gehiago: norbaitek iraultza abian jarriz gero, likidatuko duzu.

Sozialdemokraziaren barneko haustura Mundu Gerra babestu zutenen eta ez zutenen artekoa izan zen. Baina, haustura hori ez al zetorren lehenagotik? Ez al ziren bi proiektu antagoniko SPDren baitan, behintzat, Errusiako 1905etik?
Gerrarik egon izan ez balitz, haustura handi hori egongo litzateke. Baina goazen lehenagora. Europako alderdi sozialdemokratek gerran ez parte-hartzea itundu zuten. Gerra hasi berritan, ordea, gerra babestu zuten: sozialdemokrata belgikarrak sozialdemokrata alemana hiltzea. Baina bada beste afera nabarmen bat ere: sozialdemokraziak kolonialismoa onartzen zuen. Zergatik? Alemaniako langileentzat ona zelako. Eta horrek mantendu ezin zen kontraesan bat zekarren. Funtsean esaten zen ongi zegoela Kongoko langilea kolonialki ere zapaltzea. Horrek ezin zuen asko iraun.

Rosa Luxemburgek salatu zuen kapital metaketaren zati bat oinarritzen zela inperialismoan. Eta beraz, nik uste, gerrak sortu zuen zatiketa hori inperialismoak sortu zuela sozialdemokraziaren baitan.

Artetik historia ezagutzen

“Stefan Zweigek Geremias antzezlana idatzi zuen. Suitzan estreinatu zen. Mezua zen: gerra nardagarria da, utz diezaiogun etsaiari sartzen bestela suntsituko gaituztelako. 1916ko lan bat zen. Gerra Handiak erakutsi zuen proiektu burgesa ez zela bideragarria: aurrerapena areagotzen zen baina jende gehienarentzako miseria handitzen zen. Aberastasun handiagoarekin miseria handiagoa. Gerrak sistema soziala leherrarazi zuen, sistema burgesarekin bukatu zuen. Eta frontetik hildakoak, mutilatuak eta zoroak zetozen. Joan zirenean Kaiserraren garaipena eta Alemaniaren handitasuna saldu zieten”



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema