Listado de artículos

«Nagusia kanpoan bizi da» BERRIAn

Kontzientzia hartzeaz, idealizaziotik urrun

XX. mendeko lehen hamarkadetan Japonian loratu zen literatura proletario oparoaren izen nagusia izan zen Takiji Kobayashi. Kontzientzia hartzea izan zuen bere obraren ardatzetako bat.
Takiji Kobayashiren argazki bakanetakoa. Takiji Kobayashiren argazki bakanetakoa. BERRIA
2017-06-18 / Mikel Lizarralde

Takiji Kobayashi 1933ko otsailaren 21ean hartu zuen atxilo Japoniako Poliziak. Eguerdiko ordu bata aldera. Kalean. Ordu erdiz indarka aritu zen poliziekin, ihes egin nahian, baina, azkenean, komisariara eraman zuten arrastaka, eta hirugarren gradua ezarri. Hirugarren gradua: mehatxuak, koakzioa eta tortura fisiko eta mentala. Konortea galdu arte eutsi zion Kobayashik. Baina ez zuen zentzua berreskuratu. Eraman zuten ospitaleko medikuak eman zuen heriotza agiria: bihotzeko gaixotasun batek hil zuen. 29 urte besterik ez zituen.

Patuaz hitz egin gabe, deigarria da Kobayashik nola aurreikusi zuen bere heriotza. Edo ez. Garai liberala bizi zuen 1920ko hamarkadan Japoniak —artean faxismoaren arrastorik gabe—, eta, hala ere, nekazarien, langileen, ikasleen, emakumeen eta baztertuen aldeko gizarte mugimenduek indarra zuten. Eta asko ziren artista engaiatuak, militarismoa, arrazakeria, inperialismoa eta sexismoa jomugan zituztenak. Horietako bat zen Kobayashi. Idazlea. Baina baita Alderdi Komunistako kidea ere. Eta bazekien zer zen klandestinitatea eta baita estatuak langile mugimendua nola jazartzen zuen ere. Hain zuzen ere, 1928ko martxoaren 15a eleberrian horixe bera kontatu zuen: Japoniako langile mugimenduaren aurka estatuak egin zuen makrooperazio bat. Aktibismoari buruzko eztabaidak eta antolakuntzari buruzko zertzeladak. Eta horien gainetik, tortura. Langile militanteek eta intelektualek jasan zutena. Bost urte geroago Kobayashi bera protagonista izan zuen istorio berbera finean.

1928ko martxoaren 15a nobela laburra —ehun orrialde eskas— eta Nagusia kanpoan bizi da eleberria liburu bakarrean bilduta kaleratu berri ditu Katakrak argitaletxeak. Narratiba saileko aurreneko lana du. 1928ko martxoaren 15a aurretik armiarma.com atarian zegoen argitaratua.

Erdi Arotik gertuko gizartea

«Lehen, herri guztietan, errentarien txabola erdi erorien artean, nagusiaren etxearen hormak nabarmentzen ziren kurriloa bezain zuri. Pobreen eta aberatsen arteko desberdintasuna izugarria izaten zen. Baina hori aspaldiko kontua zen. Orain, Hokkaidoko nekazari herrietan, nagusiak ez ziren bertan bizi. Ez zeuden herrietan». Nagusia kanpoan bizi da nobelako pasarte horrek ematen du liburuaren gakoetako bat. Eta segitzen du: «[....] Jakina, nagusiek ez zuten kulturarik gabeko herri pobreetan bizi nahi, lehengo nagusiek ez bezala. Eta, beraien ordez soroez eta errentariez arduratzeko administratzaile bat jarri ohi zuten. [...] [Nagusiak] Errentak kontatzeaz soilik arduratzen ziren. S izeneko herria ere horietako bat zen».

Eta S deituriko herrixka horretan modernitatearen zantzu batzuk ageri diren arren —aisialdirako eta prestakuntzarako guneak, zinema areto bat—, gizarteak erabat hierarkizatua izaten segitzen du. Iñigo Aranbarrik Katakraken argitalpenaren hitzaurrean dioen moduan, «funtsean dena dago gertuago Erdi Aroko eskema produktibotik beste ezeretik baino». Kobayashiren nobelan, nagusia ez da pertsona onbera, baina askoz «bihozberagoa» da hark herrian utzi duen administratzailea: «Izuaren praktikan laguntzeko, hor du armada, zeina, nola bestela, nekazari txiroenen semez osatua dagoen».

Kobayashi idazle militantea zen, eta militantzia politiko eta sozial hori idazlanetan islatu beharra zuen. Horregatik, gatazka planteatuta eta leherketa soziala gerta dadin gako guztiak mahai gainean daudenean, idazleak ezinbestekotzat jotzen duen elementua agerrarazten du. Aranbarri: «Kobayashiren obretan huts egin ezin duen aktantea: irakurketen bidez kontzientzia hartuta gizartea astinduko duen sindikalista».

Nobela Senki aldizkarian argitaratu zuen lehenengoz Kobayashik, atalka emanda. Bere garaiaren kronika bat balitz bezala. Eta nabari zaio, Aranbarriren iritziz, «lehenbailehen amaitu nahi balu bezala» dagoelako idatzia: «Inongo konplexu estilistikorik gabe, eta idazkera postmoderno askok nola, frixtan eta era guztietako materialak erabiliz, izan elkarrizketa arrunt, deskripzio bizkor zein benetakoen panfletoen zati». Patchwork «handi bat» da nobela, haren ustez, «barne-elementuen artean orekarik bilatu nahi ez duena».

Hala Nagusia kanpoan bizi da-n nola 1928ko martxoaren 15a-n borrokak, giza harremanak, antolaketa, tortura... ditu idazpide Kobayashik, eta, batik bat, kontzientziaren gaineko gogoeta egiten du. Kontzientzia hartzeaz. Pertsonaiak beren egoeraren jabe egiteaz. Ez ditu, baina, pertsonaiok —langileak, militanteak— idealizatzen. Aranbarri, 1928ko martxoaren 15a-z: «Eskertzekoa da pertsonaiei zimurrak aterata manikeismoa gainditzeko Kobayashiren egindako ahalegina: emakumeek kezka praktikoa agertuko dute borrokaren etekinaz; militanteak arduratuta agertuko dira langileen borrokaren izpi txikiena iristen ez delako kalera; tortura saioen ostean atxilotuak poliziez errukitzen hasten dira hain lan gogorretan jartzen dituztelako...».

Liburu batek ezagutarazia

Euskaraz argitaratu dituzten bi nobela horiek baino ezagunagoa da Kanikosen, Kobayashiren izena mundu osora zabaldu zuen eleberri laburra. Bere obraren corpus nagusiari bete-betean erantzuten dion eleberri hori arrantzontzi batean dago kokatua, eta bertako langile eta arrantzaleen kontzientzia hartzea eta matxinatzea kontatzen ditu.

Idazlearen beste lan batzuk bezala, Senki aldizkarian argitaratu zuten, eta, berehala, oihartzuna lortu zuen. Horren erakusle da hilabete gutxiren buruan antzezlan bilakatuta estreinatu izana. Nolanahi ere, 1948ra arte ez zuten eleberria liburu gisa argitaratu Japonian. 2008an berrargitaratu egin zuten liburua, eta salmenta fenomeno izugarria bilakatu zen. Nobelan oinarritutako film bat ere egin zuten.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema