Listado de artículos

«Mari-mutil baten bluesa»ri iruzkina ERRIAn

Mari-mutil handi baten bluesa

Leslie Feinberg (itz. Fermin Zabaltza). Katakrak 2018.
Garazi Arrula Ruiz. Itzultzailea

Jess Goldbergen bizitza lehen pertsonan kontatzen zaigu eleberri honetan, aurrenekoz, 1993an, ingelesez kaleraturiko Stone butch blues izenekoaren itzulpenean. Jess judua, mari-mutila eta
langile klasekoa aurkezten zaigu, 40-50eko urteetan New Yorkeko estatuan hazia; umetatik behin eta berriz entzun behar izan du neska ala mutila ote den, eta galdera horri erantzun beharrak ardazten du istorioa. Hain zuzen, genero identitatearen bilatze bat da kontaketa, sexu eta genero sistema binarioak kolokan jarri eta gorputzaren mugak moldatu nahia. Mari-mutila izateko modu anitz badirela ikasiko du Jessek, ez larritasun, bortizkeria eta samin gutxirekin.

AEBn eta Kanadan mafiak kontrolaturiko tabernetan elkartzen ziren lesbianak, gayak, drag queenak eta komunitate baztertuak 1960-70 inguruan. Bai giro hori bai askapen borrokaren hastapenak eta kontraesan edo eztabaidak ezin hobeki ezagutuko ditugu, ez soilik Jessen ahotsetik, baita inguratzen duten kideen ikuspegitik ere; horrela, gaiaren konplexutasun eta zalantzak agerian utziko dituzte. Poliziaren eta kaletarren biolentzia fisiko eta hitzezkoa izugarri gogorra da pasarte batzuetan, nola desberdin sentitzearen ondoriozko lotsak eta hersturak. Eguneroko ekintza txiki eta oharkabeetan borrokatu beharraren nekea ere azaleratzen da oso modu finean. Horregatik, Jess eta kideen arteko elkartasun eta babes sareek arnasa eman diote irakurle honi, istorio latzean argi printza itxaropentsuak baitira.

Generoaren konplexutasun osoaz gainera, arras interesgarria da kontaketak beste borrokekin egiten dituen lotura naturalak, intersekzionalitateaz hainbeste mintzatzen garen honetan. Bereziki, langile klasearen lan eta bizi baldintzen berri eta sindikatuen antolaketaren berri ematen zaigu, kontaketaren zati handi bat Buffaloko fabriketan gertatzen denez. Vietnamgo gerra ere agertzen da, AEBren parte hartze militarrarekin eta herritarren nahiz agintarien posizio hartzeekin batera. Natibo amerikarren egoera, arrazakeria eta klase zapalkuntza han eta hemen tartekatuko dira transfobia eta beste identitate atxikimendu batzuekin, loturak behartu gabe. Ahots, bidegurutze eta ikuspegi horien guztien bidez jasoko dugu zinez gomendagarria den kronika-errelato politiko hau, Fermin Zabaltzaren lan handiari esker.



Libro recomendado:

Mari-mutil handi baten bluesa

20,00 €

Disponible en 4-5 días


Más artículos sobre este tema