Listado de artículos

«Sofia Petrovna» DIARIO DE NAVARRAn

‘Sofia Petrovna’, izutik datorren eleberria

Euskaratzen den Lidia Txukovskaiaren lehen liburua Josu Zabaletak itzuli du Katakrak argitaletxearentzat
ION STEGMEIER
Iruñea

Sofia Petrovna, Iruñeko Katakrak etxeak euskaratu duen azken nobela, argitaratu zen arte pasatu zituen pasadizoekin beste eleberri bat idatzi liteke; momentuz, ordea, benetan gertatuko historiaren kapitulu bat besterik ez da, gizakiaren alde anker eta ilunena isladatzen duen historia. Lidia Txukovskaiak 1939. urtean idatzi zuen Sofia Petrovna, Stalinen Purga Handiaren garaian. Bi urte lehenago bere senarra, Matvei Bronstein fisikari nuklearra, atxilotua izan zen. Emazteari esan zioten hamar urteko espetxe zigorra beteko zituela, gutun-harremanik gabe, baina aitaren kontaktuei esker —Kornei Txukovski idazle, kritiko, itzulpenaren teorialari eta haurrentzako literatura idazle famatua zen— Lidiak jakin zuen urte bat lehenago senarra epaitu eta fusilatu izan zutela.

Horren aurrean, Lidia Txukovskaiaren erantzuna nobela hau idaztea izan zen, erantzun arriskutsua orduko Sobietar Batasunean. Eta horretarako gogoratu zituen kartzelako ateko ilaretan Anna Akhmatovak —honek bere semea zeukan barruan— irakurtzen zizkion eta berak buruz ikasten zituen poemak. Batak bestearen testuak ikasten zituzten buruz, orduko gizarte horretan hobe zen idatzirik ezer edukitzea. Tamalez ohitura bihurtu ziren memoria ariketa hauek. Requiem poemaren prosazko aldaera izan daiteke Sofia Petrovna. Sofiaren pertsonaia Anna Akhmatovaren irudian dago oinarritua.

Eleberrian, Sofia Petrovna mekanografia lanak egiten ditu Leningradoko argitaletxe batean. Alargun gelditu ondoren ikasi zuen lanbide hori eta, dirudienez, dena ongi doakio bizitzan. Baina nahiz eta hasieran Stalinen Purga Handietatik salbu egon, laister ikusiko du ez dela horrela. Eleberria idatzi eta badaezpada ere Lidia Txukovskaiak Leningradotik alde egin zuen, eskuizkribua eta bere gauza guztiak lagun bati utzita. Bigarren Mundu Gerra heldu zen, hiriko setioa eta milioi bat pertsonen heriotza. “Eleberria zuen Lidiaren laguna ere setioan hil zen, goseak”, azaltzen du nobela euskaratu duen Josu Zabaletak. “Handik urte batzuetara beste lagun batek bihurtu zion eleberria Lidiari, lagun hark goseak hil baino hamabost egun lehenago berari emanda”, azaltzen du.
Badaude Terrore Handiari buruzko beste libururik, baina Sofia Petrovnak literaturari egiten dion ekarpen garrantzitsuena da bertan idatzia dela, 1939. urtean, kontatzen denaren garaikide, izuzko mundu hortatik zuzenetik dator. “Txukovskaiaren kontakizunean ez dago soberako dramatismorik, sentimentalismorik, sentsibleriarik, errukikeriarik; kontaketa soil bat besterik ez”, dio Josu Zabaletak. “Herritar gehienek ez dute ulertzen terrorea; hain zuzen ere, partez behintzat, ez ulertzeko berariazkoa eta aleatorioa delako terrorea”.

SOFIA PETROVNA
Egilea: Lidia Txukovskaia
Itzultzailea: Josu Zabaleta
Argitaletxea: Katakrak
Orrialdeak: 154
Salneurria: 15 euro

Literatura honen berezitasuna, Zabaletaren aburuz, isiltasun handi baten azpian ezkutarazirik zegoen garrasia da. Euskal itzultzaileak aitortzen duenez berandu iritsi zen klasikoen azpitik dagoen errusiar literaruraren “oihanera”. Aldizkari eta egunkarietako kritiken eskutik heldu zen Txukovskaiara. “Orain, erretiroa hartuta nagoela, irakurlea naiz batez ere, itzultzaile baino gehiago; baina beti dut buruan itzulpenaren bidez euskal literaturaren mundura ekarpentxo bat egiteko asmoa edo gogoa”, dio.
Katakrak-en diote Txukovskaiaren eta bere garaiko Errusiako Literaturaren enbaxadore lanak egiten dituela beraientzat Zabaletak, baina berak ez du hala uste. “Katakrak-ekoei beste askori gertatu zitzaiguna gertatuko zitzaien beharbada; leiho bat zabaltzen dizutela ezagutzen ez zenuen alde batera eta sekulako paisaia agertzen zaizula bat-batean”, azaltzen du. “Baina paisaia hori hor zegoen guk begiratu baino lehen ere”, dio.
Itzulpena egiteko, Zabaletak baliabide ugari erabiltzen ditu: hiztegiak, korpus-arakatzaileak, testu beraren beste hizkuntzetarako itzulpenak —kasu honetan gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak— eta Nataliya Myslyvets, bere errusiera irakaslearen laguntza. “Euskaraz ez daki, baina esaldiz esaldi errepasatzen dugu itzulpena (nik euskaratik gaztelaniara itzuliz eta komentatuz), dena ongi ulertu eta adierazi dudan kontrolatzeko”, azaltzen du. Euskaratzen den Txukovskaiaren lehen liburua da hau, baina Zabaletak baditu beste batzuk itzuliak, prest.



Libro recomendado:


Más artículos sobre este tema