Rueda de prensa de «La danza de las luciérnagas»
Miércoles 27 de Noviembre
Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Molly Smith eta Juno Mac sexu langileek «Revolting prostitutes» saiakera argitaratu zuten 2018an. Urte erdian, urte osoko aurreikuspenak gainditu zituzten. Jatorrizkoa euskaratu du Amaia Astobizak, «Puta zikinak». Haiek entzuteko garaia da, eta eztabaida sustatzekoa.
Amaia Astobiza Uriartek itzuli du «Puta zikinak» (Katakrak). on URBE
Azken garaiotan asko idatzi da prostituzioaz, saiakerak egin dira, testigantzak jaso dira, erreportajeak edo dokumentalak sortu dira, dela teoria politikotik, dela kazetaritzatik. Alta, ezer gutxi iritsi da euskarara. Hutsune hori betetzera dator Katakrak argitaletxea ‘Puta zikinak. Sexu-langileen eskubideen aldeko borroka’ saiakerarekin.
Abagunea, ordea, ez da hizkuntzarekiko bakarrik, are eta gehiago, bereziki feminismoaren baitan prostituzioaren gaiak sortzen duen eztabaida elikatzeko eta aberasteko tresna izan nahi du.
Jatorrizko edizioa ingelesez idatzitakoa da, eta ‘Revolting prostitutes’ du izena. 2018an editatua aurrenekoz, Juno Mac eta Molly Smithek ondutako saiakera da, ikerketa lan batetik oso gertu dagoena. Badakite zertaz ari diren. Biak ala biak Eskozian sexu-langileak dira, eta biak ala biak Sex Worker Advocay and Resistence Movement-eko (SWARM) kideak dira.
Emakume zuriak dira, miltanteak dira eta ahotsa dute. Pribilejiatuak direla onartzen dute eta, hain zuzen, pribilejio hori baliatu nahi izan dute ahotsik ez duten beste sexu-langileei ahotsa emateko. Eta entzunak izateko.
Amaia Astobiza Uriartek itzuli du gure hizkuntzara, eta Nerea Fillat editorea bidelagun, ostiral honetan aurkeztu dute lan berria Donostian. Azaroaren 25 batean egin da, jakina, intentzio osoarekin, «prostituzioaren inguruan gauzatzen diren bortizkeria guztiak azaleratzeko egun aproposa» delakoan, esan du.
Mac eta Smith politikoki antolatuta daude, eta ez dute bazterretatik hitzegiten, ahotsa dute. «Hitz egin nahi dute, eta hortik nolabait munduaren aldaketa edo eraldaketa egin nahi dute. Ingurunearen transformazioa bitartekorik gabe». Hor dago lanaren gakoa, dela protagonisten ahotsa jasotzea. Besteoi, entzutea, kasu honetan irakurtzea, dagokigu.
«Sexu-lana eta prostituzioa moralik gabe jasotzen dute, oso liburu materialista da, edo beste modu batean esanda, sexu-lana oso modu materialean planteatzen du», eman du aditzera editoreak. Edukiaren nortasunaz erantsi du kanpo epaiketarik gabekoa dela eta ikuspuntua zintzoa dela. «Horren konplikatua den eztabaida honetan, ikuspuntu zintzo hau gure irudikoz oso garrantzitsua da feminismotik auzia eusteko».
Feminismoaren bi eztabaida nagusietakoak gogora ekarri ditu Fillatek, «‘trans’ afera eta prostituzioa». Biek ala biek «zatiketa ikaragarria» eragiten dutela jakitun, ‘Puta zikinak’ auzia aurrez aurre begiratzen jartzen dela abisatu du, ez dio ertzetatik heltzen. Horregatik jo dute beharrezkotzat. «Sexu-lanaren aldekoa da, despenalizazioaren aldekoa, putei ahotsa eman nahi dien liburua da eta politikoki ere hortik sortua da. Zintzoa da, zehatza, ez du ñabardurarik».
Abolizionismoa vs despenalizazioa
Euskarara Amaia Astobiza Uriartek ekarri du, eta ulertzeko eta irakurtzeko euskara xamurra, atsegina erabili duela aurreratu du. Helburua delako saiakera irakurtzera ohituta ez dagoen jendea ere hurbildu araztea.
Silvia Federiciri estima handia zaion herri honetan, Astobizak aipatu du hain justu egile italiarrak egina duela ‘Revolting prostitutes’ lanari buruzko iruzkina. «Liburu honen zain egon naiz», aitortu ei zuen Federicik. «Guztiz egokia da [liburua] prostituzioari buruz feminismoan dauden zatiketa suntsitzaileez hitzegiteko, eta erakusten du sexu-langileen borroka funtsezkoa dela edozein justizia sozialaren aldeko edozein mugimendurentzat».
70ko hamarkadan, Federicik parte hartu zuen Italian, beste emakume feminista batzuekin batera, «etxeko andreentzat» soldatak eskatzen zituen mugimenduan. Helburua zen etxeko lanak lanbidetzat jotzea langileak antolatu ahal izateko eta langileek erabaki ahal izateko zein izango ziren lan baldintzak. Gero erabakiko zuten lan horretan jardun nahi zuten edo ez. Borrokatu ahal izateko behar zuten antolatu, eta Smith eta Mac egileek hori da defendatzen dutena, hain zuzen. «Gizartearen aurrean indar bat izateko behar dute lehenik aitortzea beren lana lan gisa, eta orduan izango dute aukera baldintzen inguruan borrokatzeko».
Muinera sartuta, jorratzen dituzten gaiak dira sexu lanari buruzko ikuspegi feministak, pluralean. «Batez ere bi korronte daude: abolizioaren aldekoak, abolizionistak alegia; eta despenalizazioaren aldekoak, baina horien artean ñabardurak daude», aurreratu du Astobizak.
Liburuan etengabe jartzen dituzte mahai gainean batzuen eta besteen ikuspegiak, alderatu eta argudiatu egiten ditiuzte ikuspegiak. Erreferentzia mordoa daude oin oharretan eta bitxikeria gisa, maiz aipatzen dira sare sozial, blog edo foroetako aipuak. «Irakurriaz konturatu nintzen prostituzioari buruz oso gutxi hitzegiten dugula oraindik, oso eztabaida gutxi egiten direla antolatuak eta berariazkoak, eta eztabaida edo hika-mika nonbait badago dela sareetan. Hork nork bere tripetatik hitzegiten du gehiago eta ez hainbeste hausnarketatik», hausnartu du.
Bada, egileek horiek guztiak ekarri egiten dituzte gero argudiatuz erantzuteko. «Eta ikusarazteko ze iritzi daukan gizarteak sexu-langileei buruz haiek ezagutu gabe, haien lana ezagutu gabe, haien behar materialak eta bestelakoak ezagutu gabe…».
Biziraupenerako sexua behin eta berriro agertzen da, sexu-industrian jarduten duten emakumeek askotan bizirauteko egiten baitute. «Momentuko beharrak dituzte, izan daiteke droga kontsumoa, izan daiteke seme alabak elikatzeko… dirua unean bertan behar duten emakumeak dira, ez da aberasteko edo dirua egiteko lanbide bat gehienentzat», azaldu du.
Edukiak zortzi atal ditu, sarrera eta ondorioak aparte, eta eskoziarrek luze lantzen dute migrazioaren auzia. «Askotan legez kanpo zeharkatu behar izaten dituzte mugak eta beraz legez kanpo iristen dira helburuko herrialdeetara eta ez daukate beste lanbideetan aritzeko aukerarik. Batzuetan, muga zeharkatzeko ordaindu dute eta zor handia sortu dute, edo engainatu dituzte eta zuzenean eraman dituzte sexuan aritzera, edo haiekin trafikatzen dute…». Horri guztiari eskaintzen diote kapitulu bat zeina dagoen oso ondo ikertuta eta oso ondo azaldua, maiz «hori izaten delako sexu-lana erabat baztertzeko edo erabat abolitzeko ematen den arrazoia», ohartarazi du.
Terminologiaren garrantzia
Liburu honetan garrantzia handia ematen diote egileek zehaztasunari, hitzegitean termino egokiak erabiltzeari. Zergatik? «Askotan, prostituzioari buruz hitzegiten denean terminoak erabiltzen direlako esanahi ezberdinekin, eta horrek egiten duena da eztabaida eta hausnarketa nahastu», esan dute.
Azaldu dutenez, alde batetik dago despenalizazioa edo deskriminalizazioa, eta horrek esan nahi du «sexu-langileen gaineko edo prostituzioaren gaineko zigorrak kentzea. Eta beste aldetik dago legeztatzea, eta esan nahi du sexu-lana berariaz egongo dela araututa». Aditzera ematen dutenez, kasu horietan dator kontrol bat, tartean poliziala. «Galtzen ateratzen dena beti emakumea da. Adibidez, eredu batean nahiz eta emakumeak zuzenean ez zigortu, bezeroak zigortzen badira, dakar sexuaren salerosketa leku ezkutuagoetan egitea, edo prezio merkeagoetan bezero gutxiago daudelako, eta beti toki ezkutukoetan eta seguruak ez direnetan».
‘Puta zikinak’ lanak «oso ondo» bereizten ditu despenalizazioa eta legeztatzea. «Oro har, abolizonistek arautzearen alde egiten dute. Bi autoreek aldarrikatzen dutena da despenalizazioa eta sexu-lanean sor daitezkeen lege urratzeak lan zuzenbidearen bidez epaitzea eta zigortzea». Eta hori da hain justu Zeelanda Berrian egiten dena.
Edukiak, aurrerantzean, sakon alderatzen ditu mundu mailan herrialde ezberdinetako legediak, eta ideala momentuz existitzen ez den arren, begi onekin ikusten dute aipatu eredua, Zeelanda Berrikoa. «Ez dizuegu eskatzen sexu-industria maitatzeko, guk ez dugu maite noski, eskatzen dizueguna da sexu industriarekiko eta gizonekiko, putazaleekiko, sentitzen duzuen higuinak, ez dezala gainditu sexua saltzen duen jendearekin enpatizatzeko duzuen gaitasuna», eskatzen dute egileek amaieran.
Juno Mac eta Molly Smithen hitzetan, «espazio feministetan sexu-langileek funtsezko oztopo bati egin behar izaten diote aurre, alde batera utzi behar da prostituzioak sinbolizatzen duena, gure iruditegian duguna, eta prostituzioaren kriminalizazioak sexua saltzen duten pertsonei materialki egiten dienari begiratu behar zaio».
Fillaten aburuz, hori da gakoetako bat, eta hortan datza liburuaren balioa: «Feminismoaren erronka ere bada, sexu langileen ordez hitzegin baino, esparruak ireki eta ikusi nola materialtasunetik heldu diezaiokegun prostituzioaren eztabaidari, ez hainbeste ideologiatik, urruntasunetik, baizik hitza protagonistei utziz (…). Hausten du feminismoaren barnean dagoen momentu hau, halako arrakala… liburuak hor parte hartzeko gogoa dauka», amaitu du.