«Idazketa labana bat da» IRUTXULOKO HITZAn
Viernes 22 de Noviembre
Amaia Astobizak Silvia Federiciren 'Larruazalaren periferiaz haraindi' itzuli du, Katakrakekin
Hedoi Etxarte eta Maitane Unzu Katakrakeko kideak, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU
2021eko abenduak 15 - Donostia 0
«Gorputzari buruz idatzi du hemen Silvia Federicik, aurrez inoiz egin ez duen modu batean». Medikuntzaz idatzi du, arrazaz, feminismoaz, antzezpenaz, ugalketaz, klaseaz, kontrolaz, prostituzioaz, haurdunaldi subrogatuaz, generoaz, kapitalismoaz, suizidioaz. Gorputzaz. Hala abiatu dute Katakrakeko kideek pentsalari feministaren lan berrienari egindako oharra, argitaletxearen ohiko hitzaurrea, sabel puztu bat goitik behera ebakitzen duen orbana eta hura ukitzen duen esku bat ageri dituen irudiaren ondoan. Federiciren Larruazalaren periferiaz haraindi ekarri du oraingoan euskarara Katakrakek, Amaia Astobiza Uriarteren itzulpenean —Federiciren beste hiru lan ditu euskaratuak Astobizak haiekin—, eta aurreko lanetatik hona «haustura bat» dagoela azpimarratu dute Hedoi Etxarte eta Maitane Unzu argitaletxeko kideek. Egilea eta itzultzailea falta zirenez, haiek aurkeztu dute liburua, Donostian. Iazkoa da jatorrizko argitalpena: Beyond the Periphery of the Skin: Rethinking, Remaking, and Reclaiming the Body in Contemporary Capitalism.
Azken urteetan egindako lanak apailatu ditu liburuan Federicik; guztira, hiru hitzaldi eta zazpi artikulu. Gorputza ardatz gisa hartuta, gai ugari jorratu ditu —«espero gabeko loturak eginez tarteka», Etxarteren esanetan—, eta lau atal eta hamar kapituluan egituratu ditu denak. Egileak berak sarreran argitu duenez, 2015eko neguan, Kaliforniako (AEB) Ikasketa Integralen Institututik eskatu zizkioten hiru hitzaldietan du oinarria liburuak, baina horien ondoko hizketaldietan agertutako galderek aurreikusitako esparrua «gainditu» ziotela dio, eta zabaldu egin ziotela liburuaren ikuspegia. Hala, Etxarteren esanetan, «liburu gisa pentsatuta» balego bezala uler daiteke lana.
Lau dira, Federiciren hitzetan, Larruazalaren periferiaz haraindi-n nabarmentzen diren galderak: lehena, beharrezkoa ote den oraindik «emakume» kategoria erabiltzea politika feministetan, ala baztertu egin beharko litzatekeen, Butlerrek eta bestek teorialari postestrukturalista batzuek proposatu bezala; bigarrena, identitate politiko oro baztertu beharko litzatekeen; hirugarrena, nola ebaluatu behar diren ugaltze teknologia berriak; eta, azkena, teknologia horiek gorputzen gaineko kontrola areagotzeko balio duten, ala merkatu kapitalistaren barruan esperimentatzeko eta aberasteko objektu bihurtzen ote dituzten gorputzak.
Haren irakurleak «erabat Federicirena» den ahots bat topatuko badu ere, aldi berean, Unzuk aurreratu du espero gabeko gogoetak dakartzala: «Errespetuzko begirada batetik, gaiak oso modu globalean aztertzen ditu, eta gorputzak ekosistema oso batean kokatzen ditu; historikoki izan diren borroka ugari kontuan hartuz eta toki komunak bilatuz. Kolektiboan jartzen du beti begirada».
Federiciren obra aztertuta, ordea, lan horrek «haustura bat» dakarrela defendatu dute argitaletxeko kideek. Gogora ekarri dute Etxeko lanen kontrako soldatak (1975) izan zela hark publikatutako lehen liburua, taldean idatzitakoa, eta haren ondotik heldu ziola bakarkako bideari. 2004an eman zuen Caliban eta sorgina, eta ondotik etorri ziren Soldataren patriarkatua (2017), Mundua berriz liluratuz (2018) eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria (2018), besteak beste. Unzuren esanetan, Caliban eta sorgina-rekin hasitako zikloa Mundua berriz liluratuz-ek itxi zuen, «historia aztertzetik etorkizuna pentsatzera» igaro zenean autorea. Azken hura «testamentutzat» uler zitekeela eta, agertutako galdera berria luzatu du Unzuk: «Nola idatzi honezkero testamentu lanak egin ditzakeen lan mardul baten ostean?».
Hala, Edward Said pentsalaria hil ostean, haren alargun Mariam C. Saidek argitaratu zuen Estilo berantiarra lanera (2006) jo dute argitaletxekoek Federiciren lana kokatzeko. Etxarte: «Saidek estilo heldua eta berantiarra bereizi zituen. Estilo heldua koherentzian dago egilearen gainontzeko faseekin eta da, nahi baldin bada, haren ekarpen gorena; ordea, estilo berantiarrak gehiago dauka intrantsigentziatik, zailtasunetik eta kontraesanetik. Liburu honetan Federici berantiar bat dago, eta horrek esan nahi du ausartu dela orain arte ausartu ez den gaiak jorratzen». Prostituzioa edo ugalketa subrogatua, esaterako. «Baina baita ere, ausartu da, inoiz ez bezala, zalantzan jartzen bereziki 1990eko hamarkadatik aurrera 1970eko feminismoari egin zaizkion berrirakurketak». Federiciren ustetan, «feministen belaunaldi berriek biziki gutxiesten» duten aldia dena, hain justu.
«Ulertzen du gorputza gorputza uler dezakegun modu ia guztietan», laburtu du Etxartek, eta egilearengan «militantea eta goi mailako pentsalaria» batzen direla goraipatu du: «Gutxitan ematen da luxu hori. Badaki zertaz ari den, lokatz horietan egon delako, baina, aldi berean, beti dago harremanetan beste garai eta toki batzuetako gogoetekin».