Un solete
Lunes 02 de Septiembre
FERMIN ZABALTZA ALEMAN ITZULTZAILEA
NEREA ALEJOS
Iruñea
Bere burua honela definitzen zuen: “Antirrazista zuria, langile klasekoa, judu sekularra, transgeneroa, lesbiana eta komunista iraultzailea”. Estatu Batuetako idazle, kazetari eta industriako langilea, Leslie Feinberg-ek (1949-2014) lau saiakera eta bi eleberri argitaratu zituen. Stone Butch Blues (1993) izeneko nobelarekin bihurtu zen ezagun.
Hogeita bost urte bete dira liburu hau argia ikusi zuenetik eta Fermin Zabaltza (Iruñea, 1974) itzultzaileak euskarara ekarri du Mari-mutil handi baten bluesa izenburupean. Katakrak argitaletxeak kaleratuta, pasa den astean Iruñeko Liburu Azokan aurkeztu zen.
Zabaltzak 2000. urte aldera izan zuen Leslie Feinbergen berri, Londresen izandako egonaldi batean. Hain zuzen, Gay’s the Word liburu-dendan, LGTB gaietan espezializatua eta Pride
filmean agertzen dena. Lehenik egile beraren beste liburu bat ezagutu zuen, Transgender Warriors, saiakera moduan idatzita.
Stone Butch Blues eleberriak errealitate “berri bat eta ezezaguna” erakutsi zion Zabaltzari. “Nik ez nuen imajinatzen Estatu Batuetan, 60. eta 70. hamarkadetan, poliziek sistematikoki “lesbianak, gay-ak eta transgeneroak atxilotu, zanpatu eta bortxatzen zituenik. Ez zitzaidan burutik pasatu, demokraziaren herrialdean eta hain berandu”. Garai hartan, debekatua zegoen emakume bat gizon arropekin janztea edo alderantziz, edo bi gizon edo bi emakume elkarrekin dantzatzea. “Liburu hau irakurrita, ikusi nuen batez ere indarkeria poliziala zela gauzarik gogorrena”. Eleberriak Jess Goldberg izeneko pertsonaren bizitza kontatzen du. Feinberg bezala, langile klasekoa zen, pobrea, judua, lesbiana eta komunista. Egilearen bizitzarekin paralelismoak baditu ere, “Feinbergek beti ukatu du autobiografia denik”, esaten du Zabaltzak.
Bere iritziz, liburua “LGTB mugimenduaren memoria historiko bat da. Garai hartako Ameriketan, mugimendu honen giroa oso ezkerrekoa zen, oso marginala, mafiak kontrolatutako tabernetan elkartzen zen komunitatea”. Dena den, nahiz eta genero dentitatearen gaia ardatza izan, ez da nobelaren kontu bakarra. “Era guztietako gaiak eta ñabardurak agertzen dira: emakumeen zapalkuntza, bortxaketak, arrazismoa, langileen borroka, Vietnamgo gerra...”. Zabaltzak denbora luzea eman du liburua itzultzen, oporrak aprobetxatuz, eta norbaitek argitaratuko zuenik jakin gabe. Garai hartako terminologiarekin ibili da bueltaka, adibidez izenburuko butch hitzarekin (itzulita, mari-mutila). “Buruhauste handiak ekarri dizkit. Liburuan agertzen den terminologia orain ez dago Estatu Batuetan, LGTB mundua aldatu delako”. Feinbergek izenordain neutroen erabilera bultzatu zituen ingelesean, adibidez ze edo hir formak (his edo her beharrean).
Hedoi Etxarte Katakrak argitaletxeko arduradunaren ustez, “Feinbergen idazkera errukigabea da. Faulknerrek esaten zuen idazle batek artearekin zuen ardura nagusia errukigabea izatea zela. Berdin behar zitzaion ohorea, harrotasuna, duintasuna edo edertasuna. Liburu honetan aurkituko ditugu norbanakoaren ezintasun guztiak, besteekin batera etengabeko arazoak gainditzeko ahaleginak. Nobela on bat irakurri nahi duen edonori interesatuko zaio”.
‘MARI-MUTIL HANDI
BATEN BLUESA’
Egilea: Fermin Zabaltza
Argitaletxea: Katakrak
Orrialde kopurua: 464
Ale kopurua: 800
Salneurria: 20 €